Bertsolaritza

bertsoarabaArabako Bertsolari Txapelketa martxan da

Martxoaren 21ean Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den finala helmuga, urtarrilaren 25ean hasi zen Dulantzin 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketa. Orotara, sei finalaurreko egingo dituzte beste hainbeste herritan: aipaturiko Dulantziko saioaz gain, Laudion, Legution, Aramaion, Zigoitian eta Langraiz Okan. Sei finalaurrekook bi itzulitan banatuko dira eta bi saioetan puntu gehien metatzen dituzten sei bertsolariek jokatuko dute finala. Aurten, guztira, 18 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan: 2013ko bost finalistek eta 2014an jokaturiko kanporaketetan sailkatutako beste hamahiruk. Oihane Pereak 2013an eskuraturiko txapelaren xerka jardungo dute denek ala denek, baita Pereak berak ere. Txapelketari jarraipena egiteko, hainbat bide izango dituzte zaleek: www.bertsozale.eus/araba Arabako Bertsozale Elkartearen webgunea, www.bertsoa.com bertsolaritzaren Interneteko telebista, sare sozialak (Facebook eta Twitter) eta Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera saio beteranoa.