Karena: haztegia eta plaza

karena

“Ume ondokoa. Plazenta”. Halaxe definitzen du karen hitza Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak. Horrenbestez, izenak izana dakar karena.eu ekimenean. Egitasmo ertain eta txikiak finantzatzeko crowdfunding plataforma euskalduna da Karena. Hots, plazentak hoziari nola, hazteko beharrezko laguntza eta babesa eskaintzen dizkie Karenak magalean hartzen dituen egitasmoei. Eñaut Mitxelena.

Xaloa telebistak Iruñerrian euskaraz emititu ahal izateko beharrezko azpiegiturak finantzatzea, On taldearen bigarren diskoa kaleratzeko laguntza lortzea, euskal iheslarien bizipenak jasoko dituen Kaxa Hutsak dokumentala egiteko dirua lortzea... Iazko ekainean abian jarri zenetik, hainbat egitasmo gauzatzea ahalbidetu du Karenak.
Gainerako crowdfunding plataformen antzera, finantzaketa kolektiborako Internet bidezko tresna da Karena. Haatik, baditu zenbait berezitasun. Euskara hutsean sorturiko mota honetako lehen plataforma da. Euskaraz gain, auzolana eta prozesu parte-hartzaileak ditu ardatz nagusi. Hau da, hasteko eta behin, erdarei ere leku egin arren, euskara du jatorrizko hizkuntza. Euskaratik eta euskaraz sortua da. Bestetik, finantzaketa kontuez harago, auzolanari arreta berezia eskaintzen dio. Hirugarrenik, negozio hutsaren begietatik bainoago, “guztiok aberats gaitzaketen ekimenen modura” egiten die so gunera iristen dien egitasmoei.
“Egitasmoa ardatz horien inguruan sor­tzen saiatu ginen. Hizkuntzarena argi genuenez,  euskaraz sortutako erreminta da Karena. Auzolana ere aintzat hartu genuen, Euskal Herrian oso txertatua dagoelako” zehaztu du Ekain Martinezek (Donostia, 1980), Unai anaiarekin (Donostia, 1974) eta Txemi Valdecantosekin (Gasteiz, 1975) batera egitasmoaren sortzaile denak. Hartara, bi atal nagusi ditu Karenak: crowdfunding plataforma, bateko, eta Oilategia izeneko atala, besteko.
Hasera batean, crowdfunding plataforma izan zuten abiapuntu Karena sortzeko. Ekainek esku artean proiektu bat zuela-eta “sortu zitzaigun honetan hasteko gogoa edo beharra” azaldu du Valdecantosek. “Zer-nolako aukerak zeuden begiratzen hasi eta, tartean, crowdfundingarena ikusi zuen. Baina hizkuntzaren inguruko gabezia ere bazegoela antzeman zuen”. Hala, plataformaren ideiari bueltak ematen hasi ziren 2013ko udazkenean. Buruan zerabiltena lantzen hasi ahala, eta gaian adituak ez zirenez, “hainbat jenderekin bildu ginen proposamenak gurera ekartzeko. Auzolanarena hasieratik etorri zi­tzaigun ekarpenetako bat izan zen” dio Ekainek. Ekarpenok aintzat hartuta, proiektua gorpuzten zen heinean osatu zuten, eta iazko ekainean martxan jarri.
Ohiko funtzionamendua
Crowdfundingari dagokionez, mota honetako plataformen ohiko funtzionamendua du. Proiektu bat garatzeko finantzaketa behar duenak egitasmoa aurkeztu behar du, aurreikusitako diru kopurua zehaztuta. Ondoren, Karenako sustatzaileei helarazi behar zaie, onespena eman dezaten. Valdecantosek dioenez, “diru bilketa hasterako, nolabaiteko plangintza eta bestelako lanak eginda eduki behar dituzte: egitasmoa ongi definitua, emango dituzten sariak ongi zehaztuta... Zentzu horretan, guk ez dugu soilik plataforma bera baliatzeko aukera eskain­tzen, baizik eta aholkularitza ere bai: beste proiektuak nola egin dituzten, guk nola ikusten dugun, ideiak eman... Halere, ez dira gauza zailak. Gainera, proiektuaren arabera, kontu horiek nahiko estandarizatuta egon ohi dira, aurretiko eskarmentua badagoelako beste plataforma batzuetan. Baina bai, garrantzitsua da aurretiazko lan hori egitea”.
Behin xehetasun guztiak lotuta, 40 eguneko epea zabaltzen da sosak biltzeko. Ondoren, bi aukera daude: aurrez zehaztutako diru kopurua ez biltzea eta, ondorioz, proiektuak dirurik ez jasotzea, edo, helburua betez gero, bildutako diru guztia jaso­tzea (aldez aurretik xehaturiko gastuak kenduta) aurrera egin ahal izateko.
Auzolanaren plaza
Oilategiak, aldiz, ez die diru kontuei erreparatzen. Tokian tokiko auzolan egitasmoen topagunea da, horien sarea, alegia. Valdecantosen hitzetan, “plaza bat da. Batzuek besteekin egiten dute topo eta euren eskain­tzak, beharrak, kezkak eta beste zabaldu eta partekatzen dituzte”. Oilategia eratuta, Karenaren sortzaileek euren ekarpena egin nahi izan diote Euskal Herrian hain hedatua dagoen auzolanaren tradizioari: “Ekimen ba­tzuek, berez, ez dute dirurik behar,  bestelako gauza batzuk baizik: zabaltzea eta elkarren artean harremana izatea, adibidez. Auzolantegien arteko sarea sortzen bada eta batzuek besteak elika baldin baditzakete, ideien bitartez edo elkarri lagunduta, aberasgarria da”.
Abian jarri zenetik urte erdi pasatxo joanda, “oro har, oso pozik” daude Karenaren sustatzaileak. Crowdfunding plataformari dagokionez, dozenatik gora egitasmo plazaratu dituzte, eta, bik izan ezik, gainontzeko guztiek lortu dute eskaturiko diru kopurua. Itzalen bat edo beste sumatu dute, ordea. Valdecantosek aitortu duenez, “konturatu naiz jendea Internet kontuetan oso-oso galduta dabilela oraindik, uste baino gehiago. Asko eta asko, tartean gazte ugari, ez da fidatzen edo, behintzat, ez du ohiturarik diru kontuekin Internetez ibiltzen. Baina honek funtzionatzen duela ikusten duten heinean, hau da, ongi dabilela eta arazorik ez dela, geroz eta lagun gehiago animatzen da ekarpenak egitera”. Finean, Ekainek dioen moduan, “denborarekin antzematen da proiektuak gauzatzen ari direla, eta pozik gaude”.
Alai Karenak mugimendua izan duelako, eta ez bakarrik mugimendu “fisikoa”: “Crowdfunding plataforma ez da soilik dirua lortzeko, baizik eta egitasmoen zabalkundean ere asko laguntzen du. Askotan ez da ikusten, baina garrantzi handia dauka. Nahiz eta helburu ekonomikoak ez bete, plataforma baliatu duten egitasmoek badute irabazia: oihartzuna. Azken batean, 40 eguneko epean bai sustatzaileek, bai guk geuk, bai dirua jartzen dutenek kasik konturatu gabe zabal­tzen dugu egitasmoa. Hortaz, dirua lortu ala ez, helburu bat lortuko duzu. Behintzat, zure lana lehen baino ezagunagoa izango da, seguru”.
Oilategia bera ere ikuspuntu bertsutik baloratu dute. Valdecantosen iritziz, “azkenean, ez dira zuzeneko fruituak jaso­tzen. Halere, uste baino jende gehiago sartu eta ibili da bertan, eta hori bada zerbait. Zen­tzu horretan, pozik gaude. Nire ustez, behin­tzat, ongi dabil. Emaitzak aipatzeko, ordea, denbora behar da”.
Oraindik ere egitasmo gaztea da Karena, “nola dabilen ikusten ari gara. Lehen etapa egin dugu, garapenarena, eta orain ikusi behar dugu garapen horrek noraino eramango gaituen” dio Valdecantosek. Dena dela, bideak noraino emango duen jakin bitartean, ibiliak ez du etenik. Dagoeneko zabalik da hurrengo proiektua, Jose Ignacio Flores Axio-ri buruzko dokumentala, diruz horni­tzeko epea. Tantaka-tantaka, aleka-aleka, Karenak ez baitio uzten elikatzeari.