Harrien artetik ernatu da gaztelua

gaztelua

Neguko elurteen azpian urteak eman ostean, Amaiurko gaztelua emeki-emeki gorantz doan zuhaixka da. Indartsu ari da hazten, hosto berdeak jaiotzen ari zaizkio, eta Euskal Herriko historiaren berri ematera dator. 2006an, Aranzadi Zientzia Elkartea indusketa lanak egiten hasi zen, eta urte hauetan gaztelua hobeki ezagutzeko aukera ematen duten hamaika aztarna aurkitu dituzte. 2014an, elkartearen eta Amaiurko herritarren artean pasabideak eraiki zituzten auzolanean, bisitariek aztarnategia hobeto ezagut dezaten. Hori dela-eta, martxoaren 7an Harritik herrira festa ospatuko dute, gaztelua herritarren eskura dagoela ospatzeko. Arkaitz Almortza.

Berrehun gudari oro sumin, gaztelu-pian dagoz illik. Ordutik ona –zenbat laño-, Naparruan ezta aberririk” (Lauaxeta, 1931, Amayurko gaztelu baltza). Euskal Herriko historian, pasarte garrantzitsua betetzen du Amaiurko gazteluak. Izan ere, bertan gertatu zen Nafarroako independentziaren alde egindako azken borroka. 1522an konkistatu zutenean, Nafarroara ez zen jatorrizko erregerik itzuli. Arrano beltzak azkenekoz egin zuen hegan aske. Urte hauetan, askatasunaren ikur bilakatu da gaztelua, nahiaren eta ezinaren isla.
Horrenbestez, oso leku garrantzitsua dauka Euskal Herriko memorian. Hori dela-eta, 2005ean Amaiurko alkate Juan Mari Alemanek harago joatea erabaki zuen eta, herria zaintzen zuen menditxoak gorde zezakeena ezagu­tzeko helburuarekin, Arantzadi Zientzia Elkartearekin jarri zen harremanetan. Izan ere, ordura arte, XX. mendean gailurrean eraikitako monolitoak baino ez zien aurre egiten ahanzturaren sasiei. Horiek horrela, 2006an hasi ziren indusketa lanak egiten, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera. “Arkeologia proiektua giza proiektu bilakatu da, bertan parte hartu dutenek harremanak sustatu baitituzte bai beraien artean, bai Amaiurko bizilagunekin” dio Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusi eta Amaiurko indusketen zuzendariak .
Elkarlanaren eta auzolanaren fruitu da Amaiurko aztarnategia. “Lehen mendia ikusten zen lekuan, orain gaztelua dugu ikusgai; horrenbestez, bertaratzen denak oroitarria ikusten du, baina horren gainetik garai bateko gazteluaren harresien eta dorreen aztarnak izanen ditu begien bistan”. Aurkitutako aztarna bakoitza gazteluaren historia eraikitzeko osagaia izan da. “Inork ez zekien nolakoa zen. 1522ko gertakarien harira oso historia epikoa zuen, eta horrek egin zuen ezagun, baina inork ez zekien nolakoa zen konkista aurretik, zer nolako ezaugarriak zituen”.
Herritarren zaindari
Amaiurko gaztelua XII. eta XIII. mendeen artekoa da, eta Urdazubirekin, Zugarramurdirekin eta Lapurdiko kostaldeko portuekin bat egiten zuen bide nagusiaren ondoan eraiki zuten. Iruñetik iparraldera, gaztelurik handienetarikoa izan zen, eta Baztango bailara babestea zuen xedeetako bat. “Erdi Aroko gaztelu hark bost dorre handi eta biribil zituen, harresiaren perimetro osoa agerian utzi baitugu; erdian, dorre nagusi bat zuen, karratua, eta dorrearen eta lehenengo harresiaren artean ur biltegia zegoen”.
1512an Nafarroa Espainiaren mendeko egin zutenean, konkistatzaileek zaharberritze lanak egin zituzten gazteluan. “Nafarroako erregeak (erbesteratuak) erresuma berreskuratzeko bide errazena Baztandik eta Amaiurtik zuenez, konkistatzaileek Iruñeko eta Amaiurko gotorlekuak sendotzea erabaki zuten, eta horretarako egindako lanak antzeman daitezke”. Erdi Aroko gaztelua Errenazimentu garaian eraldatu zuten, orduko estiloari jarraiki, 1512. eta 1522. urteen artean: bi dorre handi biribil egin zituzten; harresi berria; kanoiak jaurtitzeko bi plataforma gehitu zizkioten; ur biltegi berria eraiki zuten... “Trantsizioko gaztelua da, aro batetik bestera izandako bilakaera ongi islatzen du, eta horrelako adibideak oso gutxi ditugu Euskal Herrian, bakarra dela ez esatearren” azaldu du Agirre Mauleonek.
Aberria berreskuratzeko azken saiakera 1521ean egin zuten nafarrek. Konkistatzaileak gotorlekutik kanporatu zituzten eta herriko semeak sartu ziren gaztelura arbasoen etxea defendatzeko. 1522an, baina, askatasunaren aldeko azken borroka egin zuten. “Gatazka handia egon zen bertan, eta aurkitu ditugun kanoi bolak dira horren lekuko”. Nafarrek amore eman zutenean, espainiarrek gaztelua suntsitzea erabaki zuten.
Harriek gaztelua lurperatu zuten, baina ez zuten lortu haren memoria ezabatzea. Izan ere, indusketa lanetan hainbat kontu bitxi aurkitu dituzte, hala nola, burdinazko eta egurrezko kuboa, zurezko txirrinka, zilarrezko bi lantza punta estandarteetan jartzeko, zilarrezko giltza, zeramikazko lapikoa, txanponak, beirazko edalontziak... burdinazko ezpata bat ere aurkitu dute. Nafarroan, konkista garaiko aztarna bakanetakoak dira horiek. “Azpimarra­tzekoak dira Komptos Ganberak (Nafarroako kontuen ganbera) biltzen dituen agiri eta dokumentuak; hau da, ongi deskribatzen dute lanak nola egin ziren. Horregatik, zorte handia dugu Nafarroan, zeren eta garai hartako erregeek XIII., XIV. eta XV. mendeetan zehaztasunez eramaten baitzituzten kontuak; informazio hori bat dator lurpean aurkitu dugunarekin”.
Halere, gazteluaren bizitza ez zen orduan amaitu, XX. mendera arte bizirik jarraitu baitzuen. Suntsitu eta gutxira, herritarrek harrobi gisa erabili zuen; hots, bertako harresietako harriak hartu zituzten, besteak beste, eliza eraikitzeko edota herriko hainbat etxe egiteko. Juantxo Agirre Mauleonen azalpenen arabera, 1635ean gerra piztu zen Espainiako eta Frantziako erregeen artean eta berriz zaharberritu zuten, harresi handiagoak eraikitze aldera: “Ez zen gatazkarik egon, baina obra handiak egin zituzten”. Gerora, Santa Barbarako baseliza eraiki zuten; Napoleonen garaian, berriz, kuartelak eta presondegi txiki bat zeuden bertan. Gotorleku ere izan zen Karlistaldien urteetan.
Nafarroak azken hatsa eman zuen foruak galdu zituenean, XIX. mendearen amaieran. Ondorioz, XX. mendean, gogoeta hasi zen; hainbat idazle (Arturo Kanpion, esaterako), historialari eta ikertzailerentzat erreferentziazko izaera juridiko eta politiko bihurtu zen euskaldunen erresuma zaharra, eta Amaiurko gaztelua beren ikur egin zuten. Hala, 1922an Nafarroaren alde borrokatu zutenen omenezko oroitarria ipini zuten mendi gailurrean, gaztelu zaharra zegoen tokian. Horretarako, Almandozko marmolarekin obeliskoa egin zuten eta bertan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako armarriak, Amaiurkoa eta 6 merindadeetakoak ipini zituzten. Haatik, handik 7 urtera, 1931n, suntsitu egin zuten. Gerora, Frankismo garaian, bunkerrak eraiki zituzten harresien barruan, eta horiek izan ziren azken gotorlekua. Diktadurako ekaitza baretu zenean, 1982an jarri zuten egungo oroitarria. 2007an, erresisten­tziako kide ezezagunari eskainitako monumentua ipini zuten, Pello Iraizozek egina.
Askatasunaren itsasargia
Euskal Herriko askatasunaren ikur bilakatu dute Amaiurko gaztelua, batez ere euskal abertzaletasunaren munduan. Lauaxeta olerkariak, esaterako, Amayurko Gaztelu baltza idatzi zuen 1931n. “Agirre lehendakariak bi batailoi bidali zituen Asturiasera errepublikari laguntzera. Horietako batek Amaiur izena zuen”. Egungo politikagintzan, Madrilgo Kongresuko hauteskundeetara aurkeztutako hainbat indar abertzaleren artean, Amaiur koalizioa osatu zuten 2011n. Olerkariari jarraiki, kultur arloan ere hainbatetan izan dute erreferen­tzia. Antton Valverdek, esaterako, gazteluaren berri eman zuen bere abestietan, eta hainbat rock-taldek beren kanten hitzetan aipatu ohi dute. Ezin aipatu gabe utzi gazteluaren berri eman duen pertsonarik garrantzitsuenetako bat: Jose Maria Jimeno Jurio historialaria. Hainbat ikerketa lan egin zituen eta, besteak beste, 1982an Amayur, símbolo de Navarra liburua idatzi zuen. 
Bederatzi urte lanean eman ondoren, agerian dago gazteluaren zati nabarmen bat. 2014an, Udalbiltzatik jasotako laguntzari esker, herritarrek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lagunek hainbat pasabide eraiki zituzten auzolanean, bisitariek aztarnategia behar bezala ikus dezaten. Hala, askatasunaren ikur bilakaturiko gaztelua ernatzen ari dela ospatzeko helburuarekin, Harritik herrira ekitaldi eta festa-eguna antolatuko dute herrian martxoaren 7an. Askatasunaren itsasargiak gero eta indartsuago eginen du dir-dir. Historia eta gaztelua ongi ezagututa, inoiz baino zentzu handiagoa izango du oroitarriko esaldiak: “Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai. Betiko argia”.

Amaiurko atea
Peio Esarte ikerlariak aurkitutako agirien arabera, konkistatzaileek Amaiurko gazteluko ateetako bat oparitu zioten Arraiozko Ursua Jaunari. Antza, konkistan emandako laguntza eskertzeko eman zioten. Orain dela 30 urte, gutxi gorabehera, Aurizberriko Juan Mari Martinez Txoperenak zaharberritu egin zuen, eta lan horretan ari zela hainbat gezi punta, balak… topatu zituen. Egun, ateak Arraiozko jauregian jarraitzen du.