Auzotik eta auzoarentzat

auzolan

Orain dela bost urte, Gasteizko Alde Zaharreko frontoia berritzeko elkartu ziren auzoko biztanle eta elkarteak; auzolanean egindako esperientzia izan da zaharberritzetik hasi eta eguneroko jarduneraino. Ivan Santamaria.

 

Galtzear zegoen beste azpiegitura baten istorioa izan liteke Gasteizko San Jose frontoiarena. Erori aurretik salbatzea lortu den beste eraikin batena. Berezitasun bat badu, ordea: Alde Zaharreko biztanle eta elkarteen borondatezko elkarlanak zaharberritu zuen frontoia, eta gaur egun horrek gidatzen du  bertako jarduna. Esperientzia komun horrekin ulertzekoa da San Jose izen historikoa atzean utzi eta gaur egun izen eraberritua aurkitzea atean: Auzolana frontoia. Auzotik eta auzoarentzat, biztanleen elkarlanari esker egindako frontoia.
Egun, Txapa ahotsa izeneko asanbladak kudeatzen du frontoia. Batzar irekia da, erabiltzaileen batzarra, azken finean, hilean behin biltzen dena. Horretan parte hartzen du Itziar Lekuonak. Argi du zein den funtzionamendu egoki baterako behar dena. “Frontoiaren gakoa da denon artean eramatea aurrera, eta bere iraupena denon erantzukizuna izatea”. Nork berea balu bezala zaindu eta erabiltzea, alegia. Zaharberritzeko ideiak, gainera, auzoko beste kezka handi bati erantzun nahi izan ziola nabarmendu du: “Jendea elkartzeko, topatzeko edo erabiltzeko gune publikoak gutxi direlako Alde Zaharrean”. Geratzen ziren batzuk (bolatokia edo Santa Maria plaza), katedral zaharra berritzeko proiektuaren ondorioz, erabilera publiko horretara itxita daude.
Urte luzez, Udalak berak kudeatu zuen frontoia, Landatxo gizarte-etxeko langileen bidez, baina ez zen jabea. Jabetza erreala parean dagoen Eskoriatza-Eskibel jauregiko oinordekoena zen. Eurite gogor batek teilatuaren zati bat puskatu eta azpiegitura hondatu zenean iritsi ziren arazoak. Ez Udalak, ez oinordekoek, ez zuten  konponketa euren gain hartu nahi izan. Bi urtez luzatu zen egoera. Bitartean, eraikinak okerrera egin zuen. Azkenean, auzoa hasi zen mugitzen: Ramon Bajo eskolako gurasoak, Barrenkale eta Gasteiz Txiki auzo elkarteak, Gao Lacho Drom ijito taldea, Egin Ayllu elkartea edo Gaztetxea, esaterako, elkartu eta frontoia berreskuratzea erabaki zuten. 2008. urteko ekainean, frontoian sartu, berau okupatu eta lanari ekin zioten. Teilatua konpondu eta berritu ondoren, frontoia garbitu, margotu eta txukuntzea zen hurrengo urratsa. Azkenean, ekainaren 28an, berriro inauguratzea lortu zuten, festa eta guzti.
Lekuonaren iritziz, bost urteko ibilbide horrek agerian utzi du espazio beharra, erabilerak erakusten duen gisara. Hiru hilean behin, frontoia astero alokatu nahi duten pertsonak biltzen dituzte. Gaur egun, arratsaldeko lauretatik gaueko hamarretara beteta izan ohi da astegunetan. Ordu bakarrez esleitzen da, bestela ez dagoelako eskaera osoari erantzuteko modurik. Gainera, asteburuetan gero eta eskaera handiagoa du bestelako erabilera batzuetarako:  “Kirol taldeek, aisialdikoek, kultur arlokoek, eragile sozial eta politikoek euren ekitaldiak edo jaiak antolatzeko baliatzen dute. Gasteizen ez dago leku askorik ekintzak aterpean egiteko, dirutza ordaindu ezean, noski”. Frontoiaren erabilera debaldekoa da, eta giltzak Hala Bedi tabernan dituzte eskura. Erabiltzaileei eskatzen zaien bakarra garbiketa txanda bat egitea da, frontoia jaso den bezala uzteko.
Auzokideen artean izandako harrerarekin pozik daude. Beste proiektu batzuekin ez bezala, oso parte-hartze zabala lortu dela azpimarratu du Txapa Ahotsako kideak: “Beste kolektibo batzuetara iristea ez da erraza izaten, baina honetan denek beretzat jotzea lortu dugu, etorkinek nahiz bertakoek”. Auzorako eraiki nahi duten kultura parte-hartzailearen adierazle ere bada, Lekuonaren aburuz, “izan ere, arabarrok beti izan baititugu auzolanean egindako gauzak herrietan, kontzejuen bidez. Alde Zaharrean ere hori da bidea. Guztion artean lor genezake auzoko beharrei erantzutea”.
Ez da horrelako esperientzia bakarra izan. Beste batzuetan ere saiatu dira auzokideak, arrakasta maila ezberdinak erdietsita. Esaterako, Etxauri plaza, Gaztetxearen ondoan, hiruzpalau urtez hesituta egon zen, udalak urtebeterako izango zela agindu arren. “Azkenean, tokia zabortegi bihurtu zen ia. Auzoko lagun batek hesiak kendu eta lekua garbitu zuen, bere kabuz”. Ondoren iritsiko zen udalaren esku-hartzea. “Auskalo  nola egongo litzatekeen plaza hori orain auzokideak konpontzera agertu ez balira” dio Lekuonak. Aiztogile kalean ere bolatoki bat sortzen ahalegindu ziren, hutsik dagoen orube batean, baina kasu horretan jabe pribatuak eta Udalak itxi zuten. Edonola ere,  esperientzia autogestionatuak aurrera eramateko tradizioari erantzuten dio Auzolan frontoiaren proiektuak. Esaterako, Gasteizko Gaztetxea edo Hala Bedi Irratia ere asanbladen bidez kudeatzen dira.