AEK, IV. Didaktika topaketa burututa

topaketaAEK-ko 105 irakasle bildu ziren Gasteizen pasa den hilaren amaieran AEKren IV. Didaktika Topaketan. Irakasleen etengabeko prestakuntza helburu, euskara ikasleen motibazioa, ikasten laguntzeko teknologiak, ikas-materialak, ikasleentzako guneak eta autoikaskuntza izan zituzten hizpide. Bukatzeko, jardunaldian entzundakoak eta esandakoak komentatu eta partekatu zituzten, hamahiru taldetan bilduta.
AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eman zion hasiera jardunaldiari. Mugikak azpimarratu zuen “AEKren balioetako bat” dela ehundik gora irakasle batzea euren lanaz jarduteko: “19. Korrikan behin eta berriro predikatzen ari garena benetan garatzen dugu. Elkarlanean euskahalduntzeko ahalmenean sinesten dugu, eta lan horretan etengabe hobetzeko gogoz gaude”.
Hitzaldietako batean, Iñaki Martinez de Luna soziologoa eta Oier Artola AEKidea euskara ikasleen motibazioaz aritu ziren. Hala, azaldu zuten gaur egun bi motibazio nagusi daudela: instrumentala eta afektiboa; bigarrena duenak “joera handiagoa” izango du euskara erabiltzeko. Hizlarien ustez, motibazio instrumentala aldatzea badago, baina asmatu egin behar da aldaketa hori gauzatzen. Artolaren aburuz, “euskara balioekin lotzen den unean, motibazioa handitu egiten da. Beraz, ikasleak ondo ezagutu eta beraien barrenera jo behar da”. Martinez de Lunak, berriz, “enpatia landu” behar dela aipatu zuen, “ikasleen tokian jarri eta nola erakarri aztertu. Horrez gain, ikasleak erabileraren garrantziaz ohartu behar dira. Hala, praktika jardueren eragina aintzat hartzekoa da, eta gehiago bultzatu behar dira”.
Maite Goñi, bestalde, ikasteko ingurune birtualaz aritu zen. Izan ere, ikasteko moduak eta bideek aldaketa handia izan dute azken urteotan, eta teknologiak eragin handia izan du horretan. Irakasleen gaitasun digitala garatu eta praktikan jartzeko, hainbat teknologia eta Internetek eskaintzen dituen zenbait aukera eta tresna erakutsi zizkien parte-hartzaileei Mondragon Unibertsitateko eta Ordiziako Jakintza Ikastolako irakasleak.