Umorez ere gauza serio asko esan daitezke

aginAgin Laburu, bertsolaria
Bertsolaria ez ezik, sagardogilea, kazetaria eta irrati esataria ere bada Laburu (Astigarraga, 1985), eta 2011tik Astigarragako Udalean zinegotzi ere bai. Kazetaritza alde batera utzia du momentuz, Ipintza (www.ipintza.com) sagardotegiko lana dela-eta. Hain juxtu, Korrikari laguntzeko ekimen berezia jarri dute martxan Ipintzan: ostiral gaueko 28 euroko menu bakoitzeko (sagardotegiko menu tradizionala, aldez aurretik eskatu beharrekoa), 2 euro Korrikari bideratzen dizkiote. A urten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan hartuko du parte, hurrengo Euskal Herriko Txapelketarako txartela lortzea helburu.

Esataria, bertsolaria... ez zara isilik egotekoa!
Ez. Batez ere, gauza asko esan nahi izaten direlako bai batean, bai bestean. Hitz egitea inportantea izaten da, baina entzuten jakitea ere bai. Bertsotan, sagardotegian zein udaletxean, hitz egitea baino inportanteagoa da entzuten jakitea.
Korrika Lagun berezia da Ipintza...
Euskara eta Kultura zinegotzia naiz Udalean, eta bertsotan ere euskaraz jardunda, esan beharrik ez dago euskararekiko badugula sentsibilizazioa, ezta? Horri lotuta, sagardotegian ostiraletan eskaria jaisten ari zela ikusita, pentsatu nuen izan zitekeela bi txori tiro batez botatzeko aukera, eta denok irabaztekoa. Hartara, jendea zalantzatan badago zein sagardotegitara joan, eta euskaltzalea baldin bada, plusa izan daiteke gurea aukeratzeko.
Bertsolaria izanda, gustura sagardotegian? Edo lanean ahaztu egiten da hori?
Norberari bai, baina besteei ez. Ezagu­tzen nautenean, gogaikarri samarra izaten da. Jendeak uste du ni ere parrandarako nagoela, baina, jakina, sagardotegian lanean mila gauza dauzkat buruan, beraz, kosta egiten da bi alderdi horiek batzea. Afaltzera noanean, ordea, bai, hor ez daukat arazorik.
Bertsotako eskarmentuak balio izan dizu esatari lanetan, edo alderantziz?
Askotan egin didate galdera hori eta, egia esan, ez dakit. Teorian badirudi baietz, baina nik bi erregistro erabat ezberdinak erabiltzen ditut kazetari lanean eta bertsotan. Pentsatzeko modua ere aldatu egiten da. Bai hizkuntza aldetik, bai tonu aldetik, oso bestelakoak dira. Orduan, ez nuke esango batak besteari laguntzen dionik.
Eta plazako eskarmentuak udalbatzan?
Bai, hor bai. Batez ere erantzuteko garaian, edo norbaitek zerbait esan eta bere argudiotik hari-punta bat hartuta erantzuna eraikitzeko garaian. Halakoetan, nik uste badaukala zerikusia, une batzuetan, bertsotan erabiltzen dugun dialektikarekin.
Entzuleak hunkitu ala barre eginarazi. Zer nahiago?
Biak batera. Batak ez du bestea kentzen. Bertsolari batzuk umorezko bertsolari moduan sailkatzea, hori izaten da putakeria askotan. Bertsolari horri kosta egiten zaio jendea hunkitzea, sinesgarritasun hori ukatu diotelako.
Umorea oso serio hartzen duzu.
Bai. Inportantea da, umorez ere gauza serio asko esan daitezke. Gustatzen zait umorea, baina beste erregistroak lantzeko betorik ez diot jartzen nire buruari. Umorea tokatzen denean, umorea egiten saiatzen naiz. Gaiak edo egoerak beste Agin bat eskatzen didanean, serioagoa edo hunkigarriagoa, beste Agin hori ateratzen saiatzen naiz.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Kezkarik ez edukitzeak.
Eta tristatu? Kezka asko edukitzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Neure buruak.
Eta negarra? Neure buruak, era berean.
Zerk haserrarazten zaitu? Nahi eta ezinak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Nahi eta ezinak segitzen duela nahi eta ezin izaten.
Bizio bat: txiste txarrak.
Sagardoa, txotxetik ala botilan? Udan eta botilan.
Bertsolari bat: zertarako den... Niretzat eredu garbienak Unai Agirre eta Maialen Lujanbio dira. Unai imitatzen saiatzen naiz, baina Maialen, idoloa... ezinezkoa da imitatzea.
Txirrindulari bat: batzuk ere badauzkat... Thor Hushovd.
Eñaut Mitxelena