Geologia

planetaAro nuklearrak garai geologiko berriari eman al zion hasiera?

Gizakiok Lurrean dugun eragina hain handia denez, haren geologia ere eraldatzen ari gara, etorkizunean iraungo duten geruza berriak sortuz. Horrenbestez, hainbat zien­tzialarik diote garai geologiko berria abiarazi eta bizi dugula, Antropozenoa izenekoa. Paul J. Crutzen Nobel saridun eta kimikari atmosferikoak duela 15 urte proposatu zuen ideia hori, eta ordutik asko landu da gaia zientzian. Besteak beste, balizko garai geologiko berria noiz hasi zen izan da eztabaidagai: nekazari­tzaren sorrerarekin batera, industria iraultzarekin... Bada, gaia aztertzen ari den nazioarteko 26 kideko ikertzaile talde batek (tartean da EHUko Alejandro Zearreta) iradoki du inflexio puntua XX. mendearen erdialdean gertatu zela. Hau da, gizakiok Lurrean gure aztarnak uzteari laga eta Lurra bere osotasunean eraldatzen hasi ginenean, karbono isuriak ugarituz, espezieen desagerpena azkartuz, plastiko, metal eta bestelakoen ekoizpena handituz... Areago, hasiera data ere proposatu dute: 1945eko uztailaren 16a, historiako lehen bonba nuklearra leherrarazi zuten eguna. Harrezkero, isotopo erradioaktiboak planeta osoan barreiatu zirelarik, Lurreko gainazal ia osoko geruza geologikoetan antzeman daitezke aro nuklearrak utziriko seinaleak. Hala, aro nuklearrarekin bat egingo luke Antropozenoak. Oraingoz, proposamena besterik ez da ikertzaile taldeak egin duena, baina aurrerantzean gaia sakonago ikertuko dute. Besteren artean, aro berria formalizatu eta denbora geologikoaren taulan txertatu behar ote den aztertuko dute.