Umorearen indarra

h28

Charlie Hebdo Frantziako aldizkari satirikoaren aurka egindako erasoak ondorio ugari eragin ditu, munduan zein gurean: hilketengatik mina eta samina; elkartasun oldea; adierazpen askatasunaren aldeko hitz eta ekintza mordoa, batzuk sentituak eta besteak aski hipokritak; adierazpen askatasunaren izenean, oinarrizko askatasunen aurkako neurriak; polemikak; luma zorrotzek sorturiko zinta eta marrazki piloa; umoreari buruzko hamaika hitz-aspertu eta azterketa.... Hain juxtu, Pa­txi Huarte Zaldieroa, Marc Armspach Marko eta Asisko Urmeneta marrazkilariek Berria kazetan eginiko mahai-inguru batek piztu zuen H28 sortzeko txinparta. Euskaraz aldizkari satiriko bat sortzeko beharra aipatu eta halaxe jaio zen sarean, urtarrilaren 28an, H28 euskarazko aldizkari satirikoa. Urmenetak berak aipatu duenez, “ezker-eskuin ostiak banatzeko sortu gara, ez lagunak egiteko”. Lehen alean, hainbat lagunek hartu dute parte: Adur Larrea Adurrek, Patxi Gallegok, Ainara Aspiazu Axpik...  Adiskiderik ez dute egingo, beharbada, baina argi utzi dute, enegarrenez, umorea pertsona askeen ezinbesteko bidelagun dela. Izan ere, ez dago umorearen boterea azpiratuko duen indarrik.

Issuu plataforman aurki daiteke H28: issuu.com/h28aldizkaria. Egitasmo irekia da, eta sortzaileek hilero argitaratzeko asmoa dute.