Euli-giro

euligiroUxue Alberdi
Susa, 2013

Bederatzi ipuin bildu ditu Uxue Alberdik Euli-giro liburuan. “Arruntena” ere, arraro, nolabait sailkatzearren. Eta larrigarri, ilun, aztoragarri... Izan ere, narrazio gehienen abiapuntua eta protagonistak nahiko arruntak izan arren (bikote gazte bat baserri batean bizitzen, mutilaren familia bisitatzera joandako haurduna, andre gaixoa zaintzera hirira doan neska gaztea...), kontakizunek ezohiko bidetik egiten dute aurrera.
Narrazioak erabat independenteak dira, tonua besterik ez dute berdina. Hori eta erraz irakurtzen direla, erritmo bizia eta elkarrizketa asko dituztelako, eta nahiko laburrak direlako. Alde horretatik, egokiak oso euskaltegiko bigarren mailatik gorako irakurleentzat. Haatik, baten batek, euskara maila altua izan ezean, uste lezake ez duela ondo ulertzen. Baina bego lasai, ez baita hala: zenbait esaldi lehenengo irakurraldian ez ulertzeko arrazoia ez da hizkuntza maila izango, kontakizunaren izaera surrealista baizik.
Ipuinak ez dira irakurtzen amaitu ondoren sentsazio atsegin eta baketsua uzten duten horietakoak. Alderantziz, tarteka umore ukituak aurkitu arren, oso bakanak, tristura, ezinegona, kezka, baita nazka ere, eragiten dute gehienek. Idazleak irakurlearen barrena asaldatzeko gakoa aurkitu duen seinale.
Uxue Alberdik beste bi liburu ditu argitaratuta: Aulki bat elurretan (Elkar, 2007) ipuin bilduma eta Aulki-jokoa (Elkar, 2009) eleberria.


I.E.