Zein da Korrikaz duzun lehen oroitzapena?

ikamika

Euskahalduntzeko deia lau haizetara zabalduz, Korrika Euskal Herrian barrena ibiliko da martxoaren 19tik 29ra, Urepeletik Bilbora. Dagoeneko milaka eta milaka euskaldun eta euskaltzale gogotsu izango dira euskararen aldeko lasterketa erraldoia noiz hasiko, ekimen maitatua delako Korrika, jendearengan zirrara berezia eragin eta nekez ahazten dena. Lasterka eta izerditan bada ere, zaila izaten da korrikalarien artean irribarretsu ez doanik ikustea. Gazte zein heldu, haur nahiz adineko, bi urtetik behineko hitzordua saihestezina da. Astegunean izan edota asteburuan, egun argiz edota ordu txikitan, oroimenean ongi iltzatu ohi dira errepideko bizipenak. Eta zuek? Gogoan duzue noiz eta nola ezagutu zenuten Korrika? Zer-nolako sentipenak eragin zizkizuen lehen aldi hark? Portugaleteko Xaribari AEK euskaltegiko goizeko C1 taldea.

1. Garazi

Nire lehenengo Korrikaz oroitzen naizenean, ilusioz egiten dut. 1994. urtean izan zen; hau da, nire belaunaldikook 5 urte genituen, haur eskolako 3. mailan geunden. Aitak sorbaldan eraman ninduen Korrikara eta, harrezkero, Korrika guztietara eraman gaituzte; beti euskararen alde, jakina!
2. Ainhoa

Korrikan izan nintzen lehenengo aldian 6 urte nituen. Osabak kilometro bat erosi zuen eta Elai Alai dantza taldeari eskaini zion. Orduan, Korrika Portugaletetik pasa zenean, ahizpa, aita eta hirurok zain geunden korrika egiteko prest.
3. Verónica

Era gozoan gogoratzen dut nire lehen aldia Korrikan; txikia nintzen, aita eta biok joan ginen  Muskizetik Abantoraino. Joan den urtean, lehengusinak eraman zuen lekukoa eta oso momentu polita izan zen guretzat. Familietan, belaunaldiz belaunaldi transmititzen da sentimendua, eta sortzen den giroa ezin hobea izaten da.
4. Juanma

Lehenengo Korrika da nire aurreneko gomuta, eta emozio hitza datorkit burura. Izan ere, estreinako ekitaldi hartan dena zen berria eta ez genekien zertan zetzan, korrika egitearena salbu. Lehenengo edizio hura goizean goiz heldu zen gure herrira; bat-batean, denok batera korrika eta "KO-RRI-KA" oihuka.
5. Iñigo

Egun badakit txikitatik ospatu dudala Korrika; hala ere, nire oroitzapenez baliatu behar banaiz, institutu garaian kokatuko nuke lehenengoa. Jaieguna izaten zen; aurreko astea petoak margotzen ematen genuen eta, eguna heldutakoan, ez zen eskolarik ematen. Ikasleak eta irakasleak bat eginda ateratzen ginen Korrikaz gozatzera. 

6. Itziar

Korrika ikusi nuen lehen aldia lau urterekin izan zen. Aitak futbol taldeko kideekin hartu zuen parte, horregatik joan ginen ama, neba eta hirurok Bilbora, zelan egiten zuen ikustera eta, noski, animatzera!