Garazi Kamioren orube abandonatuak

kamio

Garazi Kamiok Orube abandonatuak eleberria kaleratu du. Iaz irabazitako Agustin Zubikarai bekak eman dio horretarako aukera. Hiru istorio txirikordatzen ditu nobelak, hiru protagonistek, garai ezberdinetan bizi arren, etxe baten orubea konpartitzen dutelako. Guztiek partekatzen dute, era berean, bakardade gordina. Mario da pertsonaietako bat, gerraostean kontzentrazio zelaitik etxera itzultzen den gizasemea. Ezagunak ditu herria, etxea, emaztea… baina arrotz sentitzen da. Mirenek, berriz, hutsik ditu sabela, hozkailua eta etxea 1989ko urtezahar egunean; arrotz hura ere, heroina atzean uztea lortu ondoren. Maider, aldiz, jendez inguraturik bizi da, baina egungo krisialdi ekonomikoak bete-betean harrapatu eta gezur handi baten barruan bizitzera kondenatu du. Kamioren lehen eleberria da hau, 2012an argitaratu zuen Beste norbaiten zapatak ipuin bildumaren ondoren. Liburu hark ere beka lortu zuen, Igartza saria, hain zuzen ere.


ereinLITERATURA UNIBERTSALA sailaren barruan, lau liburu kaleratu dituzte Eusko Jaurlari­tzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, EIZIE elkarteak eta Erein eta Igela argitaletxeek elkarlanean. Hala, David Lindemann eta Irati Trebiñoren artean itzuli dute Hermann Hesseren Siddhartha (1922); Gerardo Markuletak euskaratua da Tristezia, zer berri (Françoise Saganen Bonjour tristesse, 1954); Rebecca Westen The Return of the Soldier (1918) liburuari Soldaduaren ­itzulera izenburua jarri dio Maialen Berasategik; eta Xabier Artolak ekarri du euskarara Samina (Marguerite Durasen La douleur, 1985).

 

 

txineraTXINERARA HURBILTZEN
Marta Porroy, Unai Mtz. Lizardui eta Ho Yin Yiu
Gaiak, 2014

Txina, hizkuntza eta kultura da liburu honen azpititulua; hain zuzen ere, helburua delako grina piztea mandarin txinerarekiko eta hizkuntzarekin lotura estua duen kulturarekiko. Joko bat balitz bezala, kultura aberats horren berri izatearekin batera, irakurlea gai izango da esapide errazak osatzeko eta txineraren ñabardurak ezagutuz joateko. Karaktere eta adierazpide nagusien ahoskeraz jabetzeko aukera izango du, baita azaltzen diren hitzen eta esapideen konbinazioak egiteko ere.

 

ilunsentiaERRESUMAREN ILUNSENTIA
Mila Salterain
Txalaparta, 2014

1190. urteko Santa Katalina egun batez hasten da nobela koral hau, Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak, Haro familiaren lagun­tzarekin, Nafarroako Antso VI.a erregeari Bizkaia kendu eta urte gutxira. Geroztik, Durangaldea (bi erresumen arteko muga) azpikeria politikoen jokaleku bihurtu da. Nafarroako erregeak, ordea, arretaz zelatatzen ditu eskualde horretako jauntxoen jukutriak, erresuma eta herritarrak etsaien erasoetatik babesteko. Salterainen eleberriak garai gatazkatsu baten irudi bizia eskaintzen du.