Argia Eta Itzala, zerO... eta U

piztiak

Inauterietako larunbata, eguerdia, mozorroa soinean eta hitzordua Piztiak taldeko bi ondarrutarrekin. Josu Aranbarri eta Txomin Uribe garaiz iritsi dira. Astebete daramate elkarrekin egon gabe,  eta gauza asko dute elkarri esateko. Beraz, gurekin amaitu ostean, lanera. Izan ere, grabazioa amaituta, nahasketa prozesuan dabiltza buru-belarri. Txomin L. Aramaio. Argazkiak: Piztiak.

Duela sei urte atera zuen Piztiak taldeak beraren estudioko azken lana (Gabeko Kalapi­txixak, 2009).  Estreinakoz, auto-ekoizpena. Oraingo honetan ere, aldaketak aldaketa, bide bera hartu dute. Hori bai, berritasun batekin datoz:  crowdfunding kanpaina. Moda-modan dagoen on-line sistema berria  ipini dute martxan grabazioa diruz laguntzeko. “Euriaren zain (Gaztelupeko Ho­tsak, 2005) diskoaren salmentekin eta aurkezpenetan lortutako diruarekin grabatu eta autoekoitzi genuen Gabeko Kalapitxixak. Oraingo honetan, ordea, beste finantzaketa iturri bat behar genuen, eta, ondorioz, lagun­tza eskatu dugu” azaldu du Uribek. Martxan jarritako sistema arrakastatsua izan da oso. “Pozarren gaude lortutako emaitzarekin. Izan ere, aldez aurretik ipinitako helburua (1.500 euro lortzea) bete egin dugu”, azpimarratu du Aranbarrik. “Gure betiko zaleak, gure ingurukoak, ez daude horrelako gauzak egitera ohituta, horregatik beldur apur bat ematen zigun kanpainak. Baina den-dena primeran atera denez, ezin kexatu. Indarberrituta atera gara. Autoestimua areagotzeko balio izan digu”. Jendeak, beraz, erantzun egin du, eta eskuraturiko ekarpen horrekin grabazio estudioaren zati bat ordainduko dute. “Guk gure gain hartuko ditugu estudioa eta teknikariari ordaintzeko geratuko den zatia, edizioa, hedapena, materiala eta beti sortzen diren bestelako gastuak”.
Urte berriarekin batera hasi zen Ondarroako taldea U diskoa grabatzen Tio Pete estudioan, Jorge Lastra (Zea Mays, Splitt 77, Ama Say...) teknikariaren gidaritzapean. “Grabazioarekin oso gustura geratu gara. Argia eta itzala (Gaztelupeko Hotsak, 1998) eta Zero (Gaztelupeko Hotsak, 1999) ere bertan grabatu genituen, eta esperientzia errepika­tzea erabaki dugu”. Bederatzi egun eman dituzte grabazio estudioan taldeko lau kideek. Izan ere, Jesus Galan gitarristaren itzulerarekin osaera klasikoa berreskuratuta, Zero grabatu zuen laukote berberak grabatu du, 16 urteren ostean, taldearen zazpigarren diskoa. “Hirukote izatetik laukote izatera igaro gara, eta horrek eragina izan du gure erritmoan. Abesti batzuk gitarra bakarrerako eginak zeudenez, bi gitarrarekin jo­tzeko moldatu behar izan ditugu. Denbora dezente eman dugu horretan”. Uribe, Aranbarri, Galan eta Peio Larrañaga dira Piztiak.
500 kopia kaleratuko dituzte, baina horietatik 120 aurretik salduak dituzte aipatu crowdfunding kanpainari esker. Gainerakoak, Elkarrek banatuko ditu. Hori bai, kontzertuetarako ere gordeko dituzte kopia ba­tzuk. “Sarean, oraingoz, deskarga digitala ahalbidetuko dugu diskoa aurretik erosi dutenentzat, eta aurrerago ikusiko dugu zer egin. Deskargarako, hilabeteko epea egongo da behin sarean paratutakoan”.
Diskoa prestatzeko, ordu asko eman dituzte elkarrekin Uribek eta Aranbarrik. “Maitasun handiz eginiko lana izan da. Behar izan dugun denbora hartu dugu bai aurretik, baita estudioan ere”. Betiko legez, abestien musika bien artean egin dute, eta gero nork bere hitzak erantsi dizkie. Horrez gain, Txominen anaia gazte Kirmen Uriberen lagun­tza ere izan dute. “Kirmenek abesti biren hi­tzak idatzi dizkigu. Tartean, Aitzol Aramaiori eskainitakoa”.
Aurreko diskoan hartutako norabide musikalari eutsi eta han islaturiko heterogeneotasuna nabarmen daiteke disko honetan ere. “Alde batetik, desberdin samarra da,  hainbat musika estilo baliatu ditugulako: rocka, country kutsua duena... Baina, beste alde batetik, gu gara. Abestiak entzun ostean, nabari da Piztiak garela. Era berean, Jesus Galanen gitarrak indar erantsia ematen dio taldeari, bestelako ukitua”. Petti eta Santu­txuko Urtzi Lee (Urtzi Aio) ere estudioan izan dira luxuzko kolaboratzaile.
Hitzek kutsu positiboa dutela azpimarratu digu Uribek. “Aurrera egiteko hitzak atera zaizkigu: positiboak. Egoerari buelta eman eta aurrera segitzekoak. Baditu alde ilunak ere, Piztiakek beti eduki dituelako, baina, oro har, disko baikorra da”. Abestien izenei erreparatuta ere argi sumatzen da hori: Bizitzi marabilli de edo Ametsik ederrena, esaterako. Aurreko diskoan abesti batzuk euskara batuan idatzi ondoren, ondarrutarrez abestu zituzten; oraingoan, berriz, zuzenean ondarrutarrez idatzi dute bat baino gehiago: “Zuzenago, barrutik ateratzen zaiguna horixe da-eta”.
Normalean, nork bere abestiak, berak idatzitakoak, kantatzen ditu, baina oraingoan bada salbuespena. Izan ere, Uribek idatzi arren, Aranbarrik abestu du.  “Piztiaken historiako abestirik 'makarriena' da, eta Josuren ahotsean hobeto geratzen zen". 
Beti bezala, azalaren eta diseinu osoaren ardura Aranbarrik hartu du. Horrez gain, kanpainaren baitan, taldearen jarraitzaileek aukera izan dute  Aranbarrik aurreko diskorakoko egindako artelanak erosteko.
 Apirilaren 25ean, Bilboko Campos Eliseosen emango dute lehenengoko kon­tzertua, eta ostean etorriko dira Getxo, Ondarroa eta Azpeitia. Zuzenean jotzeko gogotsu daude, baina jendeak diskoa en­tzun dezan nahi dutenez, patxadaz hartuko dute. Presarik gabe. Euren erritmora, Piztiaken erritmora.