Birdman

birdman

Zuzendaria: Alejandro Gonzalez Iñarritu. Aktoreak: Michael Keaton, Emma Stone, Edward Norton, Naomi Watts, Amy Ryan. AEB, 2014.

Istorioa: Hainbat filmetan Birdman superheroia gorpuzten famatua bihurtu ondoren, gainbeheran den Riggan Thomson aktoreak antzezlan bat prestatuko du Raymond Carverren kontakizun batean oinarrituta. Brodwayen estreinatuko duen lanarekin, aktore moduan duen balioa erakutsi nahiko du.
Sariak: Film aski laudatua eta saritua, aurtengo Oscar sarietako garailea izan da, zalantzarik gabe. Ez du Oscar parrasta jaso, lau eskuratu ditu, baina ez nolanahikoak: film, zuzendari, jatorrizko gidoi eta argazki onenarenak.
Onena: Ia pelikula osoa plano-sekuentzia bakarrean filmatu du Iñarrituk, erakustaldi teknikoa eginda. Alde horretatik, ikusgarria da filma, oso. Gainera, aktore taldearen lana eta soinu-banda nabarmena bikain lotzen zaizkio.
Txarrena: Film bizi eta indartsua, antzerti-munduan eta, batez ere, zinemaren industrian egosten direnak jomugan ipini nahi ditu: ego festak eta gatazkak, ospearen gurtza, orotariko interesak... Egin, egiten du, baina ez alderdi teknikoan erakutsitako zorroztasun berarekin.
Eñaut Mitxelena