Komunikazioa

argia2015eko Argia sariak banatu dituzte
Euskarazko kazetaritzako lanei oihartzuna  eta prestigioa emateko xedez, euskarazko komunikazioan nabarmendutako proiektuak saritu ditu Argia aldizkariak beste behin. 26. Argia sariak urtarrilaren 30ean banatu zituzten, Lasarteko Atxega Jauregian eginiko ekitaldian. Prentsa idatziaren alorrean, Entzun! euskarazko musika agerkariak jaso zuen Argia saria. Irratiari dagokionez, Arrosa Irrati Sareak ekoitzitako Zebrabidea saioari eman zioten. Ikus-entzunezkoen esparruan, Hamaika Telebista kateko IDEMtitateak saioa izan zen sariduna. Iazko hauteskundeen berri emateko Iparraldeko hedabideek elkarlanean egindako lana ere saritua izan zen, Interneten alorrean. Hala, Euskal Irratiek, Ipar Euskal Herriko Hitzak, Kanaldudek, Kazeta webguneak eta Herriak egindako lana aitortu zuen Interneteko Argia sariak. Iragan berri den urtean izandako sustapen ekintzen artean, aldiz, Gure esku dago ekimenak jaso zuen saria. Azkenik, Merezimenduzko Argia saria Aiaraldea komunikazio egitasmoak eskuratu zuen, hainbat euskarritan (paperean, irratian eta Interneten) garatu duen bideagatik. Zorionak denei!