Sasi gehiegiren gainetik...

 

 

 

Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean, milaka euskaltzale batu ziren Donostian, iragan otsailaren 28an, Kontseiluak deituriko manifestazioan. Hizkuntz politikaren esparruan azken hileotan hainbat administraziok, ia guztiak udalak, jasandako “injerentziak” salatzea zuen helburu, hala nola babesa agertzea  administrazio horietako arduradunen jarrerari. Izan ere, azkenaldian ez dira gutxi euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko neurriak hartu ostean errekerimendu eta helegiteak jaso dituztenak. EAEn, esaterako, 75 udalerriri jarri dizkiote halakoak Carlos Urkixo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren aldetik; Nafarroako Gobernuak ere antzera jokatu du zenbait kasutan; eta Frantziako estatuaren ordezkariek, bertsu. Nahiz eta jatorri eta jite ezberdina izan, ekinbide horiek euskal hiztunen eskubideak aintzat hartzen dituzten hizkuntz politikak dituzte jomugan. Bizi duten egoeraren berri jaso eta aurrerantzean izango duten jokabidea ezagutu nahirik, udal horietako biren ordezkariengana eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) lehendakariarengana jo dugu. Eñaut Mitxelena,  Egoiz Zelaia, M. Egimendi.

maitaneEpaitegietarat jo behar badugu, joko dugu, eskubideak baitaude jokoan”
2014ko abuztuan onartu zuen Baztango Udalak Euskara Plana. Udaletxean euskararen erabilera ziurtatze aldera, planak hainbat ekintza zehazten zituen. Urtarrilean, baina, Nafarroako Gobernuak paratutako inpugnazioa iritsi zitzaien Udaletxera. Kezkaz hartu dute erantzuna, baina planari eusteko asmoa agertu du Maitane Maritorena Baztango Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak.

Kezka agertu dugu, hain zuzen ere, ikusten dugulako behin eta berriz jotzen dutela euskara babesteko, sustatzeko, bulkatzeko… euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko lanean ari diren udalen kontra” dio Maritorenak. Nolanahi ere, Gobernuaren erantzunak ez ditu ustekabean harrapatu.
Besteak beste, euskara udaleko hizkuntza izan dadila eta zerbitzuak euskaraz eman daitezela bermatu nahi dute euskararen erabilera normalizatzeko planaren bitartez. Inpugnazioa arrazoitzeko, planean zehazturiko zenbait helburu jakinen aurka egin du Gobernuak, “Nafarroako Euskararen Legeak (abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Legea, 29/2000 Foru Dekretua) eta Baztango Euskararen Ordenantza bera urratzen ditugula esanez”. Alta, 2011n onartu zuten Baztango Euskararen Ordenantza, baina, orduan, gobernuak ez zion inolako oztoporik ipini. Baztango UPN abstenitu egin zen, “nahiz eta alegazioak aurkeztu zituzten”. Berez, ordenantza eta Euskara Plana “bata bertzearen osagarriak dira”, Maritorenak azaldu duenez. Lehenak artikulu orokorrak jasotzen ditu; bigarrenak, berriz, “helburuak bermatzeko ekintza zehatzak proposatzen ditu, alorrez alor”.
Justuki, bigarren hori salatu du Nafarroako Gobernuak, hainbat helburu zehatzen kontra jota. “Adibidez, planean paratu genuen udal webgunea euskaraz irekiko dela. Nafarroako Gobernuak dio webgunea euskaraz irekitzen bada lehenik, ez litzatekeela egonen gaztelaniaz ikusteko aukerarik. Bitxia badirudi ere, Baztango Euskararen Ordenantzaren 7.2 artikuluak zera dio: Udalaren webgune(eta)ra sartutakoan, euskarazko bertsioa agertuko da lehenbizi, eta orri horretan bertan egonen da gaztelania eta gainerako hizkuntzak hautatzeko aukera, horrelakorik badago”. Halaber, ahozko harremanen atala ere aurkatu du. Hau da, udaletxean telefono-deiei erantzuteko eta herritarrekin aurrez aurre mintzatzeko lehen hitza euskaraz izanen dela zehazten duena.
Bestelako ekintza batzuk ere jomugan jarri dituzte. Esaterako, paisaia linguistikoari dagozkionak: planean zehazten da errotulazioak, oharrak eta seinaleak euskaraz egonen direla. Hori bai, Maritorenak argitu duen moduan, “Udalak piktogramen alde eginen du, irudiak ulerterrazak direlako”. Era berean, gutun-azalak, orriak, egutegiak… euskaraz egongo dira. “Bada, ‘todo ello indica una clara preterición del castellano’ argudiatzen dute. Tira, argudio hitza erabiltzea soberaxko iruditzen zaigunez, Nafarroako Gobernuaren aitzakia da plan honekin gaztelania bazter­tzen dugula”. Baina, Maritorenak dioen bezala, “planean behin eta berriz ageri da indarrean dagoen legeria eta herritar guztien hizkuntz eskubideak errespetatuko ditugula. Nafarroako Gobernuak udaletxerat igorritako txostenean ere horixe bera dio, baina, nonbait, ez du sinesten hori eginen dugunik, nahiz esaldi horiek ageri direla aitortu, praktikan legeria eta eskubideak urratzen ari garela baitiote”.
Haatik, Maritorenaren iritziz, “leporatzen digutena da beraiek etengabe egiten dutena”. Hau da, Baztango errealitateak bestelako egoera erakusten du: “Nafarroako Gobernuak zerbitzu gehienak gaztelania hutsean eskain­tzen dituen bitartean, bazterkeria leporatzen digute herritar guztien hizkuntza eskubide oro errespetatzen dugun udaloi. Noren ahotik eta euskaldunoi bigarren mailako herritar izaera eskaintzen digun Nafarroako Gobernuaren ahotik hori aditu beharra iraingarria da”. Maritorenaren hitzetan, “beraiek euskal hiztunokin eta euskararekin egiten dutena gainerakook gaztelaniarekin egiten dugula diote, jakinki gezurretan ari direla. Nafarroako Gobernukoek jakin badakite hizkuntza dela herri honen bihotza, hizkuntzak egiten gaituela. Hortaz, herri honen berezko hizkuntzaren (lingua navarrorum) kontra egiten dute. Hizkuntzaren gibelean, hiztunak gaude, herritarrok. Beraz, hizkuntzaren kontrako arau-hauste bakoitza, urraketa bakoitza, giza eskubideen aurkakoa da; gainera, hizkuntz eskubideak ez dira bigarren mailako eskubideak!”.
Erasoak eraso, Maritorenak berretsi du Baztango Udalak planari eutsiko diola, “baztandarren eta herri honen hizkuntza eskubide guzti-guztiak errespetatuta. Planarekin aitzinerat jarraituko dugu, euskararen erabileraren normalizazioan urratsak emanez, eta, oztopo guztien gainetik, euskara administrazioaren hizkuntza izan dadin ziurtatuz. Horretarako, beharrezko baliabide guztiak erabiliko ditugu”. Hala, aholkularitza juridikoak esango dienaren zain dira Baztango Udalean, “baina epaitegietarat jo behar badugu, joko dugu, eskubideak baitaude jokoan”. Azken batean, Baztango errealitate soziolinguistikoak argi erakusten du euskaldunen hizkuntz eskubideek bultzada behar dutela: “Baztanen, biztanleen % 70 baino gehiago dira euskaldunak, euskara da bertako berezko hizkuntza. Euskara egoera diglosikoan, minoritarioan eta minorizatuan dago, laguntza eta babesa behar ditu aitzinerat egin nahi badu”.

if

“Hizkuntza baten estatusa lortzea ez da aski, baina beharrezkoa da”
Kanpoan euria ari du, eta kafe bero bana atera du If Matxikotek. Matxikote, margolaria eta diseinatzailea izateaz gain, Uztaritzeko Herriko Etxeko Hizkuntza Politikarako hautetsi arduraduna da. Euskara ikasi zuenetik, euskalgintzan eta herri mugimenduetan dabil.


Uztaritzeko herriko etxeak urrats ausarta eman zuen bere herrian euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuenean. “Hauteskundeetarako taldea osatu genuenean, gure programan jarri genuen. Hizkuntza baten estatusa lortzea ez da aski, baina beharrezkoa da, estatusak halako izaera ofiziala ematen duelako. Beraz, gure lehen erabakia izan zen euskarari estatus ofiziala ematea, jakinik frantziar konstituzioarekin talka egiten genuela.” Ezohiko bidea da galduko den borroka bat hastea; are gehiago azken muturrera eramatea. “Erakutsi nahi genuen ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideak oinarrizko eskubideak direla. Usu, euskararen afera apaingarri gisa hartzen da, ez sakonki. Estatuaren aitzi­nean, pisuzko argudiaketa emateko aukera ukan dugu, eta haien parean jarri gara, jakinaren gainean legea beraien alde dela. Horrek, dena den, badu kostu politikoa beraien­tzat: ezin dute erran hizkuntzak babesten dituztenik” dio Matxikotek.
Azkenean, eta espero bezala, auzitegiek legez kontrakotzat jo dute euskara Uztari­tzen ofiziala izatea. “Bai, prefetaren jarrerari dagokionez ez da sorpresarik izan. Auzia bi zatitan banatu da: bata formari buruzkoa eta bestea edukiaren gainekoa. Bi auzietarako txosten bera egin eta aurkeztu zuen prefetak. Nahiko garatuta eta ongi adierazten du jakobinismoaren muturra nondik nora doan. Frantzian hizkuntza bakarra da, eta frantsesa da hizkuntza hori. Izenpetzen ahal dituzte kultur aniztasunaren aldeko Europa edo mundu mailako hitzarmenak, baina praktikan arrunt ezarleak dira, kultura bakarrekoak eta gurearen kontrakoak. Abenduko auzian, magistratuek gure alde egin zuten; prokuradorearen edo prefetaren auzia babesteko iri­tzia eman behar zuten, baina estatuaren kontra joan, konstituzioaren kontra joan eta gure alde egin zuten, gu babestuta, nahiz eta biharamunean, ahoz, kontrakoa erran.” Eztabaida sortze hutsa garaipena da, izan ere, “Euskal Herriko zenbait eremutan euskara ez da batere ofiziala, eta arrunt ukatzen da. Halako herri batentzat eta Euskal Herriari begira, honelako urrats bat biziki garrantzitsua da”.
Epaitegietan auzia galdu da, eta epaiak beren horretan utzi ditu gauzak. Egindako bidea hor da, bederen. “Horregatik egin dugu dena batzarretan. Gure ideia zera zen: herriko etxe aldaketa gertatzen bada, eta euskararen ofizialtasuna atzera bota nahiko balute, horren kontra bozkatu beharko lukete. Publikoki eta batzarretan. Behartzen ditugu, beraz, euskararekiko beraien benetako jarrera azaltzera. Ez da hala izan, eta heldu direnek berriz ahalko dute erran euskararen alde direla, nahiz eta euskararen alde fitsik egin ez”.
Bide luzea da, eta aitzinera joateko moduak ere mila. “2008ko gutun bat atzeman genuen Euskal Erakunde Publikoaren lehendakariak eta prefeta batek izenpetua; bertan erraten da badela eskubidea dokumentu guztiak bi hizkuntzetan eta maila berean erabiltzeko. Aplikazioa zeharo borondatezkoa bada ere, guk hori aukeratu eta muturreraino gauzatuko dugu”. Uztaritzen, beraz, lanean dabiltza herriko lantegi, jatetxe, ostatu, eskola eta herriko etxean bertan  euskara normaltasunez har dadin.

maren

“Urkixok mapatik kendu nahi du euskara, ofizialtasuna zalantzan jarrita”
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) etorkizuneko Euskal Herri euskaldunaren alde ari da lanean. 1991n sortu zen 17 udalerri batuta, eta gaur egun 72 biltzen ditu, Hego Euskal Herriko herrialde guztietakoak. Azken aldian, ordea, oztopo handiak gainditu beharrean da bere eginkizunari eusteko. Maren Belastegi (Bergara, 1986) da UEMAren lehendakaria.

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkixoren helegiteena ez da kontu berria, Berastegik dioenez: “Orain aktekin dabil buru-belarri, baina legealdia hasi zenetik dihardu poliki-poliki lanean. 100 bat errekerimendu daude euskara planengatik eta kontratazioetan eta diru-laguntzetan hizkuntz irizpideak ezartzeagatik”.
Gauzak horrela, eta UEMAren eskariari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak bere legelariek egindako txosten bat aurkeztu zuen abenduaren 16an. Horren arabera, errespetatu egin behar dira herritar guztien hizkuntz eskubideak (baita euskaraz ez dakitenenak ere), baina legezkoa da, halaber, administrazio guztien arteko harremanak euskara hutsean izatea. Berastegik dio “txosten horretan” oinarrituko direla epaitegietan. Aktak euskara hutsean bidaltzea legezkoa izanik, Berastegik argi du Urkixorena erabaki politikoa dela, “euskara mapatik kendu nahi du, ofizialtasuna zalantzan jarrita. Haren ustez, euskara ofiziala da, baldin eta gaztelaniaren ondoan badago”.
Legea alde eduki arren, Berastegi ez da oso baikorra: “Gure aholkularitza juridikoak ez digu ziurtasunik eman, legeek irakurketa ezberdin asko egiteko aukera ematen dutelako. Txostena oso positiboa da, Eusko Jaurlaritzaren babesa dugula esan nahi du, baina…”. Aurrekariak ez dira onak: gai berarekin, pasa den uztailean Lekeitioko Udalaren aurkako epaia eman zuten. Eusko Jaurlaritzaren babesari dagokionez, Berastegik zalantzak ditu: “Txostena egin zuenez, epaiketan ager zedin eskatu genion, bere eskumena delako Euskararen Legea, baina ezezkoa eman du: udalen kontua omen da”. Luze joko du, gainera, prozesu honek, “urtebete gutxienez”.
Bitartean, udalerri batzuek atzera egin dute eta akta edo laburpen elebidunak bidaltzen hasi dira: “Batzuk ataka txarrean daude: oso txikiak dira, ez dute aholkularitza juridikorik, kostu ekonomikoa handia da…”. Aurrera egin dutenen kasuan, “epaiketan ikusiko da benetan lege babesa dugun ala ez”. Azkenaldian euskararen normalizazioan emandako aurrerapausoak “egun batetik bestera galtzeko sekulako arriskua” ikusten du Berastegik.
Alabaina, UEMAk lanean jarraitzen du: udaletarako euskara planak egin (ahozko zein idatzizko barne erabilera, kanpora begirako zerbitzuak, hizkuntz irizpideak…); hainbat zerbitzu eman (merkataritza euskalduntzeko, familia transmisiorako materiala…); kanpainak burutu beste administrazio batzuek (osasungintza, errenta aitorpena…) euren zerbitzuak euskaraz eskain ditzaten; tailerrak sortu arnasgune diren udalerrietan herritarrak kontzientzia­tzeko, kontura daitezen zein paper garran­tzitsua duten euskararen normalizazioan… Belastegiren ustez, “administrazioak eredu izan behar du, herritarren hizkuntz eskubideak bermatu. Udalerri euskaldunetan, herritarrak bizimodu osoa euskaraz egiteko aukera izan behar du”.
UEMAren berehalako erronken artean dago orain udalerri euskaldunetan arreta berezia jartzea: “Azken urteotan, euskararen erabilerak atzera egin du horietan, egungo euskara zerbitzuen hizkuntz politikak nahikoak ez diren seinale. Zeharkako hizkuntz politikak egiteko ordua iritsi da”. Baita Euskararen Legeak (EAEkoa zein Nafarroakoa) aldatzekoa ere: “EAEn udal lege berria izapidetzen ari denez, une egokia da orain. Udalak etorkizunean lege horretan oinarrituko dira, oso garrantzitsua da euskara kontuan izatea. Jaurlaritzaren proposamenak ez dio erreparatzen udalerri euskaldunen berezitasunari, baina adostasun zabalarekin onartzen da euskararen normalizazioan arnasguneek oso paper garrantzitsua dutela, beraz, adostasun hori praktikara eraman behar da; hots, instituzio eta eragileek Euskararen Legea aldatu behar dute, arnasguneak babes ditzan. Horrez gain, lurralde antolamendu eta hirigintza planetan ere beharrezkoa da eragin linguistikoa aztertzea eta neurri zuzentzaile lotesleak planteatzea, ingurumenarekin egiten den moduan. Nafarroan, berriz, zer esanik ez”.