Zaharrak berri

ladislaoPantailak
Ladislao
Bonberenea Ekintzak, 2014

Iazko irailean erosi nuen Ladislao taldearen estreinako diskoa, eta geroztik lanak izan ditut disko jogailutik kendu eta apalategian gordetzeko. Taldekideak ez dira hasiberriak, eta nabari da azken emaitzan. Brigada Criminal, Captain Nemo, Herio­tza eta beste zenbait taldetan aritutako musikariak daude egitasmo berri honetan, non punk-rockari ekin dioten, 80ko hamarkadako hardcore amerikarraren ukitu batzuekin. Izan ere, Ladislaoren proposamenak gogora ekartzen ditu AEBetan hamarkada haren hasieran punk-rocketik hardcorerako tran­tsizioa egiten ari ziren taldeak: Circle Jerks, Adolescents, Descendents... Azeri zaharrak izanagatik ere, proposamen berria dakarkigute Lazkao eta Eskoriatzako talde honetako kideek 11 kantutan, erlijioaren eragina (Infernura zoaz, Eukaristian), kontrol soziala (Berriro hor (well), Pantailak) eta antzeko gaiak jorratuta. Binilozko edizioak CDa ere badakar opari.