Su zelaiak

SUMikel Peruarena
Susa, 2014

"Iruten ari nuzu, kilua gerrian ardura dudalarik nigarra begian". Horixe abestuz abiatu omen zen Baionako Infanteriako 49. Errejimentua 1914ko Mundu Gerrara, Gerra Handira, alegia. Hala diosku Mikel Peruarena Ansak Su zelaiak eleberrian. Bada, nola abiatu gerlarat errejimentua, hala du izkiriatu Peruarenak lana: ez abestuz edo negarrez (agian, baina ez dakigu), baina bai irunez; hi­tzak, istorioak, pasadizoak eta pertsonaiak trebeki irunez. Gerraren ankerkeria eta gerra hark nola eragin zuen erakusten digu Peruarenak, baita duela mende bateko euskaldun horiek nola bizi ziren eta zer pentsatzen zuten ere.  Idazleak eleberriaren hasieran hainbat aurkezten dizkigu Fran­tziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazte haietatik, "euskara bertzerik ez zekiten" haietatik. Baina istorioak aurrera egin ahala (ez lehenago) jakingo dugu nor den hilko eta nor biziko; eta ikusiko, azkenik, Filipe Luro ikazkina dela protagonista.  Sei mila bat euskaldun hil ziren lubaki eta borroketan. Belaunaldi oso bat, drama soziala Iparraldearentzat. Gainera, frantses hizkuntza, muga ezarri berriak, batasun nazionala eta beste indartzeko probestu zuen Fran­tziak gerraostea.
Esan bezala, irule beharra egin du idazleak: batetik, dokumentazio lan eskerga dago; bestetik, idazkeraren indarra eta jatortasuna; nola josi duen idazle gipuzkoarrak euskara batua, hasi eta buka liburua, Iparraldeko moldez. Ikasgarri zein gozagarri, hizkuntzaren aldetik zein historiarenetik, Iparraldetik zein Hegoaldetik begiratuta.
Igor Elordui