I. Mundu Gerra Gerra: mundu bat

hilerria

Lehen Mundu Gerran euskaldun anitz zendu zen, baina zergatik joan ziren gerrara? Beraien borondatez joan ote ziren? Nola aritu ote ziren gerra hartan? Zeinen alde? Zeinen aurka? Eneko Bidegainek 2014. urtearen hondarretan argitaratu zuen bere azken lana: Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria saiakera. Bertan azaltzen du euskal herritarrok Lehen Mundu Gerran ukandako parte-hartzea, eta gerrak berak Euskal Herrian utzi zuen ondorioa. Ezinbesteko lana da egun gertatzen diren gauza anitz konprenitzeko. Egoitz Zelaia.

Itxi begiak. Pentsatu zure aitatxi edo amatxirekin. Orain, oroitu zure aitatxi edo amatxiren gurasoak. Oharkabean, 1880. urte ingurura heldu gara. Demagun Fran­tziako estatuan gaudela. Errealitatea da frantsesa hizkuntza gutxitua dela, eta lurralde frantsesean hogeita hamar hizkuntza inguru mintzatzen dela naturalki. Haietako bat euskara da . Frantziako lurraldeko per­tsona gehienek ez dakite frantsesik. Fran­tzia galdu duen gerra batetik dator. Ikatz eta burdina ugari dituzten Alsazia eta Lorrena galdu ditu Alemaniaren aurka. Ten­tsioa handia da Frantziako goi-mailako jendearen artean. Umiliazio sentsazioa.
Hogeita bost urte berantago, 1905ean, Frantziak eskola laikoa sortzen du. Eskola publikoa. Frantsesa hizkuntza nagusi gisa hasten da hedatzen Frantziako lurralde osoan. Eskola erabiltzen da Frantziaren eta frantsesen aldeko atxikimendua lortzeko. Nazio baten ideia saltzen da, eta eskolak “soldaduak” sortzeko baliatzen dituzte. Frantziak modernismoa sinbolizatzen du, Europa berria. Ez da konkistatzaile jarrerarekin hedatzen. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ideia nagusitzen da: “Euskalduna zarelako zara frantsesa”. Zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta frantses hobea izanen zara, eta nork ez du modernoa izan nahi?
Unea iritsi zenean, hosto lehorrak, idortutako adaxkak eta zahartutako enborrak prest ziren, sua pizteko eta gerra egiteko prest.
Alemaniak euskaldunek izan nahi ez zuten guztia ordezkatzen zuen. Izan ere, alemaniarrak frantziarren antitesi bihurtu zituzten; eskola laikoek alemaniarrak gorrotatzen irakatsi zuten, eta Frantzia babesten, ondoko sentipenaren arabera: “Nola ez dut, bada, Frantzia babestuko, Frantzia ni naiz-eta”.
Bestalde, zer ari zen gertatzen Hego Euskal Herrian? Bertan,1914ko gerrak ez du hainbesteko oihartzunik. Espainia, gerra batetik atera berritan eta miseria gorrian, neutroa izan zen. Diotenez, Espainiaren interesek aliatuen alde egitea ekarriko zuketen. Hego Euskal Herriko abertzaleek, aldiz, norbait sustengatzekotan, Alemania sustengatuko zuten, tesi nagusiaren arabera. Beraz, Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herritarrak beraien anaia-arreben aurka ariko ziratekeen.
Ikusmira zabaldurik, Lehen Mundu Gerra izan zen Bizkaia eta Gipuzkoako zati handi bat aberastu izanaren arrazoi nagusia, biak ala biak baitziren burdingintzan aski aberatsak. Bilbo Europako ontzigintzan nagusitu zen. Katalunia eta Euskal Herria Espainiako lurraldean industrializatutako eremu bakarrenetarikoak ziren.
Hala, "Lehen Mundu Gerra izan zen Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantsesteko kapitulu nagusia” dio Eneko Bidegainek. Frantziako Iraultzatik hasi zen frantsesaren aldeko mugimendua, hots, euskararen kontrakoa, eta egileak dio kolpe nagusia 1880 inguruan eman zela, eskola frantsesaren sorkuntzarekin batera. Lehen Mundu Gerra katalizatzaile edo bizkortzailetzat defini­tzen du. Baina nor da Bidegain?
Bidegain, tesiaren egile
Eneko Bidegain (1975) baionarra da. Idazlea, irakaslea eta kazetaria. Baionako AEKn lanean aritutakoa da, bai eta Euskaldunon Egunkarian eta Berrian ere, besteak beste. Baionako fakultatean irakasle ibilia da. Egun, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean jarduten du irakasle. Seigarren liburua du Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria saiakera. Aitzinetik bi nobela, bi kronika eta beste saiakera bat ere argitaraturik ditu. Bere tesia Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian (2012) izan zen, eta horri jarraiki atera berri du oraingo saiakera. Horrez gain, Eneko Bidegainek argitalpen akademiko andana du, bai eta dibulgaziozko artikuluak ere. Horien artean, azpimarratzekoa da  I. mundu gerraren eragina Ipar Euskal Herrian. Euskal Herriko historiari ekarpenak. (2011), besteak beste.
Argitaratu berri duen saiakera hiru atal nagusitan banatzen da: Pindarra, Sua eta Kea. Atalok arras ongi irudikatzen dute gerraren jatorria, gerra bera eta gerraostea. Aski erraz irakurtzen da dibulgazio xedea duen liburua.
Besteak beste, garai hartako bizimodua nolakoa zen kontatzen du Bidegainek: euskal soldaduak musean edo pilotan aritzen zirela, frantsesak ez bezala, futbola nahiago zutelako; fronteko lehen lerroan jartzen zituztenak, batik bat, behe-mailako pertsonak zirela, laborariak eta abarrak... 6.000 soldadu euskaldun inguru hil ziren, eta 14.000 bat desertzio izan ziren euskaldunen aldetik. Liburuan, garai hartako kronikak bildu ditu Bidegainek, euskaldunak nola borrokatu ziren edo non hil ziren kontatzen dutenak. Beste batzuen artean, Elizanbururen eta Zaldubiren erreferentzia literarioak baliatzen ditu.
Dena den, hobeki izanen da lubakietara sartzea eta lehen lerroetatik irakurtzen hastea, kronika xume hau irakurtzea baino. Horixe gomita, galduriko gerra bat izanagatik, oraingo gerrak irabazteko lehen urratsa.