“Goya sarietan hemengo pelikula bat egotea asko da guretzat”

itziar

Itziar Aizpuru (Getaria, 1939) antzerkian jarduna zen gaztetan, baina 60 urterekin jarri zen lehenbizikoz kamera baten aurrean. Bizibide zuen dendari eta familiari emana, urte luzez bazterrean utzi zuen antzerkia. 2000. urtean, ordea, goitik behera aldatu zitzaion bizimodua: ETBko Goenkale telesailerako hartu zuten, ondoren Martin telesaileko protagonistetako bat izan zen eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren zuzendaritzapean egin zuen bere lehen film luzea (80 egunean, 2010). Film labur ugaritan ibilia, Loreak lan entzutetsuan jokatutako paperagatik ere hainbat sari jaso ditu azkenaldian. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Madrildik iritsi berriak zarete, baina Goya saririk gabe. Pena handia izan da?
Bai, pena. Gustatuko zitzaigun sariren bat ekartzea, pelikula ona da-eta; eta musika oso ona dauka. Halere, Goya sarietan hemengo pelikula bat egotea guretzat asko da. Nik baietz uste dut. Tira, aurreneko sorpresa izan zen filma Donostiako Zinemaldian aurkeztea.
Goya sariarekin pena, baina bi sari jaso dituzu Loreak filmagatik: Zinema Idazleen Domina eta Feroz saria (elkarrizketa egin ondoren, hirugarren sari baten berri izan dugu). Zer izan da zuretzat? Argazkietan, behintzat, irribarre handia ahoan ikusi zaitugu.
Negar ez egiteagatik, kar-kar! Saria jasotzeko unea gogorra da. Aurrenekoz joan ginenean, han zeuden aktore gazteak-eta, ederrak, eta soineko dotore horiekin... Nik, nire kolkorako, esaten nuen: “Jesus, nik zer egiten dut hemen!”. Hala da, horrek pixka bat kikildu egiten zaitu. Saria jasotzera joan nintzenean, ez nekien zer esan. Ez nuen negarrik egin nahi, baina hitzik ez zitzaidan irteten. Noski, emozioarekin jartzen zaizu eztarrian korapilo bat! Ez naiz akordatzen ez zer esan nuen, ez han zein zeuden... Filmaren zuzendariak aurrean nituen, mahai batean, eta ez nituen ikusi! Geroago bideoan ikusi nuen jende guztia tente jarri zela ni igotzerakoan. Eskerrak gero ikusi nuen, ze ezingo nukeen hura ikusi izan banu. Jakina, sumatu nuen jendearen maitasun hori. Uste dut jendeak poza hartu zuela saria niri eman zidatelako; ez dakit zergatik... Baina bai, ufa!, gogorra izan zen.
Antzerti-mundua ezagutuko zenuen zertxobait. Zer moduz moldatu zara?
Ondo, ondo. Askotan, badirudi han ez dakit zer esan behar dutela denek. Badira batzuk, bai, distantzia moduko bat jartzen dutenak, ez dakit zergatik. Baina gehiena jende xumea da. Zer aldatzen da sari batekin? Niri sari bat eman didatela, bi eman dizkidatela... Baina nik zertan aldatu behar dut? Hori da nik pertsona askorekin uler­tzen ez dudana.
Azken sariokin asko hunkitu zinela diozu, baina beno, 80 egunean-ekin ere ohituko zinen sariak jasotzera, ezta?
Bada, ez zara ohitzen. Maiz esaten didate honezkero ohituta egongo naizela halakoetan hitz egitera. Baina ez zara ohitzen. Grabazio bat egitera joan behar dudan bakoitzean ere esaten didate ohituta nagoela. Ez ba! Kamerak errespetu handia ematen du. Saria jasotzean, han, Madrilen, jende aurrean... Gainera, ez da hemen bezala. Hemen etxean gaude. Donostiako Zinemaldian bezala, pelikula bukatu zenean jende guzti-guztia tente jarrita, txaloka... (hunkituta dio).
Kanpoan sari gehiago jaso dituzue etxean baino. Zinemaldian ere, Loreak-ek jasotako loreak ez zituen beste inork jaso. Baina gero saririk ez.
Saririk ez, hala da. Zinemaldian eman genituen elkarrizketa mordoan, askok esaten ziguten ez zutela ulertzen nola ez genuen saririk jaso. Injustizia iruditu zitzaiela. Baina epaimahai bat dago eta... Dena dela, gu kontent irten ginen. Aurrena, Zinemaldian hemengo pelikula bat egoteagatik. Gero, kritika horiek guztiak jasotzeagatik. Ondoren, ikusi duzu kanpoan zenbat sari-eta jasotzen ari garen.
Antzerkian hasi zinen gaztetan, baina ondoren, Goenkalen hasi arte, luzaroan  utzia izan zenuen antzezpena.
Bai, badakizu: familia, lana... baina ez nuen ahaztua. ETBn Goenkale hasi zenean, euskarazko telesail bat, bertan lan egiteko gogoa sortu zitzaidan. Deitu nuen ETBra, esanez 60 urte neuzkala, antzerkia egin nuela eta, sekula kamera baten aurrean jarri ez nintzen arren, gustatuko litzaidakeela proba bat egitea eta ea zer iruditzen zi­tzaien. Castingen bat egiterakoan deituko zidatela erantzun eta handik egun batzuetara deitu zidaten. Joan nin­tzen Miramonera. Ez nekien ezta non zegoen ere! Ikasteko gidoi txiki bat eman zidaten, sartu nintzen eta han, kamera aurrean, lauzpabost per­tsona, dena nahiko ilunpean... eta zer esan jakin gabe geratu nin­tzen! Ez nintzen ezertaz ere akordatzen, zer irakurri nuen ere ez nekien! Orduan, nik zera galdetu nuen: “Oroitarazlea non dago?”, kar-kar! Jakina, denak isilik geratu ziren. Baina gero haria eman zidaten, sartu nintzen nire rolean eta egin nuen. Handik denbora gutxira deitu zidaten, esanez bazela niretzako moduko rol bat eta joateko ikustera, ea gustatzen zitzaidan. Joan nintzen eta ederki, gustura! Gainera, nahiko paper garrantzitsua zen. Halaxe hasi nintzen.
Esan daiteke, beraz, Goenkalek bizimodua aldatu zizula?
Bai, bai, bai. Nik beti esaten dut Goenkaleri esker ezagutarazi zela nire lana. Gero, Jose Marik eta Jonek 80 egunean-eko papera eman zidaten. Hura gozokia izan zen. Oraingoan ere, berdin.
Nola sortu zitzaizun antzerkirako bokazioa? Etxean aurrekaririk ba al zenuen?
Ez dakit, ez dakit. Beno, gure amak beti esaten zuen bere garaian antzerkia egindakoa zela. Antzerkia-eta asko gustatzen zi­tzaizkion amari. Txikitan, jolasean-eta ibil­tzen ginenez, beti aritzen ginen antzezpenetan. Garai hartan komedianteak etortzen ziren Getariara. Ikustera joaten ginen eta guk ere komediak egiten genituen. Gaztetan, hamar edo hamabi urterekin-edo. Niri beti gustatu izan zait hori egitea. Ondoren, hemezortzi edo hogei bat urte nituela, antzerki taldea sortu genuen Getarian: Gure Txeru. Oso antzerki talde polita, oso ona. Ni gustura aritzen nintzen. Bospasei lan egin genituen. Beti egon izan naiz saltsa denetan sartuta.
Nola oroitzen dituzu Gure Txeruko urte haiek?
Oroitzapen oso onak ditut. Lan pilo bat egiten genuen herrirako, eta ez ginen nekatu ere egiten. Noski, adina ere halakoa, eta gustura jarduten genuen.
Jose Mari Goenagaren eta Jon Garañoren hurrengo proiektua ezagutzeko zain izango zara honezkero...
Bai, beti esaten diet: “Begira, bigarrenaren atzetik dator hirugarrena. Eta hirugarrena derrigor egin behar dut. Gainera, badakizue nik zorte ona emango dizuedala, e?”. Kar-kar! Proiekturen bat badaukate, baina ez dago paperik niretzat. Gizaseme gehiago egongo dira pelikula horretan emakumeak baino. Altzoko erraldoiari buruz egin nahi dute. Ni hor ibiltzen naiz zirikatzen: “Beno, erraldoiak izango zuen ama, edo amonaren bat, edo izekoren bat edo halakoren bat...”. Kar-kar! Tira, lasai lagako ditut. Etorriko da besteren bat.
Komedia zein drama egin izan duzu. Zein erregistrotan sentitzen zara erosoen?
Ezin diot erantzun galdera horri. Niri ez eman bi paper aukeratzeko, biak hartuko ditut-eta. Egia esan, edozein paperetan ari­tzen naiz gustura. Komedia egitea errazagoa dela? Baliteke niretzat errazagoa izatea, akaso nire izaerarengatik. Baina dramak antzeztera behartzen zaitu. Pertsonaian sartu behar duzu, eta hura azaldu gero. Uste dut zailagoa dela.
Egin dituzun bi film luzeetan, 80 egunean eta Loreak, Jose Mari Goenagaren eta Jon Garañoren zuzendaritzapean aritu zara. Zer zara, haien musa?
Kar-kar! Ez dakit, hori beraiei galdetu beharko zaie. Ni, egia esan, biei esker nago hemen. Aurreneko pelikula egiteko aukera beraiek eman zidaten, eta beraientzat ere lehenengo film luzea zen... Orduan, haien musa? Ez dakit beraien musa naizen, baina niretzat eurak dira honaino ekarri nautenak. Konfiantza handia dugu gure artean. Lantaldea ere berbera zen, bai aurreneko pelikulan, bai bigarrenean. Oso talde ona. Azkenekotik aurrenekora, denak! Jaialdietara ere elkarrekin joan izan gara, Madrilera ere bai... Esan bezala, konfiantza daukagu gauzak elkarri  esateko. Zer edo zer ez bazaie ongi iruditzen, esan egiten didate, eta hori ona da.
Antzerkian hasi zinen, baina tarte luze batez utzi zenion. Bigarren etapa honetan, kameren aurrean ibili zara. Ez daukazu gogorik berriro ere oholtzara igo­tzeko?
Bai, bihar bertan joango nintzateke. Hori da, nik diodan moduan, gainditu gabeko irakasgaia: antzerkia egitea. Aktore gehienei adituko diezu antzerkia dela gusturen egiten dutena. Esan daiteke antzerkia arriskatuagoa dela. Antzerkian, ez dago eszena moztu eta berriz egiteko aukerarik. Testua ahazten baldin bazaizu, zuk irten behar duzu egoera horretatik. Agertokian, jende guztia begira... txikitu beharrean, indarra ematen du. Niri bai, behintzat. Gustura egingo nuke antzerkia.

KOLKOTIK

Gustuko pelikula bat? Esango banizu zinera oso-oso gutxitan joaten naizela? Lehengo pelikulak asko gustatzen zaizkit, klasikoak. Gainera, akaso deformazio profesionala izango da, baina asko erreparatzen diet pertsonaiei. Ez dakit txarra ala ona den, baina pelikula bat ikustean, beti nabil begira ea aktoreek nola lantzen dituzten pertsonaiak, nik nola egingo nukeen... Zein zinema zuzendarirekin probatuko zenuke gustura? Ez dakit. Probatu bai; ezetz ez nioke inori esango. Baina Jose Marirekin eta Jonekin gustura segituko nuke. Bestela... Almodovar alde batera lagako nuke, bere pelikulak arraro samarrak iruditzen zaizkit. Deitzen badit, joango naiz, hori ziur. Bestela, adibidez, La isla mínima egin duen Alberto Rodriguezekin. Aurrez aurre ezagutu dut, eta berarekin egingo nuke. Ona izango li­tzateke, halaber, Clint Eastwoodekin. Eta zein aktorerekin? Aktore onekin. Zaila da... Hemen bertan aktore onak badaude, hortaz, hemengo edozein aktorerekin. Oso onak dira. Nora Navas aktore katalanarekin ere arituko nintzake.  Zein sarik hunkitu zaitu gehien? Beharbada,  Feroz sariak. Tolosan (Frantzia) 80 egunean filmarengatik saritu nindutenean ere gustura eta kontent hartu nuen; gainera, beste hiru eman zizkiguten. Baina, ez dakit zergatik, Feroz sariak eman dit pozik handiena. Ohiko gauzez gain, zer eramaten duzu beti poltsan? Bada, sakelakoaz gain, ezpainetako margoak. Pinpirin fama dut, eta uste dut horrexegatik dela. Beti eramaten ditut bi edo hiru. Kanpora baldin banoa, hortzetako eskuila ere bai. Zein pertsonaia jokatuko zenuke gustura? Pertsonaia gogor bat, emakume gogorra, baina erregistro askorekin. Izan daiteke desesperatua, gero horri buelta emango diona… Horrelako pertsonaia arraroren bat. Zail samarra izango da, baina… Bakarrizketa ere gustura egingo nuke. Norbaitek lore-sorta bat oparituko balizu, zein lorekin asmatuko luke? Lore guztiak dira politak. Baina bada lore bat, beti-betikoa, eta edozein tokitan topatzen duzuna: margarita. Politak dira. Xumeak, etxeko arreba pobrea. Beste edozein lorek adina esaten dute margaritek. Biharko egunkarian irakurtzea gustatuko litzaizukeen albistea? Hainbeste kontu triste daude hemen… Oraintxe ez dakit nongo bonbardaketak, gerrak-eta… Bada, gerra hauek guztiak bukatu egin direla. Bestalde, egunotan asko aipatzen da haurren minbizia, eta sendabidea asmatzea. Beno, eta nire eremura etorrita, ekoizleek eta gure sektorean dabiltzanek ea laguntza gehixeago izaten duten, eta guk lan gehiago izaten dugun. Gauza asko eskatzen ditut. Getaria jaioterria ala Zarautz bizitokia? Getaria. Zarautzek eskerrak Getaria hor daukan…