Ekitaldi berezia Nafarroan AEK eta Korrika babesteko

korrika

Nafarroako eragile ugarik eskaini zieten sostengua AEKri eta 19. Korrikari Iruñeko Zentral Kafe Antzokiko agerraldian. Hainbat arlotako pertsonak bildu ziren euskararen eta euskalduntzearen alde, guztion ahalmena metatzea ezinbestekoa delakoan.

Garbiñe Petriati (Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren zuzendaria), Paula Kasares eta Rosa Ramos euskara teknikariak, unibertsitateko irakasle Roldan Jimeno eta Pablo Sotes, Iruñeko Udalerako EH Bilduko eta Geroa Baiko alkategaiak (Joseba Asiron eta Itziar Gomez, hurrenez hurren), El Drogas eta Zuriñe Hidalgo abeslariak, Oier Sanjurjo futbolaria, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Martinez de Irujo pilotaria, PSNko Ainhoa Aznarez... egon ziren agerraldian.
Horiekin batera, hainbat AEKidek hartu zuten parte ekitaldian. AEK-k 40 urte daramatza ia Nafarroa osoan herritar helduak euskalduntzen, eta dagoeneko milaka lagun pasatu dira bere euskaltegietatik. Hala nola, Andrea Itoiz iruindarra. Hitza hartu zuen salatzeko txikitan eskolan euskara ikastea ukatu ziotela eta duela urte batzuk euskahalduntzea erabaki zuela kontatzeko, “euskara hemengo hizkuntza delako. AEKren euskaltegian irakatsi zidaten euskaraz bizitzen”.
Irakasleen izenean, Lizarrako Susana Bidartek azpimarratu zuen erabat gogobetetzen duela ikusteak nola komunikatzen diren euskaraz euskaltegietara hurbiltzen diren herritarrak: “Zoriontsu gaude, ikusten dugulako egunetik egunera handitzen dela gure ikasleen euskaraz komunikatzeko gogoa”.
Nafarroako euskaltegien egoera, ordea, ez da erraza. Hori nabarmendu zuen AEKren Nafarroako euskaltegien koordinatzaile Alizia Iribarrenek: “Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika zitalak euskara guztiz zokoratzea du xede. Era berean, euskaltegiei dagokienez, Gobernuak ez du inolako sustapenik edo plangintzarik, eta azken hiru urteotan ez ditu berez oso eskasak ziren laguntzak banatu: 0 zentimo Nafarroako AEKren euskaltegientzat, gure jarduna guztiz itotzeko asmo ezin ageriagoa. Halere, gure erronka da euskalduna izan nahi duenari lagun­tza osoa ematea,  gure aberastasuna herritarren eta gizarte-eragileen elkartasuna baita”. Horren isla izan ziren, hain zuzen ere han bildutakoak.
Hala, AEKren koordinatzaile nagusi Mer­txe Mugikak agindu zuen AEK-k “oztopo guztien gainetik indartsu” jarraituko duela bere zereginean: “Euskal Herriko txoko guztietan eraldaketaren eragile izaten jarraituko dugu, euskara ezagutzeko eta erabiltzeko aukerak sortuz”. Adierazi zuen, halaber, AEK-k inoiz baino indartsuago heldu diola beste Korrika baten prestaketari, “Euskal Herri osoan helduen euskalduntzearen aldeko politikak eta diru-laguntzak eskasak direlako, eta oso larria delako Nafarroan bizi dugun egoera”.
Asier Amondo Korrika arduradunak, berriz, Korrika euskaltegien lana zaintzeko jaio zela ekarri zuen gogora. Hortaz, gonbita luzatu zien euskaltzale guztiei Korrika Laguntzaile izan daitezen, 12 euroren truke.

Lehiaketak ere Korrika datoz

Korrikaren 19. edizio honek hiru lehiaketa izango ditu Korrika Kulturalaren barruan: bideokoplena, edizio honetako abestiaren bertsioena eta bideoena. Denbora sobera dago oraindik lanak sortu eta bidaltzeko, martxoaren 9a baino lehen aurkeztu  beharko baitira, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera igorriz. Korrika hasi baino lehen jakingo da zein diren  irabazleak. Ea bada, animatu eta hasi lanean!  M. Egimendi.


Bideokoplen lehiaketa
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen eta Korrikaren arteko elkarlanari esker antolatu da. Txapelketak helburu bikoitza du: alde batetik, euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea, eta, bestetik, bertsolari­tzak euskara praktikatzeko eskaintzen dituen aukerak erakustea.
Lehiaketan parte hartzeko, gutxienez sei eta gehienez hamabi koplaz osatutako bertso-sorta grabatu beharko da, bideo­kamera, sakelako telefonoa, webcama edo dena delakoa erabiliz. Kopla-sortak helduen euskalduntzea izan beharko du mintzagai.
Saria talde irabazlearentzako bertso-bazkaria izango da, sagardotegi batean. Koplak alde batera utzi eta bertsotan eta sagardotan murgiltzeko aukera aparta, beraz.

Korrika abestiaren bertsioen lehiaketa
Korrika 19ren abestia ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, musika taldeen arteko lehiaketa antolatu du Korrikak. Talde bakoitzak Korrika 19ren abestiaren bertsio bana prestatu beharko du; letra aldatu gabe, baina musika beraren estilora egokituta. Kantaren grabazioaren bideoa, edo audio artxiboa, bidali beharko da. Sari polita izango du lehiaketa honek ere, talde irabazleak egonaldi eder batez gozatuko baitu landetxe batean.

Bideoen lehiaketa
Korrika 19 girotze aldera, bideoen lehiaketak euskalkiak izango ditu mintzagai.
Parte-hartzaileek, norbanako zein taldeek, beren euskalkiari buruzko bideoa prestatu beharko dute, tokiko euskalkiaren gaineko informazioa zabaltzeko: egungo egoera, erabilera maila, berezitasunak, azken hiztunak…  Euskalki bakoi­tzaren egoera desberdina izanik, agerian jarri nahi da gure hizkuntzaren aniztasuna. Lehiaketaren irabazleak Apple gailu bat eskuratuko du.
Bideo-sorkuntzarako baldintzak bi izango dira: lanak 3 minututik beherako iraupena izatea eta gutxienez behin erabiltzea Korrika 19ren leloa: Euskahaldun!
Bestalde, honako baldintzak errespetatu beharko dira: bideoak MP4 edo AVI formatua izan beharko du; ZIP euskarrian (konprimituta) bidaliko da; gehienezko tamaina 10 gigabytekoa izango da; eta mezuaren goiburua ”Korrika 19 bideoen lehiaketa” izango da.

Euskaraz, orain eta gero Aitziber Sarasola Jacaren omenez

Euskaraz, orain eta gero izeneko mahai-ingurua antolatu dute AEK-k eta Korrika 19k otsailaren 10ean Iruñeko Katakrak Liburuak gunean. Bertan, Korrikaren Euskahaldundu! leloari jarraiki, euskahalduntze lanean eredugarri diren egitasmoak izango dituzte hizpide.
Ekimena euskararen normalizazioan dabiltzan proiektuez mintzatzeko antolatu da eta, oraingoan 19. Korrikaren testuinguruan egingo bada ere, urteroko jarraipena izateko xedearekin sortu da. Aldi berean, hil berria den Aitziber Sarasola Jaca AEKideari eskainitako ekitaldia izango da, “euskararen alde kemen handiz arituriko lagun eta kide estimatuaren lana” aitortze aldera.
Lehen edizio honetan, lau proiektuk izango dute hitza: Garesko Tortotxiki Fundazioak, Administrazioan Euskaraz Taldeak, Txantreako Euskaldunen Biltoki Elkarteak eta EHEren Udala eta biok euskaraz dinamikak.