Gaztagintza

gaztaErronkariko gazta latxa eta rasa ardi arrazen esnearekin bakarrik egingo da

Zazpi urteko ika-mikaren ostean, amaitu da Erronkari jatorri izeneko gaztaren inguruan sorturiko afera. Aurrerantzean, Erronkariko gazta bertako ardien esnearekin egingo dute. Hau da, latxa eta rasa ardi arrazak baino ez dituzte baliatuko Erronkariko gazta egiteko, Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Industriako Zuzendaritzak bertan behera utzi duelako 2008an bestelako arrazak erabiltzeko harturiko erabakia. Urte hartan, ardi arraza intentsiboak erabiltzea onartu zuen Erronkari jatorri izenaren batzorde arautzaileak. Ondorioz, ateak ireki zizkioten assaf eta Lacaune ardi arrazak erabiltzeari. Bi arrazok ez dira bertakoak, baina esne ekoizpen handiagoa dutenez, UAGN sindikatuak eta industriak aldaketa bultzatu zuten. Modu horretan, Erronkariko gaztaren ekoizpena handitu nahi zuten. EHNE sindikatua aurka agertu zen, besteak beste, artzaintza tradizionalari kalte egingo ziolakoan. Ordutik, prozesu luzea izan du auziak: Europako Batzordeak erabakia erabat onartu ez eta assaf ardien erabilera mugatu zuen, esaterako. Nafarroako Parlamentua ere kontra agertu zen. Azkenean, ba­tzordeko ordezkaritzan aldaketak gertatu ostean, hasierako moldaketa ezeztatu zuen Erronkariko gaztaren jatorri izenaren batzorde arau­tzaileak. Orain, Nekazaritza Elikagaien Industriak erabakia berretsita, auzia amaitutzat eman dute. EHNE pozik agertu da erabakiarekin, eta kalitatearen irizpidea kantitatearenari gailendu zaiola nabarmendu du.