El Irati, herritarren karrika nagusi berdea

berdea

Azkenaldi honetan, bide zaharrak berdez margotzen ari dira Nafarroan. Ekimenari atxiki zaion azkena El Irati trenaren ibilbidea izan da, eta, amaitzen denean, erabiltzaileek Zangoza eta Donostia arteko bidea  inguruan inolako ibilgailu motordunik izan gabe egiteko aukera izanen dute. Oinezko zein txirrindularientzako ametsa, dudarik gabe. Arkaitz Almortza.

 

1955eko abenduaren 31n egin zuen azken bidaia El Irati trenak. Hainbat hamarraldiz lanean jardun ostean, espainiar estatuko trenik hoberena eta Europa mailako bigarrena izan zena, betiko lokartu zen. Atzean utzi zituen tren barruan gertatzen ziren istorioak. Aitzitik, haren oroitzapenak bizirik dirau Zangozako merindadean: batetik, herritarren bihotzean; bestetik, eskualdeko paisaia berde eta horixkan. Izan ere, haren trenbideek ahanzturaren sasi gosetiei aurre egitea lortu dute, eta, horrenbestez, zonaldeko udalerriek bide berdea egitea adostu dute trenaren garai bateko ibilbidean: naturarekin bat egiten duen ibilbidean.
Proiektuaren bultzatzaileetako batek azaldu digunez, bide berdeak dira iraganean erabiltzen zirenak baina gaur egun baztertuta daudenak, hala nola transhumantziako bideak edo trenbideak. Hori dela eta, berreskuratu egiten dira, esaterako, oinezkoentzat edo txirrindularientzat. Nafarroan, hain justu, bost bide berde daude, eta guztiek dute gauza bat komunean: garai batean trena igarotzen zen bertatik.
Ibilbideak zaharberritzen Plazaolakoa dugu aitzindari, Lekunberri eta Andoain batzen dituena. Hegoaldean, El Tarazonica dugu, Tutera eta Tarazona (Zaragoza) arten ibiltzen zen trenaren aztarna. Mendebaldean, Lizarra eta Gasteiz batzen zituen trenbidea, El vasco-navarro, eta iparraldean, berriz, Baztan eta Endarlatsa artean ibiltzen zen El Tren Txikito trenaren ibilbidea. Dagoeneko, horiek guztiek berdez margotu dute ibilbidea, eta ekimenarekin bat egin duen azkena izan da El Irati.  
Proiektua duela 20 urte jaio bazen ere, orain arte ez da apenas gorpuztu. Hasierako pausoak Irunberriko Udalak eman zituen eta, inguruko udalerriekin batera, trenbidearen zati bat berreskuratzen hasi zen, Carlos Garcia Cederna Garalurreko agenteak azaldu digunez (Nafarroako Mendialdearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzen du erakunde horrek). Halere, eskualdeko gainerako herriek mesfidantzaz ikusten zuten proiektua, zonaldeak ez baitu turismo tradiziorik. Haatik, denboraren joan-etorriak iritzi aldaketa ekarri  eta ekimenaren aldeko apustua sendotu egin da.
2005ean, adibidez, beste urrats bat eman zuen Urraulbeiti herriak, Fernando Hualde historialariarekin jarri baitzen harremanetan El Iratiren oroitzapena berreskuratzeko. Ondorioz, Hualdek ikerketa sakona egin zuen eta garaiko agiriak, argazkiak… bildu ditu Ferrocarril ‘El Irati’. Historia y documentos liburuan. Gerora, 2008an, Nafarroako Gobernuak diru-laguntza bat eman zuen trenbidearen zati bat berdez margotzeko; horiek horrela, proiektua pixkanaka-pixkanaka handituz joan zen.
Behin martxa hartuta, ekimenak ez zuen atzera bueltarik eta, 2011n, PSIS deritzona idazten hasi ziren. Plan horren bitartez, herritar guztiek beren iritzia eman dezakete proiektuaren inguruan: kezkak, zalantzak, iradokizunak…  prozesu parte-hartzailean adosten ari dira une honetan. 2014ko lehen seihilekoan, plana onartu eginen da, eta, izaera juridiko horri esker, ibilbidea babestu eginen dute.   
Guztia prest egoten denean, oso bide berde luzea izanen dute erabiltzaileek. “Ibilbidea Zangozan has daiteke, eta Donostiaraino bide beretik joateko aukera egonen litzateke” dio Garciak. Hau da, Zangozatik Iruñera El Iratiren bidetik joanen dira erabiltzaileak; hiriburuan Arga ibaia inguratuko lukete, eta Lekunberrira eta Andoainera Plazaolaren bidetik ailegatuko lirateke. Orotara, inolako autorik edo motordun ibilgailurik gabeko 132 km-ko ibilbidea izanen lukete erabiltzaileek, alegia, txirrindulari zein oinezkoen ametsa.     
Dena den, hori ez litzateke izanen bideak eskainiko lukeen aukera bakarra. Lekunberrik bat egiten baitu Europatik etortzen diren bide berdeekin. Horrenbestez, erabiltzaileek aukera izan dezakete kontinente zaharrera bizikletaz nahiz oinez joateko. “Europan, bide berdeen joera indartsu dago. Aukera horri esker, pertsona batek Agoitzen has dezake bere abentura eta, Lekunberriko bidea hartuta, Frantzian amaitu  inolako arazorik gabe”.
Horrekin guztiarekin batera, bide berdeak Zangozako merindadeko turismoa indartuko luke. Gaur egun ez da eskualde turistikoa, baina aukera hau eskainiz gero, nabarmen igoko litzateke bisitarien kopurua: “BTT eta txirrindularitzarekin zerikusia duten dendak, tailer txikiak… sortuko dira garai bateko trenbidearen alde bietan”.
EL IRATI, historiari so
Ia 60 urte igaro dira El Irati trena betiko gelditu zenetik. Sortu bezain laster hasi zen lanean eta hamarraldiz hamarraldi aritu zen jo eta ke Zangozako merindadeko herriei zerbitzua eskaintzen. Abiapuntua Pirinioetako Aezkoa eta Zaraitzu bailaretan izan zuen, bertatik  ateratzen zuten egurra garraiatzeko jarri baitzuten martxan. Ekimenaren bultzatzailea Domingo Elizondo hiriberriarra izan zen, beste batzuen artean, 1911n Iruñea eta Zangoza lotuko zituen trenbidearen proiektua aurkeztu zuena  bere lantaldearekin batera.
Trenaren sustatzaileek oso argi izan zituzten ideiak. Jakin bazekiten garraiobidea oso garrantzitsua izanen zela zonaldearentzat, eta, horregatik, punta-puntako teknologiarekin eraiki zuten trena, materiala Alemaniatik ekarrita. Estatuan, argindarrarekin ibili zen lehen trena izan zen, eta bigarrena Europan.
Eskualdeari dagokionez, iraultza ekarri zuen herrietara, merkataritzarako bide berri bati ireki baitzizkion ateak. “Lanpostu asko sortu ziren trenaren inguruan. Esan daiteke haize ufada freskoa izan zela galzorian zeuden herri askorentzat” dio Fernando Hualde historialariak. Berez, zura garraiatzea zen haren xedea, baina pertsonak ere ibiltzen ziren trenean: “Bat-batean, garai hartako herritarrek ordubete baino ez zuten behar Iruñera iristeko; aldaketa basatia izan zen garai hartako garraiobideen munduan” dio Hualdek.    
Halere, ezer ez da betiko, eta autoak eta kamioiak agertzen hasi zirenean, trena desagertu egin zen. Fernando Hualderen hitzetan, trenak “aztarna handia utzi zuen ezagutu zuten herritarren bihotzean” eta oraindik nostalgiaz gogoratzen dute Zangozako merindadean. Izan ere, garraiobidea izateaz gain, eskualdeko herrien arteko harremanak eta kohesioa bultzatzeko tresna paregabea izan zen. Hori dela eta, historialariak dio zaharberrituko duten bideak ere helburu bera izan beharko lukeela, eta iritzi berekoa da Carlos Garcia. Azken honek azpimarratzen duenez, ibilbidea prest dagoenean, herritarren arteko kohesio soziala izango du ardatz, bidean jendea elkartuko delako eta istorio asko jaioko direlako, garai bateko treneko bagoietan bezala. Beste behin, El Irati herritarren bilgunea izanen da, naturaren bihotzean, paisaia berdez eta horixkaz josiriko eszenatoki paregabean.