Hedabideak

Euskarazko hiru egitasmo berri martxan

Puntua, Alea eta Hiruka. Urtarrilarekin batera, hiru proiektu berri atera dira euskarazko hedabideen plazara, irakurle eta entzule euskaldunentzako eskaintza osatuz eta aberastuz. Batetik, urtarrilaren 16an argitaratu zuten Puntua astekaria. Goiena Komunikazio Taldeak sortuta, orain arte argitaraturiko Asteleheneko Goiena kazeta ordezkatuko du. Hain juxtu, Goienak sortu du, GEU elkartearekin eta Berriarekin batera, Arabako Alea astekaria. Honako honek ere urtarrilaren erdialdean ikusi zuen argia, eta ostiralero banatuko da Araba osoan. Izan ere, Araban euskararen erabilera eta presentzia areagotzea du helburu, baita euskarazko informazioaren bidez lurraldea kohesionatzea ere. Uribe Kostan, azkenik, Hiruka komunikazio proiektua sortu da. Paperezko astekariak, atari digitalak eta irratiak osatzen dute egitasmoa, eta lehendik eskualdean abian ziren bi komunikabide ordeztuko ditu. Hala, Ukberri.net atariak hiruka.eus guneari egin dio leku, eta UK aldizkariak Hiruka astekariari. Hilabete batzuk barru, aldiz, uhinetara ere salto eginen du ekimenak, eta Justuri Irratia abiaraziko dute. Ongi etorri denei!