Lekuek Festibala bigarrenez Gernikan

lekuek

Gernikako Lekuek Festibala hil honen 8tik 15era ospatuko da. Iazko “harrera ona” ikusita, musikaren arloko hainbat lagun berriz batu dira jaialdia antolatzeko. Asmoa, “herri oso bat musikaren bueltan jartzea, musika entzun, dantzatu, ikasi eta bizitzeko”. Festibal berezitzat dute: “Txikia, askotarikoa, eklektikoa, horizontala eta merkatuaren logiketatik kanpokoa”. Iazko arrakastaren ostean, aurten leku gehiago batu dira 30 emanalditik gora eskainiko dituen festibalera, bai kultur arlotik, bai tabernen aldetik. Gainera, eragileak ere asko dira: Zine-Klub Gernika, Kafea eta Galletak, Gernikako Liburutegia, Allende Salazar ikastetxea, Kultur Etxea, Asunek talde feminista… Zuzenekoez gain (Albert Pla, Bide Ertzean, Paus, Zea Mays, Bullet proof lovers, Hesian, Ray Fernandez, Shur-i-kan, Tooth, Morau eta Beñardo, Sustrajah, Ainara LeGardon, Croissant Djs, Potato, The Riff Truckers, Mike Whellans, Aterkings, James Room…), ikastaroez, solasaldiez, erakusketez, binilo salmentaz eta abarrez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Informazio gehiago gernikakolekuek.com gunean.


ITZIARRENITZIARREN SEMEAK taldeko kideek beren laugarren eta azken diskoa aurkezten jarraituko dute hil honetan, Revolta Tour 2015 biraren baitan. Momentuz hitzartuta dituzten kontzertuen arabera, martxoaren 5ean eskainiko dute estreinakoa, Bilboko Kafe Antzokian. Ondoren, Laudioko gaztetxean joko dute, 13an; 14an, Izarrako Urkarock jaialdian egongo dira Arkada Social, Rat-zinger eta Guda Dantza taldeekin batera. Apirilaren 11n, berriz, Mungian joko dute , Gazte Egunean; eta 26an, Baigorrin ospatuko den Nafarroa Egunean. Revolta diskoaren bitartez, alaitasuna zabaltzen du taldeak zuzenekoetan, ska eta punk printzez zipriztindutako rock musika nagusi.

 

gurrutxagaHITZ LAUZ
Jon Gurrutxaga
Gaztelupeko Hotsak, 2014

Gurrutxagak ez du ahaztu bluesa azken lan honetan, baina oraingoan lekua dago funk doinuentzat, kontrabaxu eta hammond organo distiratsuak dituen balada baten­tzat, folk erreferentzia garaikideentzat eta su eztian erretako rock aleentzat. Ingelesa bazter utzita, euskaraz mintzo da Gurrutxaga, hitz lauez, Xabi Lasa, Uxue Agirre eta Iñaki Gurrutxagaren laguntzarekin, bizi-esperien­tzien gaineko kantu sorta honetan, eta inoiz baino gertuago eta barnerakoiago azaltzen da entzulearen aurrera.

BIDELAPURRAKZENBAT NEGAR BAZTARRETAN
Bidelapurrak
Auto-ekoizpena, 2014

Ander Solozabalek eta Ekaitz Aranberrik sortutako taldearen lehen fruitua da disko hau.  Zazpi kanta biltzen ditu lanak, bi kideen sentimendu eta bizipenetan oinarrituak. Hala, drogak, artea, gezurrak, sorginak, heroiak, heriotza... agertzen dira abestien hitzetan, gehienak lehen pertsonan idatzi eta kantatuak. Hain zuzen ere, azken abestiak eskaini die  taldeari izena jartzeko inspirazio iturria, Joakin Iturbe Santua bidelapurraren bizitzari buruzkoa baita. Iñaki Guantxe (Capsula, Inoren Ero Ni) izan dute lagun diskoaren grabazio prozesuan, teknikari eta perkusio lanetan.