Sarean pasaka

PASAKA

Gaur-gaurkoz, paretaren kontra jokatzen dira euskal pilotaren modalitate zabalduenak. Haatik, egun errotuak egonagatik, ez dira sobera zaharrak. Oro har, XIX. mendearen erdialdean hasi ziren pleka jokoak. Alabaina, aspaldikoagoak ere badira: joko zuzenak, euskal pilotaren sustraiak. Joko zuzeneko modalitate batzuek sendo dirauten bitartean, beste zenbait desagertu egin dira. Esaterako, eskuzko pasaka. Oiartzungo Txost Pilota Taldea hori berreskuratzeko lanean dabil azken urteotan. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Argazkipress.

Pleka jokoak hedatu ahala joko zuzeneko modalitateek presentzia galdu bazuten ere, egundaino bizirik iritsi dira hainbat. Zehazki, lau: bote luzea, pasaka, laxoa eta errebotea. Bakoitzak bere aldaerak izan arren, oro har ezaugarri jakinak dituzte: bi zatitan banaturiko joko eremuan, paretarik erabili gabe (ez bada haren laguntzaz pilota bueltatzeko), aurrez aurre jokatzen dute bi taldek; eskuz edo tresnaz, talde batek besteari bota ohi dio pilota, eremua banatzen duen marra edo sarea gaindituta; eta tantoak kin­tzeka zenbatzen dira: 15, 30, 40 eta jokoa.
Modalitate bakoitzaren osasunari dagokionez, batetik bestera bada aldea. Eskuz edo eskularruz (laxoarekin) jokatzen den pasaka adibide: eskularruarekin jokatzen denak indartsu eusten dio Iparraldean eta Baztan aldean, baina eskuzkoa XX. mendearen amaiera aldera galdu zen. Alta, Oiartzunen landatu dute eskuzko pasaka berriz ernatzeko hazia, eta dagoeneko hasi dira fruituak jasotzen.
Euskal Herriko kirol eta kultur ondarea berreskuratzeko xedez, 2011n ekin zion Txost Taldeak eskuzko pasaka berreskuratzeari. Lehendik, 2004tik aurrera, errebotea berreskuratu zuten Oiartzunen. Biak ala biak, errebotea eta pasaka, modalitate garrantzi­tsuak izan ziren herrian garai batean. Esaterako, Beheko Plaza izenekoan, errebotean ari­tzeko plaza dute, 1750ean eraikia eta 2000ko hamarkadan berritua. Plaza berritzearekin batera hasi ziren errebotea berreskuratzeko lanean, Txost Taldeko kide Anton Mendizabalek dioen moduan, “ez duelako zentzurik plaza berreskuratzea jokoa berreskuratu gabe”. Lan zaila eta luzea izan zela dio Mendizabalek, hutsetik hasi behar izan zutelako: “Errebotea da azken joko zuzena; ondorioz, landuena da, teknikoki zailena. Saskiarekin trebakuntza handia eskatzen du, eta bertako mutilek arrastorik ez zuten saskia zer zen ere”. Iparraldeko entrenatzaile bat ekarrita, pixkanaka hainbat lagun trebatu zituzten. Hala, egun oiartzuarrez osatutako bi talde dituzte. Behin errebotea berreskuratuta, eskuzko pasakari heldu zioten Txostekoek. Aurrekoarekin ez bezala, pasakan lan handiagoa eskatu diete jokoa bera lantzeak eta garai bateko jokamoldeak ezagutzeak jokatzen ikasteak baino. “Trebatze lanean ez da arazorik izan, eskuz denez, errazagoa delako”.
80ko hamarkadan galdua
Eskuzko pasaka partidak Nafarroako Arantza herrian jokatu eta ikusi ziren azken aldiz. XX. mendeko 80ko hamarkadara arte jokatu zuten bertan pasakan, nahiz eta arantzarrek “trinkete” izendatu. Mendizabalek dioenez, “erabat egiaztatuta dago Elizondon, Lesakan, Arantzan eta Oiartzunen eskuzko pasakan ari­tzen zirela. Badirudi Elizondon 70eko hamarkadan galdu zela; Lesakan, agian, lehenago; eta Arantzan azkenik”. Azkenaren kasuan, ahozko lekukotasunak bildu ahal izan dituzte pasakaren nondik norakoak ezagutzeko. Dokumentazio lanean ere aritu izan dira, hango eta hemengo artxibategiak arakatzen eta testigan­tzak biltzen. Hala lortu dute desagerturiko jokoaren arau eta beste hainbat jakingarri ezagutzea. Nolanahi ere, Mendizabalen irudiko, “lan handia egin beharra dago pasakak zenbaterainoko hedapena izan zuen jakiteko. Pen­tsatzen dugu oso zabaldua zegoela, lekukotasunak ere entzun ditugu, baina ez ditugu ikertu. Geneukana nahikoa zen eskuzko pasaka berriz ere martxan jartzeko. Gehiago sakontzeko, herri bakoitzak berea begiratu eta aztertu behar du”.
Hala egin dute oiartzuarrek, eta, jasotako informazioa baliatuta, 2012an antolatu zuten herrian lehenengo pasaka txapelketa. Hori bai, jokoaren zenbait ezaugarriri erreparatuz gero, “aldaketatxo batzuk sartu genituen. Pilotei dagokienez, Arantzako pilotagilearekin izan ginen, nolakoak ziren jakiteko. Guk material hori ez dugu bere horretan erabili, hau da, egungo ohituretara moldatu dugu pixka bat modernoagoa egiteko, biziagoa, eta neskek jokatzeko modukoa izateko. Bestela, jokatzeko arauei dagokienez, oso-oso antzekoak dira herri batzuetan eta besteetan. Zertxobait alda­tzen dira, baina deus gutxi. Horretan, herri bakoitzak bere nortasuna dauka, bere aldaera”.
Aldaerak aldaera, eskuzko pasaka ez da joko zaila. Joko zuzenen artean, errazena da. Zailduta ez dagoenaren begietara, tenisaren traza hartzen du. Paretadun plazetan, arkupeetan, trinketeetan eta ezker paretadun frontoietan joka daiteke; paretak baliatzen dira pilota errebotez bueltatzeko. Kantxa bi eremutan banatzen da, 1,20 metroko altueran ipintzen den sare batekin; normalean, binakako taldeekin jokatzen da (noiz edo noiz, pilotalekuaren arabera, hirunaka ere bai), eta sarearen alde batetik bestera bidaltzen diote pilota lehiakideek elkarri. Arestian aipatu lez, tantoak kintzeka eta jokoka zenbatzen dira.
Erantzun ona
Erraztasun horregatik-edo, arrakasta izan du pasakak. Herrian txapelketa lehenengoz antolatu zutenetik, urtetik urtera gora egiten du parte-hartzaileen kopuruak. Hala, iaz, 30 bikotek baino gehiagok hartu zuten parte: pilotari federatuak eta federatu gabeak, bai Oiartzungoak, baita beste zenbait herritakoak ere. Txosteko kide Joxe Mari Mitxelenaren hitzetan, “sorpresarik handiena neskena izan zen. Neska batzuek eskatuta, iaz egin genuen emakumezkoen lehenengo txapelketa, eta erantzun ona izan zuen”. “Espero genuen neskentzat aproposa izatea, eta hala izan da” gaineratu du Mendizabalek.
Pentsatzen genuen ez zela oso zaila izango, baina ez genuen espero hain azkar berreskuratzerik, jendeari hain erakargarria suerta­tzerik” dio Mendizabalek. Finean, “harrapatu egiten zaitu. Probatzen duten gehienek ez dute uzten. Jende askok du gustuko pilotan aritzea, baina, jakina, gaur egungo eskupilota badakigu nolakoa den: eliteari begira dago antolatua, pilotak oso gogorrak dira, pilotariak indartsuak... Horren ondorioz, jende askok albo batera uzten du. Eskuzko pasakan, aldiz, pilotak ez du minik ematen eta ez da derrigorrezkoa indartsua izatea. Batzuetan garrantzi­tsuagoa da abila izatea, malgutasuna edukitzea, lurrera botatzea... Ezker paretarena ez bestelako trebakuntza eskatzen du, eta horrek zabaldu egiten du pasakan aritu nahi dutenen jende esparrua”. Mitxelenak dioen moduan, “ez dago eskuko minik, eta gakoa ez da indarra, baizik eta abilezia, bista, burua, estrategia...”.
Ezker paretan, helburu bakarra tantoa egitea da; pasakan, ordea, ez. Pasakan, bi kontzeptu nagusi daude: tantoa egitea eta lekua berreskuratzea. Jokalekuan,sareak banaturiko bi eremuak ez dira berdinak; bata bestea baino hobea izaten da. “Hortaz, askotan nahiago izaten da kintzea galdu eta lekua mantendu edo berreskuratu; estrategia ere garrantzitsua da” zehaztu du Mitxelenak. Mendizabalen iritziz, horrek “askoz aberatsagoa” egiten du pasaka.
Azken batean, Txostekoen ustez, osagai ugari ditu arrakastarako. “Pasaka oso modalitate interesgarria iruditzen zaigu. Zaharra eta gure ondare garrantzitsua izateaz gain, oso modernoa da. Hau da, ederki egokitzen zaie egungo baldin­tzei: merkea da, ez da gainerako joko zuzenak bezain konplikatua eta, horiek ez bezala, babesean joka­tzen da. Bestalde, paddle eta halako kirolak modan daude, eta hau antzekoa da. Horregatik, irudi­tzen zaigu modernoa dela, eta etorkizuna duela”. 2012tik antolatutako txapelketa, esaterako, sendotu egin da. Maiatzetik abuztura jokatzen dute, aipaturiko bi mailetan, eta aurten Gipuzkoako Txapelketa izena ipiniko diote, “nolabaiteko ofizialtasuna emateko”. Dena dela, jendeari urte osoan jokatzeko aukera eskaintzeko asmoz, Pasakalari izeneko ekimena sortu dute. WhatsApp bidez, jokatu nahi dutenak elkarrekin harremanetan jarri eta Oiartzungo Iturriotz auzoko frontoian egiten dituzte hitzorduak, “jendeak bere kabuz, guk ezer antolatu gabe, joka dezan. Oso interesgarria da, jokoa sustatzen duelako”. Edonork eman dezake izena pasakalarien zerrendan.
Jokoa bera sustatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera abian jarritako planari esker Gipuzkoan herriz herri erakustaldiak eta hitzaldiak eskainita, guztiz galdurik zegoen jokoa biziberritzen ari da Txost Pilota Taldea, hala Oiartzunen bertan, nola beste hainbat herritan: Donostian, Villabonan, Asteasun, Elgetan, Zarautzen... Halere, ondare historikoa berreskuratzeko partida ez da pasakarekin amaituko. Orain arteko urratsak baliatuta, hurrengo helburua finkatu dute: bote luzea berreskuratzea. Horretarako, elkarlanean dabiltza Euskal Herriko jende askorekin, eta “aurten bote luzeko taldea sortzeko asmoa dugu”. Jarrai dezala partidak!

Arkupeen garrantzia

Estalpean jokatzen den joko zuzena izaki, horretarako propio sorturiko eraikinekin zuzeneko lotura izan du pasakaren bilakaerak. Ildo horretatik, Txost Taldekoek uste dute XVII. mendetik aurrera eskuzko pasaka erabat zabaldua zegoela Gipuzkoan. Hau da, udaletxeetako arkupeak egitearekin batera zabaldu zen modalitatea. Arkupedun udaletxeak eraikitzen hasi aurretik, elizgizonak eta jauntxoak aritu ohi ziren pasakan, euren komentu edo jauregietan taxuzko estalpeak eraikitzeko nahikoa diru zutenak. Baina XVII. mendetik aurrera, udaletxe asko eraikitzeko orduan kontuan hartu zuten pilotan aritzeko aukera, beraz, halakoak ugaritu ahala, pasaka ere herrikoitu egin zen. Horren adibide behinena Oiartzungo udaletxea da, 1678an eraikia. Kontzejupea (hala deitzen diote Oiartzunen udaletxe azpiko arkupeari; Arantzan, berriz, gorapia) garaia da, pilotan aritzeko aproposa. Gainera, oraindik ere ederki ikus daitezke pasaka jokoaren aztarna fisikoak: sarea lotzeko uztaia paretan eta errebotea eransteko arrastoak harrietan. Dokumentuetan ere topatu dituzte hainbat aipamen. 1678koa da, adibidez, udalbatza bitartean kontzejupean pilotan aritzea debekatzen duen dokumentua. 1650ekoa, aldiz, meza nagusiak eta hileta elizkizunak egiten ziren bitartean pilotan jokatzea debekatzen zuena. “Lehen debeku horrek bote luzeari egingo dio erreferentzia, oraindik udaletxerik ez zegoenez, kanpoan jokatzen zelako, plazan. Bigarren debekuak udale­txea aipatzen duenez, pasakaz ariko da” zehaztu du Mendizabalek. “Pentsa zer-nolako zalaparta eragingo zuten partidek, apustuak zirela eta ez zirela, debekua ezartzeko” gaineratu du Jose Mari Mitxelena elkarteko kideak, pilotak herritarren artean zuen arrakasta nabarmentzeko. “Orduan, segur aski, bote luzea eta laxoa jokatuko ziren gehiago, bost bosten kontra direlako, eta, agian, ikusgarriagoa delako jokalekuaren luze-zabalerarengatik, abiadurarengatik... Baina, jakina, horretarako eguraldi ona behar da, pasakan ez bezala”.

Nazioartean aski hedatua

Euskal Herritik at, munduko makina bat herrialdetan jokatzen dute joko zuzenetan. Esaterako, bote luzean jokatzen dute Ekuadorren, Kolonbian, Paraguain, Uruguain, Argentinan, Costa Rican, Mexikon, Herbehereetako Frisia eskualdean, Valentzian, Venezuelan, Italiako Liguria eta Toscana eskualdeetan, Frantziako Pikardian... Izen desberdinak izan arren, denek dituzte ezaugarri bertsuak: joko arauak, eskuarki, berberak izaten dira; piloten ezaugarrietan izan ohi dira aldeak. Hori bai, zenbait herrialdetan jokalariak profesionalak dira, eta txapelketek jendetza erakartzen dute. Mendizabalek Frisian jokatzen den bote luzeko txapelketa ekarri du gogora: “Finalean, 12.000 ikusletik gora biltzen da”.