Ez dut idoloetan sinesten

David Doblas, saskibaloi jokalaria

 

doblasGipuzkoa Basket taldeko jokalaria da Doblas (Santander, Kantabria, Espainia, 1981) 2005etik – Ordura arte hainbat taldetan ibilia, gaztea zenean lau urte egin zituen Saski Baskonian, Gasteizen – Urtetik urtera hobera eginda, pibot estimatua da Gipuzkoa Basketeko kapitaina - Zaleen kutuna da, kantxan nahiz kantxatik kanpo azaltzen duen jarreragatik: langilea, konprometitua... - Besteren artean, Irakasle ikasketak eginak ditu; izan ere, “beti aritu izan naiz ikasten” - Euskaltegian ere hasi zen duela lauzpabost urte, eta egun graduondoko bat ikasten ari da

 

Pedreñako gipuzkoar euskalduna. Definizio egokia?

 

Bai. Pedreñakoa naiz eta harro nago, baina 14 urte daramatzat Euskal Herrian. Orduan, begi-bistakoa denez, bat egin dut lekuarekin eta bertoko jendearekin. Hala,, bertako kulturak harrapa nazan uzten dut. Kultura eta hizkuntza funtsezkoak dira. Gainera, maila sozial guztietako jendearekin dut harremana. Egia esan, maitemintzen nauen kultura da bertokoa. Hortaz, eta zenbait kantabriarri izorratu arren, nahiko euskalduntzat dut nire burua.

 

Lehen itzulia amaitu duzue. Gustura orain arte egindakoarekin?

 

Bai, pozik; une honetan talde “behartsuetakoa” garelako -ezin gaitezke kexatu- eta arazo dezente izan ditugulako. Aurrekontu itxia dugu, eta, jokalari pare bat lesionatuz gero, ezin dugu berririk fitxatu; berogailurik ere ez dugu... Badira lanean eragozpenak sortzen dituzten hainbat gauza, baina beno… ez gara señoritoak izango. Klubaren funtzionamendu onari esker, nahiko egokia izan da lehen itzulia.

 

 Nolatan hasi zinen euskara ikasten?

 

Lehendik ere banuen euskararen ezagutza, hemengo musika oso gustukoa dudalako eta 15-16 urte nituenetik entzun izan dudalako. Duela lauzpabost urte, unibertsitatean euskara ikasgaia nuenez, zertxobait behartuta hasi nintzen euskaltegian. Ondoren ere jarraitu izan dut, bestelako ikasketekin hasi naizen arte: ingelesa, orain graduondoko bat... Bi hizkuntza batera ikasten aritzea pitin bat zaila egiten zait, baina nire kirol ibiliak eta bizitzak hemen jarraitzen badute, nire euskara ere hobetu beharko dut. Hizkuntzak ikasten ona naiz, baina euskara ez da erraza. Galderak, elkarrizketak... uler ditzaket; esaldiak ongi egiteko, ordea, uda oso bat igaro beharko nuke Gipuzkoako barnealdeko herriren batean. Ziurrenik, nire hizketa hobetu egingo nuke horrela.

 

 Zer moduz moldatzen zara?

 

Ulertzeko ongi, eta dakidan apurra erabiltzen saiatzen naiz. Jendeak euskaraz hitz egiten didanean, ahal dudanera arte ahalegina egiten dut euskaraz erantzuteko. Hemen badago hizkuntza bat; komunikaziorako elementua da; eta uste dut erabili egin behar dela, ez dela galdu behar. Ondorioz, saiakera egiten dut euskara sustatzeko kontuetan parte hartzeko. Ulertzen diet euskara ikasten ari direnei, ulertzen dut zein zaila den, baina gogoz eta pasioz ikasiz gero, lanerako helburu moduan ez eta kultura ezagutzeko grinaz, askoz aiseago ikasten da.

 

 Kantxatik kanpo ala kantxan lorturiko tituluak. Zein dira pozgarriagoak?

 

Kanpokoak. Beste lan bat egiten ari zaren bitartean, ikasteak esfortzua dakar, meritu handikoa da. Tira, Irakasle ikasketak ez dira zail horietakoak, baina bokaziozkoa dut. Gainera, inoiz ez diot ikasteari utzi, eta egin daiteke. Horregatik, beti kritikatu izan ditut ikasten ez duten kirolariak, uste dudalako ikasi egin behar dela, edozer dela ere. Ikasketetan ez dut prestigiorik bilatzen, beste zerbait baizik: burua saskibaloitik zertxobait aldentzea. Askoz harroago sentitzen naiz kantxatik kanpo lorturiko tituluez. Kantxan ere ez dut titulu askorik lortu...

 

 Saskibaloian oso ohikoa da jokalariek sarri aldatzea taldez. Bitxikeria zara?

 

Nik uste lurralde honi eta biztanleei maitasuna hartu diedala, eurek ere niri, denboraldi onak egin ditudala eta horregatik berritu dizkidatela kontratuak. Gainera, hemendik kanpo -ez dakit nire irudiarengatik edo denen begiko izatea lortzen ez dudalako-, kostatu izan zait taldea lortzea. Beraz, hainbat konturen nahasketa da.

 

 Zer du Gipuzkoa Basketek zu hainbeste erakartzeko?

 

Badu gauza oso garrantzitsu bat: klub bat baino gehiago, familia bat da. Hemen beti sentitu izan naiz maitatua eta babestua. 23 edo 24 urterekin, talde batetik bestera “zabuka” ibili ostean, zera erabaki nuen: nahiko ninduen taldera joango nintzela, edozein talde izanda ere. Urte hartan, Porfik (Fisac) deitu eta hona etortzeko esan zidan, beraren taldean nahi ninduelako. Arrazoi horregatik etorri nintzen, eta urtero maitasun hori sentitu dudanez, Donostia izan da beti nire aukera nagusia.

 

 Idolatria ez duzu gustuko; zu, ordea, idoloa zara hemen.

 

Umeak autografo bila hurbiltzen zaizkidanean, zera esan ohi diet:Lagunak gara-eta, autografoa ez da beharrezkoa”. Askotan, autografoak maila gorenago batean egotea eragiten du, eta egun, baita hezkuntzan ere, desahaldundu egin nahi dugu. Hau da, irakasleok dugun boterea kendu eta ikasleengandik gertuago egon. Ondorioz, ez dut idoloetan sinesten, ereduetan baizik, eredu onetan. Kirolariok eredu gara, eta horrexegatik, eredu txarrak ikusten ditudanean, batez ere futbolean, egurra ematen diet kirolariei.

 

 Urratsak, jauziak, mugimendu neurtuak... Zenbat du saskibaloiak dantzatik?

 

Tira, badu zerbait. Nik neuk dantza ikasi izan dut, gustuko dut, eta saskibaloian balio izan dit. Batez ere barne jokoan, urrats zehatzeko keinuak-eta eskatzen dituelako. Bestela, jokaldietan buru azkartasuna da garrantzitsua. Mugimendu bat segundo bat lehenago edo beranduago egiteak baldintzatzen du jokaldia saskiratuz amaitzea ala ez. Hortaz, jokaldi jakin bat agintzen digutenean, badakigu zer egin, nora joan, non gelditu, zein den gure funtzioa... Defentsan ere, antzera.

 

 Kirol ibilbidea amaitutakoan, irakasle?

 

Ziur. Lehen hezkuntzan edota unibertsitatean, baina hori argi dut.

 

 Ikasleen aurrean kirol profesionala eredu jarriko al zenuke?

 

Bai, baina une jakinetan. Hau da, talde-lanaren eredu jarriko nuke, baina lehia bazterrean uzten saiatuko nintzateke. Hezkuntzan, elkarlanerantz jo ohi dut, baina, noski, haurrak etorkizun lehiakor baterako prestatzen ditugunez,zer edo zer aipatuko nuke. Halere, ez nintzateke aitonakeriatan hasiko batailatxoak kontatzen.

 

 ACBko pibotei aurre egin ala haurrez beteriko ikasgelan sartu. Zer da beldurgarriagoa?

 

Guraso bilerak. Horiek dira eramaten zailenak.

 

 DI-DA BATEAN

 

 Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkiak, eguzkia irteteak.

 

Zerk eragiten dizu barrea? Bakarrizketek.

 

Zerk haserretzen zaitu? Tristeziak, jende tristeak.

 

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Merezi ez duen norbaiti zerbait emateak.

 

Bizio bat: Kontzertu batera joan eta ondoren kebab bat jatea.

 

Talde bat: Gipuzkoa Basket.

 

Jokalari bat: inor ere ez.

 

Eraztunak: NBAkoak ala Tolkienenak? Saturnorenak.

 

Arerio bat: Ricardo Uriz. Oso gustuko dut bere kontra jokatzea.