Ekonomia

besteLangabeziak suizidioak ugaritzen ditu

Frantzian eginiko ikerketa batek ondorioztatu duenez, langabezia tasa hazteak suizidio kopurua areagotzen du. Frantziako Osasun eta Ikerketa Medikuaren Institutu Nazionalak (Inserm) egin du ikerketa, eta hainbat daturen bitartez frogatu du langabezia eta suizidio tasen arteko lotura. Ikertzaileen aburuz, lanik ez izateak ez du zertan zuzeneko lotura eduki suizidatzeko erabakiarekin, baina izan daiteke halako erabakia hartzeko faktore bat. Esaterako, 2000-2010 urteen arteko suizidioen datuak aztertu ostean, frogatu dute langabezia tasa % 10 handitu zen guztietan % 1,5 areagotu zela suizidio tasa. 25 eta 49 urte bitarteko gizonezkoen artean, gainera, tasa hori are gehiago handitzen da. Era berean, kontrako joera ere gertatzen dela egiaztatu du ikerketak. Hots, langabeziak behera egin ahala, suizidio kopurua ere gutxitu egiten da. Hain juxtu, 2000-2001 eta 2005-2007 urte bitarteetan halaxe gertatu zen Frantzian. Ikertzaileek ondorioztatu dute 2008tik 2010era beren buruaz beste egin zuten kasu guztien arteko 584k langabeziarekin lotura zutela, ez baitute topatu bestelako arrazoirik suizidio horiek azaltzeko. Ehunekotan, suizidio kasuen % 1,9 dira horiek guztiak. Europako beste herrialdeekin alderatuta, suizidio tasa altua du Frantziak: urtero 10.500 lagunek egiten dute beren buruaz beste, eta gizonezkoen artean handiagoa da tasa emakumezkoen artean baino.