Hackeatu zeure burua!

 

 

 

Internet etorri zenetik, sarritan entzun dugu 'hacker' hitza, baina, maiz, ez dugu oso argi izaten zer esan nahi duen. Erraz azaltzeko, hackerrak dira aplikazioak edo gailuak hartu eta, beraien barrenak eraldatuz, funtzionamendua aldatzen dietenak. Hala, ­hackerra da babestutako aplikazio bati babesa kentzen diona, adibidez, baina baita etxeko ordenagailu zaharrari disko gogor zaharra kendu eta haren ordez edukiera bikoitzekoa jar­tzen diona ere.
Bada, hackerren artean, bada azpimultzo bat: 'biohackerrak'. Haien tesia da, makinak nola, izaki bizidunak ere 'hobe' daitezkeela teknologia erabiliz. Baina kontuz, biohackerren helburu nagusia ez da gaixotasunak teknologiaren bidez sendatzea, baizik eta bizidun osasuntsuei ahalmen berriak ematea, gorputzari osagai teknologikoak gehituz. Hala, batzuek tatuaje bereziak egiten dituzte azalean, gorpu­tzean NFC etiketak txertatzeko. Horrela, esate baterako, garraio publikoetako ordainketak txartelik erabili gabe egin ditzakete, NFC txipa larruazalean daramatenez gero. Beharbada gogoratuko duzue duela urte pare bat moztuta zeukan atzamar bateko falangearen ordez USB pendrivea ezarri zuen gizona.
Azken asteotan, zeresan handia ematen ari da  Rich Lee izeneko gizon bat. Biohacker amorratua, lehendik ere ezaguna zen, besteak beste, musika entzuteko aurikularrak txertatu dituelako belarrien barruan. Atzamar puntetan ere iman txiki batzuk sartu ditu (dena zirujau baten laguntzaz, noski), uhin elektromagnetikoak sentitu ahal izateko.
Bere azken asmakizunak Lovetron 9000 du izena. Bibragailu txiki bat da, hortzetako eskuila elektriko bati kendutakoa, hain zuzen ere. Leek bere pubiseko hezurrean txertatu nahi du, sexu harremanetan erabiltzeko: bikotekideari plazer handiagoa eman nahi dionean, Leek botoitxo bati sakatu eta, ttak, zakila dardarka hasiko zaio, jostailu erotikoa balitz bezala.
Ateraldiak, jakina, eztabaida piztu du: noraino da zilegi gorputzean halako aldaketak egitea? Noraino zilegi hori egin nahi dutenei mugak jartzea? Zergatik mugatu gure gorputza hobetzeko aukera, teknikoki posiblea
(eta erraza) baldin bada?

Loturak, estekak, linkak...

http://hackinbadakigu.net/
Euskal “hacktibista” taldea... momentuz, makinak baino ez dituzte hackeatzen.


http://hplusmagazine.com/ (Ingelesez)
Humanity Plus biohacker taldearen bloga. Ez saiatu etxean egiten, e?


http://ttiki.com/336796
Hackeatzea zer den ondo ulertzeko bideoa. Nola hackeatu Nespresso bat, kafe merkea egin ahal izateko.