Korrika betean

Aste gutxi barru abiatuko da 19. Korrika Urepeletik Bilbora. Hilabete pasa oraino Euskal Herria euskararen alde urratsez urrats zeharkatzen hasteko. Ordurako, dena prest izango du Korrikak. Emozioaren emozioaz Korrika iritsi aurreko hilak askori luzeak egiten bazaizkio ere, beste askorentzat laburrak izaten dira. Korrika ongi gauza dadin lanean aritzen diren AEK-ko ehunka kideentzat, esaterako: egunerokoaz gain Korrika ere atondu behar denez, lan handiko egunak izaten dira euskaltegietan. Haatik, AEK-koak ez diren beste ehunka lagunek ere parte hartzen dute Korrikan. Tokian tokiko Korrika batzordeetan, Korrika Kulturaleko ekitaldietan, lasterketaren aldeko ekimenetan, lasterketan bertan... ez dira gutxi euren ahalegina gogo biziz Korrikari eskaintzen diotenak. Hain juxtu, AEK-koak izan barik Korrika bertatik bertara bizi duten hiru lagunen bizipenak bildu ditugu ondorengo orrietan. Lanbideagatik edota atxikimenduagatik Korrikari lotzen zaizkion hiru lagun, korrika eginez eta Korrika eginez izerdiz gustura blaitzen direnak. Izan ere, eta hurrengo lerroak lekuko, esperientzia zirraragarria baita euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Berezia. Hain berezia, ezen5 nekeak ere arintzen baititu... Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Ivan Santamaria.

maider

“Pena ematen du bukatzeak”

“Merezi du” dio Maider Iantzik (Bera, 1984) Korrikaren berri emateko hamaika egunez errepidean eginiko lanaz mintzatzean. Gara egunkarian dabil kazetari 2006tik, eta 2013an 18. Korrikan ibili zen, prentsako kideen taldean, egunez egun euskararen aldeko lasterketari segika. Aurten ere 19.a bertatik bertara jarraituko du.

Duela bi urte, amaitu berritan, neure burua aurkeztu nuen hurrengo Korrikarako” aitortu digu Iantzik. 18. Korrika Baionara, amaierara, ailegatu berria zen eta “ni pozez zoratzen nengoen. Banuen berriz Korrikara bueltatzeko gogo izugarria!”. Poza, baina, tristurarekin nahastu zi­tzaion orduko hartan: “Penaz ere amaitu nuen. Hantxe, hamaika egunez nire ondoan izandako guztiak agurtzen, negarrez eta…”.  Sentipen biziak, egun horiek aski bereziak izan ziren seinale. “Berezia da, eta gustura ibili nintzen. Luze egiten da, batetik, egunetik egunera gero eta gehiago sumatzen da nekea, baina, bestetik, pena ematen du bukatzeak”. Esperientzia ederra baita Korrika barren-barrenetik jarraitzea.
Areago, “egunkarian egin dudan lanik bereziena izan da”. Iantzik dioenez, “inoiz ez dut laneko bidaiarik egin, eta sekula ez naiz egon hainbeste egunez horrela”. Hots, koadernoa eta boligrafoa eskuetan, Korrikaren furgonetan igota edota korrikalarien alboan, lekukoari segika, haren inguruan sortzen direnei erreparatuz. “Gure lanerako gozamena da. Gauza pila bat ikusten duzu: lekuak, pertsonak, ezuste mordoa… Alde horretatik, berezitasun pila bat du lanak”. Azken batean,  Euskal Herria luze-zabal zeharkatzen du Korrikak. Horrenbeste egunez, hamaika leku eta bizipen:  “Beti bada zerbait, azkenean, beti jende desberdina izaten delako. Batzuetan, jende pila bat; bestetan, kilometro pila bakarrik egiten dutenak, adinekoak, umeak, gurpildun aulkian dabilen bat…”. Oroimenean pertsonak, baita lekuak ere.  “Bilbo jai hutsa izan zen, Gasteiz ere bai… Gogoan ditut Nafarroako mendate elurtu batzuk, eta lagun bat edo bi aldapan gora korrika. Trebiñun, gauez jarraitu nuen Korrika eta hura ere berezia izan zen, baita nekosoena ere. Begiak itxi egiten zitzaizkidanez, ezin izan nuen gau osoa esna iraun eta ordu pare batez lo egin nuen. Jakina, hurrengo egunaren berri ere eman behar duzu… Hori iruditu zitzaidan fisikoki gogorrena”.
Halako irudi, soinu, hots eta bizipenen zurrunbiloan, zenbait une jakin nabarmendu ditu Iantzik. Batetik, begiradak: “Bide bazterretako jendearekin begirada gurutzatzean, begirada horietan zegoen konplizitatea. Horrekin gelditu nintzen. Leku guztietan errepikatzen zen”. Bestetik, adinekoak. Iantzik aitortu duenez, “horiexek hunkitu ninduten gehien. Amona bat, mantala soinean, etxeko ataritik korrika irteten ikustea; edota aitonak ukabila altxatuta… Haiek erakusten zuten ilusioa!”. Hala, ondo gogoan ditu Faltzesko adineko batzuk: “Oroitzen naiz aitona koadrila bat zegoela, euren bastoiekin, eta zer nolako ilusioa zeukaten, inoiz ikusi gabea zutelako euren herrian halako ekimenik eta halako bizitasunik. Horregatik bakarrik merezi du”.
Jakina, Korrikan lanean dabiltzan gainerakoak ere ez ditu ahazteko: “Lantaldean giro polita sortzen da”. Korrikaren gainekoak zabaltzeko kazetari taldea ibili ohi da Korrikan, lekukoaren bideari jarraika. “AEK-ko hiru lagunek, Berriako eta Euskal Irratietako kazetariak eta neuk osatzen genuen prentsa taldea. Dena egiten genuen elkarrekin: gosaldu, bazkaldu, afaldu… Berezia da”. Korrikaren Komunikazio Saila arduratzen da prentsako kideak ahalik eta egokien egoteaz: prentsa idatzizkoei lan egiteko lekuak bilatu, lo egiteko tokiak, harremanak, garraioa… “Dena aurretik lotuta izaten dute kazetarion lana errazteko. Ongi zaindu gintuzten” dio. Gainera, hainbeste egunez elkarren ondoan ibilita, elkarlana izan ohi da nagusi: “Jendea elkarri laguntzeko prest egoten da. Azkenean, ez ginen hedabide ezberdinetako kazetariak. Batak besteari pila bat laguntzen genion, denok ginen Korrikako langileak”.
Korrika bide onetik eta egoki joateaz arduratzen diren furgonetako kideekin ere harreman estua izan zuen, egunen joanean eta kilometroen igarotzean elkar ezagutu ahala. “Prentsakooi txantxak egitea gustatzen zaie: ikusi ez ditugunak asmatu, adarra jo…” nabarmendu du, besteren artean, haien lana goraipatzearekin batera: “Sekulako lana egiten dute. Gu beharrera joaten gara, ordaindu egiten digute, baina furgonetetako kideen artean bada oporrak hartzen dituenik Korrikara joan ahal izateko”. Furgoneta-kideei ez ezik, beste askori ere aitortzen die Korrika aurrera ateratzeko lan eskerga: “Herriz herri hau guztia gauzatzea ahalbidetzen dutenei, euskaltegietako jendeari…”. Bidenabar, Iantzik ez du aukera galdu halakoak bizitzeko aukera eman diotenei eskerrak emateko. Alegia, “bai Garan aukera eman zidatenei, bai AEKri, bai furgonetetako kideei…”. Hitz onak besterik ez baitu kazetari ibilitako bere lehen Korrikaz: “Bizipen itzela da. Tira, lehen aldia lehen aldia da, eta, segur aski, bigarrena, desberdina izango da. Baina beno, merezi du. Hori bizitzea aukera paregabea da”.

dya

“Gu Korrikan gaude, baina ez gaude”

Miguel Angel Felipek (Hernani, 1974) hogei urte inguru darama DYAko boluntario. Sorosle eta anbulantzia gidari, dagoeneko hainbat Korrika egin ditu lasterkariak zaintzen, eta 19.ean ere ez du hutsik egingo.

Felipek laminazio enpresa batean dihardu lanean, eta ordu libreak ematen ditu DYAn. Hamazortzi urterekin hasi zen, lehen sorospen ikastaroa eginda. Gero, anbulantziak gidatzekoa egin zuen, “honetarako ez baita nahikoa gidabaimena edukitzea”.
Korrikan, DYAren anbulantzia beti joaten da korrikalarien atzean. Horregatik, Feliperi Korrika batez ere Iparraldean gusta­tzen zaio: +++“Herri txikietan jende gutxiago ibiltzen da eta, gibelean joan arren, dena ikusten dugu. Jendetza dagoen lekuetan ezin izaten dugu ikusi herritarrek Korrikari egiten dioten harrera, atze-atzean geratzen garelako”. 
DYAko anbulantzia bakoitzak bere eskualdeko zerbitzua egiten du, “eta DYArik ez dagoen tokietan, Iparraldean, kasu, libre dagoen jendearekin osatzen dira txandak”. Eskualde bakoitzak bere zerbitzua prestatu eta elkarren artean koordinatu ostean, hu­tsik geratzen diren tarteak beste leku ba­tzuetako boluntarioekin betetzen dira: “Hegoaldean ez dago arazorik, normalean bizpahiru orduko erreleboak izaten direlako. Erraza da karreran sartu, txanda bete eta etxe­ra itzultzea, baina Iparraldea urruti dago horretarako eta txanda luzeak egiten ditugu, ezin garelako haraino bizpahiru ordurako joan; beraz, gidari gehiago joaten gara. Aurrekoan, adibidez, hiru lagunen artean lasai egin genituen erreleboak”. Bere lana eta ­DYAkoa tartekatuz, Felipe sartu-irtenean ibil­tzen da Korrikan: Hernaniko kilometroak, Iparraldekoak, bete gabe geratzen diren kilometro horietako batzuk…
Txanda bakoitzean, anbulantzia eta sorosleak aldatzen dira: “Anbulantzia bat atera eta bestea sartzen da karreran”. Izan ere, neketsua da orduko sei kilometroko abiadan ibiltzea, “areago gauez, argiengatik”. Duela bi ediziokoak gogoratzen ditu barreka Felipek: “Korrika Goizuetatik zetorren eta gu Aranon geunden itxaroten, goitik begira. Eta non ikusten ditugun argi haiek! Zer zen hura?! Korrikak beti ditu argiak, baina halakoak?! Gorria, urdina, lila, horia… psikodelikoa, kar-kar! Atzetik, gainera, Goizuetako suhiltzaileak sirenari eraginez!”.
DYAko anbulantziak, aldiz, ez ditu sirenak jartzen Korrika animatzeko: “Orain irudiari garrantzi handia ematen zaio, eta guk nahi dugu jendeak ikustea lanean serio ari garela. Beti esaten dugunez, gu Korrikan gaude, baina ez gaude”. Anbulantzia erabat prestatuta joaten da, beti zentroarekin koordinatuta: “Zerbait gertatuz gero, berehala aktibatuko genituzke beharrezko bitarteko guztiak, horretarako gaude-eta”.
Normalean ez denez ezer gertatzen, “eta hala jarraitu dezala!”, Felipe gozatzera joaten omen da. Zauri txikiak baino ez dituzte artatzen: “Niri tokaturiko istripurik handiena Korrikako furgonetako kide bati gertatu zitzaion, martxan igotzean erori egin zelako”. Bestela, “bihurritutako orkatilaren bat, arrastadaren bat… gehienak anbulantzian bertan sendatzekoak. Beharrezkoa bada, baina, zauritua osasun zentro hurbilenera eraman eta Korrikara itzultzen gara”. Anbulantzia gidariak ere arreta handiz ibili behar omen du, beti ispiluei so: “Jendea, ume-kotxe eta guzti, leku guztietatik ager­tzen zaigu!”.
Pasadizoak gogoratzen jarrita, Iparraldeko une berezi bat aipatzen du: “Gauez, ilunpetan gindoazen mendate batean behera. Inguruan ez zen ezer sumatzen, baina lautadara heltzean, bat-batean, argi batzuk hasi ziren pizten, suziriak, ezerezetik agertuta! Herri txiki bat zen eta, argi guztiak itzalita, ez zen ikusten. Korrika iristean, pasabidea egin zioten suziekin eta su artifizialak jaurtiz. Oso polita izan zen”. Beste hau umorez oroitzen du:“Lehenengo aldiz joaten diren DYAkoek beti esaten dute gauza bera lasterketan ordubete egin ondoren: 'Mesedez! Ez al daukate beste abestirik?`. Nik, ordubete pasatutakoan, kanta ez dut entzun ere egiten, kar-kar! Egia esan, oso ondo pasatzen dugu. Itzuli egiten gara, beraz, ez da hain txarra izango...”.

laudio

“Korrika datorrenean, hurbiltzen denean, barruko zirrara hori handia da”

Korrika ia guztietan parte hartu du Santi Ussia laudioarrak. Berak eta lau anaia-arrebek harreman luzea dute euskararen aldeko herri lasterketarekin. “Ez gaituzte bultzatu behar. Datorrenean, badakigu lagunduko dugula”.

Korrikari lotutako oroitzapen asko ditu Santi Ussia laudioarrak. 1983. urtean egindakoa, hirugarrena, etorri zaio burura, lehenarengatik galdetuta. “Gogoratzen dut ikurra margotu genuela errepideko kilometro bakoitzean. Biribil bat zen, eta horren barruan hiru zenbakia islatzen zen margoarekin. Arazoren bat edo beste izan genuen segurtasun indarrekin. Ezer larririk ez, dena den”.
Euskaraz eta kitto leloa zeraman Korrika hark. Harrezkero guztietan egon dela azaldu du Ussiak. “Korrika datorrenean, hurbil­tzen denean, barruko zirrara hori handia da, eta joaten denean uzten duen hutsunea ere bai”. Bost anaia-arreba dira Ussiatarrak, eta denek egiten dute lan Eska izeneko lantegian, herriko industrialdean. Guztiak izaten dira laguntzeko prest, lasterketak behar duenean. “Ez gaituzte bultzatu behar; Korrika datorrela dakigunean, badakigu lagunduko dugula zerbaitetan”.
Franco hil berritan, hamalau urte zituela izan zuen Santi Ussiak lehenengo hartu-emana euskararekin, Lasalle ikastetxeko fraideen eskutik. “Iruditu zitzaidan erraza zela, ondo hartzen nuen ematen zigutena”. Herrian hizkuntza zabaltzeko mugimenduetan engaiatu zen, hasieratik, eta ikasle izatetik irakasle izatera igaro zen, AEKren hastapenetan, 25 urterekin lantegian beharrean hasi zen arte. “Eskaintza asko zabaldu genuen, Aiaraldeko bailara guztira, eta ekin­tzak asko indartu genituen” nabarmendu du.
AEK aspaldi utzita, ez du sekula galdu euskalgintzarekin duen harreman hori. “Euskararen alde egiten diren gauza guztietan laguntzen saiatzen gara, ahal denean diruz eta ahal denean eskuz ere”. Olentzeroren, herriko jaien, Korrikaren eta bestelakoen laguntzaile da. “Euskararekin jarraitzen dugu borroka horretan, bai”.
Euskararekin duen harreman estua ikusita, Korrikaren lekukoa sarritan eramango zuela irudi lezake. Ez da horrela, ordea. “Bada, asko kostatu zait eramatea. Neure buruari galdetzen nion nola zitekeen hainbeste kilometro hartu eta eginda lekukoa eraman ez izana”. Azalpen bat ere eman dio: “Egia esateko, motibazio handiagoa behar zutenen eskuetan uzten saiatu gara. Gu, familiakook, oso motibatuta gaude, ez dugu behar”.
Hala ere, eskuz esku doan ikurra hartzeko zirrara ere sentitu du. “Ehun metroan baino ez nuen eramango, baina ilusio handia egin zidan, jakina”. Korrika egiteko tokiari dagokionez ere arazo gutxi ditu Ussia familiak. “Jendeak gutxien eskatzen dituen kilometroak hartzen ditugu. Lehena edo azkena herritik pasatzean, esaterako. Ulertzen dugu motibazio handiagoa behar duen jendearentzat hobe dela herri barruan korrika egitea”. Oroitzapen berezienak ere familiarekin lotuta daude: “Gure amak, orain dela hiru urte hil zenak, lekukoa eraman zuenekoa, edo seme-alabek”. Aurten, gaueko ordu txikitan (02:55) igaroko da Korrika Laudiotik, baina, okerrik ezean, bertan egongo dira Santi eta Ussia sendikoak, edozertan laguntzeko prest.