Internet

pasahitzaPasahitzak ongi aukeratu!

Sarean barrena ibiltzean hain ohikoak diren pasahitzak aukeratzerakoan, ohitura txarrei eusten diete erabiltzaile askok. Hots, askoren kasuan, lehengo lepotik burua. SplashData segurtasun enpresak 2014ko pasahitz okerrenen zerrenda egin du, AEBetako eta Europako erabil­tzaileen informazioa aztertu ostean. Besteren artean, hauxe ondorioztatu du: adituek gomendio ugari eman arren, jendeak pasahitz errazegiak ipintzen ditu, horrek eragin ditzakeen arriskuak (hacker eta bestelakoen erasoak) kontuan hartu gabe. Horren adibide dira zerrendako lehen biak, iazko berberak baitira: 123456 zenbaki seriea dago lehen postuan, eta password hitza (ingelesez, 'pasahitz') bigarrenean. Hirugarrenean eta laugarrenean, beste bi zenbaki segida: 12345 eta 12345678, hurrenez hurren. Bosgarrenean, QWERTY hitza ageri da: teklatuaren lerro batean ageri diren hizkien segida. Seigarrenean, aldiz, zenbaki gehiago: 123456789. Zazpigarren postuan ere zenbakiak nagusi, baina aldaera laburragoan: 1234. Zortzigarren eta bederatzigarren postuetan, ostera, bi kirol ageri dira: football lehenik eta baseball ondoren. Azkenik, hamargarren tokian, zerrendan salbuespentzat har daitekeen hitza: dragon. Nahiz eta oraindik ere mota horretako pasahitz ezegokiak ugariak izan, hoberanzko joera ere sumatu dute ikerketaren egileek. Hala, zerrendako 25 kaskarrenak 2014an azterturiko pasahitz guztien % 2,2 soilik ei ziren, 2013an baino zertxobait gutxiago.