Mallabian ere badira berbalagunak

mallabiaDagoeneko martxan da Mallabiko lehenengo berbalagun taldea, bariku arratsaldeetan biltzen dena. Hurrengo erronka da, Juanmi Bravo dinamizatzailearen esanetan, “goizez beste talde bat osatzea, lanean txandaka dabilen jendeak astero biltzeko aukera izan dezan”. Gainera, estreinako gurasolagun taldea sortzeko lanean dabiltza egunotan, eskolako gurasoekin bilerak eginez.
Mallabiko Udala, Kaltxango AEK euskaltegia eta Orraitio euskara taldea dira egitasmoaren sustatzaile nagusiak. Berau abian jartzeko premia ikusi zuten hiru erakundeok; izan ere, Mallabia oso herri euskalduna zen duela urte batzuk, baina gaur egun biztanleen erdiak baino ez dira euskaldunak, batik bat baserri eta auzoetakoak: “Herrigunean etxe berri asko eraikitzeak eragin du hizkuntz egoeraren aldaketa”. Orain asmoa da programa honen bidez euskaldun zaharrak eta berriak elkarrekin harremanetan jartzea, herrian euskararen erabilera areagotzeko. Mallabikoarekin hiru dira ikasturte honetan abiarazitako berbalagun egitasmo berriak, urrian abiatu baitziren Gatikakoa eta Arrietakoa, horiek ere Bizkaian.