Euskal Herriko herrien izenen mapa sareratu du UZEIk

mapa

Euskaltzaindiaren arauetan oinarrituta, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako herrien euskal izenak, izen ofizialak eta herritarren izenak bildu ditu mapa bakarrean UZEIk. Zehazki, 1998tik 2009ra Euskaltzaindiak onarturiko 10 arau bateratu dituzte Euskal Herriko Mapa Digitalean. Google Maps zerbitzua baliatu dute mapa sarean jartzeko. Herri bakoitzari dagokion ikonoan klikatuta ikus daiteke aukeraturiko herriari buruzko informazioa. Gainera, bilaketa errazagoa izan dadin, koloreka sailkatu dituzte probintzia bakoitzeko herriak. Guztira, 669 herri ageri dira. UZEIren webgunean (www.uzei.eus) aurki daiteke mapara jotzeko esteka.


ikasbilEUSKARA IKASLE hasiberriei, A1 eta A2 mailakoei, zuzendutako materiala sortu du HABEk BAGOAZ! izenburupean. Entzumena eta min­tzamena lantzeko sekuentzia didaktikoak dira, eta Ikasbil atarian argitaratuko dituzte. Sekuentzia bakoitza audio eta bideo batean oinarritua dago, eta bakarka nahiz ikasgelan lantzeko ariketak biltzen dituzte. Orotara, 100 ikus-entzunezko eta testu izango dira: 50 bideo eta beste horrenbeste audio, nahiz eta oraindik gutxiago aurkitu Ikasbilen. http://www.ikasbil.eus/web/ikasbil/bagoaz helbidean dago materiala.

 

 

 

 

LABURREAN

KANPOKO finantziazio-iturririk gabe gelditu direla-eta, itxi egin dute Basque Research (www.basqueresearch.com) webgunea, Euskal Herrian egiten diren ikerketa lanen berri ematen duen gunea. 2002an sortu zen proiektua, Elhuyarren ekimenez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta aurtengo urtarrilaren 30ean amaitu da. 12 urtean, 5.000 albistetik gora jaso ditu Basque Researchek. Orain, webgunea sarean mantenduko da, baina eduki berririk gabe.


TXIPAUMOREA LAGUN, euskaldunen artean euskararen erabilera handiagotzeko xedez, #aldatutxipa izeneko kanpaina abiarazi du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak Interneten. Euskal hiztunei zuzenduta dago kanpaina, eta nahiko ohikoak diren jarreren inguruko gogoeta eragin nahi du: lehen hitza euskaraz ez egitea, euskaldun berriekin pazientziarik ez eta gaztelaniara jotzea… Euskaldunon jarrera baikorra lortze aldera, halako egoerei erreparatzen die kanpainak, www.aldatutxipa.eus gunean aurki daitezkeen esketxen bitartez.

MUGIKARIA aplikazioa sortu berri du CodeSyntax enpresak. Amaraunean sortzen diren euskarazko albisteen berri jasotzen du, egunean bitan: 9:00etan eta 18:00etan. Edizioa prest dagoenean, sakelakoan mezu bidez ohartarazten zaio erabiltzaileari. Albiste bakoitza lerro gutxitan bilduta,  jatorrizko iturrira jotzeko aukera ematen du osorik irakurtzeko. Sakelakoetan eta tabletetan erabilgarri, Google Play edo iTunesen eskura daiteke.