Nafarroan euskarari arnasa emateko neurriak eskatu dituzte AEK-k eta IKAk

Euskarak arnasa behar du. Plangintza bat behar-beharrezkoa du. Finan­tzaketa-sistema egonkorra. Sustapena. Euskaraz bizi nahi duen herri bat duzue aurrean”. Hitzok laburbiltzen dute, neurri batean, AEK-ko eta ­IKAko ordezkariek Nafarroako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean iragan urtarrilaren 28an eginiko agerraldiaren xedea. Horrela amaitu zuten euren diskurtsoa Xabi Gartzia eta Alizia Iribarren Nafarroako AEKren ordezkariek. IKAren ordezkariekin batera, helduen euskalduntzeak Nafarroan bizi duen egoeraz mintzatzeko hartu zuten parte aipatu batzordean. Zehazki, euskara ikasiz Nafarroako herritar helduek euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena nabarmendu ostean, euskaltegien egoeraz hitz egin eta, Nafarroako Gobernuaren aldetik pairatzen duten egoera aintzat hartuta, aurrera begirako proposamenak egin zizkieten batzordean bildutako alderdi guztien ordezkariei. Izan ere, herri ekimeneko euskaltegiek euren gain hartzen baitute berez Gobernuarena beharko lukeen ardura: nafar guztiei euskaraz ikasteko aukera eskaintzea. Hala, hiru proposamen egin zizkieten batzordekideei. Lehenik, euskarari prestigioa eta balioa ematea, hots, hizkuntzari ukatzen zaion arnasa ematea. Bigarrenik, helduen euskalduntzearen zein euskaltegien lanaren aldeko sustapena, planifikazioa eta koordinazioa egitea; eta, finantzaketari dagokionez, marko iraunkorra ezartzea. Azkenik, parlamentariak herritarren ordezkariak diren neurrian, eredu izateko gonbitea luzatu zieten. Hots, euskara ikastera eta erabiltzera animatu zituzten.