Txalupa tradizionalak, lehorrean baino hobe itsasoan

txalupa

Ez da arraroa txalupa zaharrak lorategietan ikustea, euren bizitza loreontzi lanetan amaitzen. San Joan gaueko suan akabatzen direnak ere badira. Hori ekidin nahi du, hain zuzen, Getxoko Itxas Egurra Haizean elkarteak, euskal itsas ondarea berreskuratu eta jagoteko helburua baitu. Horrela, material sintetikoen erabilpenak ekarritako erriberako zurgintzaren galerari aurre egin eta egurrezko ontzi tradizionalak zaharberritzeari ekin dio. M. Egimendi.

 

Iñaki Gomezi (Algorta, 1951) otu zitzaion Itxas Egurra Haizean elkartea sortzea. Arotza da ogibidez, baina Portu Zaharrekoa izaki, betidanik eduki du txalupa. Bizitza osoan konpondu du berea, baita besteei eurena konpontzen lagundu ere, gustuko lana duelako. Antzeko zaletasuna zuten beste bi lagunekin batera osatu zuen elkartea 2009ko otsailean, garai hartan, Algortan bakarrik, urtean egurrezko hiru bat txalupa galtzen zirela ikusita. Pixkanaka, jende gehiago batu zitzaien eta, gaur egun, 20 bazkide inguru ditu elkarteak.
Bazkide izateko ez dago zertan txalupa baten jabe izan, “jende askok zurgintzaren oinarri batzuk ikaste hutsagatik eman izan du izena”. Alfredo Ortiz (Reinosa, Kantabria, 1955), esaterako, bazkidea da, baina Tom y Jerry izeneko txalupa anaiak dauka Kantabrian. Gainera, denak ez dira kostaldekoak: “Zeberioko bazkide batek, adibidez, txalupa baserriko kortan edukitzen du neguan, eta udan erabiltzen du Gernikako itsasadarrean”.
Jesus Serrano (Bilbo, 1959) bilbotarra da izatez, baina bere familiak betidanik izan du txalupa Plentzian. Elkartearen berri izan zuenean, bazkidetzea erabaki zuen, berak konpondu eta zaindu ahal izateko. Berak lortu zion txalupa Zeberioko bazkideari. Batzuetan ez ei da erraza izaten, txalupa bat abandonatuta aurkituz gero, lehen eginkizuna jabea bilatzea delako, lan nekeza askotan: “Behin urtebete ibili ginen galdezka, azkenean ezagun batena zela jakiteko!”.
Zenbaitetan, txalupak bilatzen dituzte bazkideentzat, baina, gehienetan, bazkideak txalupentzat. Izan ere, txalupa bat berreskuratuko duten ala ez erabaki aurretik, behin konponduta norbaitek haren ardura izango duela ziurtatu nahi izaten dute: “Alferrikakoa da zainduko ez den zerbait konpontzea, berriro hondatuko baita. Lan eta ahalegin handiegia da; hortaz, gure indarra zainduta egongo diren ontzietan jarri behar dugu”. Hala, zaharberritu eta jabeari eman ondoren ere, txalupen jarraipena egiten dute: “Jakina, gure umeak dira! Badakigu non dauden eta noren esku. Dena den, ez da hain zaila, ez dira horrenbeste”. 2009tik dozena bat txalupa berreskuratu dute, baina kontuan hartu beharrekoa da Euskal Herriko kostalde osoan horrelako 40-50 ontzi besterik ez dela gelditzen.
Jesusek dioenez, ez dago euskal txalupa mota bakarra, bakoitza oso lotua baitago bere portuarekin:  “Adibidez, Portu Zaharraren ezaugarriengatik, itsasoa zakartzen bada, txalupak lehorrera jaso behar dira; ondorioz, arinak izan behar dute. Baina txalupak arrantzaleak itsasontzietara eramateko erabiltzen badira, Bermeon legez, askoz ere sendoagoak dira”. Dena den, Abra inguruko txalupak “politenetakoak” direla dio Gomezek: “Hemen garai batean dirua zegoen, eta txalupak detaileak edukitzeko eskatzen zitzaion zurginari, ondokoarena baino politagoa izan zedin; eta, berrikuntzak agertu ahala, guztiak egokitzen ziren horietara, beraz, bazegoen lehia”.
Elkartean dituzten ontzi berrienak 80ko hamarkadakoak dira, baina gehienak 50ekotik aurrerakoak. Txipiroitarako erabiltzen zituzten batik bat fabriketako langileek, beharra bukatutakoan arrantzatik beste soldata bat ateratzeko. Txalupa hauek mendetako eboluzioaren azken emaitza dira: aspaldi, hainbat arraunlaritako traineruak ateratzen ziren itsasora; geroago, trainerillak, arrantzale gutxiagorekin; ondoren, batelak, txikiagoak... “Eta, azkenean, lagun bakar batekoak, txikienak. Txalupa hauek dira egurrezko azken ontzi tradizionalak. Oso ondare garrantzitsua dira, gorde beharrekoa”.
Txalupa bakoitzak bere historia dauka: bizitza, dokumentazioa, jabe eta izen aldaketak...Ondo zainduta, betiko izan omen daiteke: “Elkartean daukagun zaharrena gutxi gorabehera 1919koa da, Portugaleteko bazkide batena. 1930eko trainerilla bat ere badaukagu, berton eraikia: Jose Vito. Gasolina motorra jarri zitzaion aurrenetakoa izan zen, autobus batena. Euskal Herrian geratzen diren zaharrenetakoa da”. Berezia da txalupa horren zaharberritzea, elkarteak berak hartu baitzuen horren jabetza, eman zionak hala eskatuta. Ia zortzi metro luze da, eta 1,85 metroko zabalera eta 0,85 metroko garaiera ditu. Horrez gain, orain lau ontzi dituzte esku artean, beste horrenbeste lekutan konpontzen.
Behin txalupak zaharberrituta, festa egiten dute uretaratzen dituztenean, baina tradiziotzat dute uretaratze bat gutxienez Corpus Christi egunean egitea, antzina egin ohi zen moduan. Igandea izaten denez, zaharberritutako txalupa bezperan erakusgai jartzen dute jendeak ikus dezan, ondoan ontziaren historia osoa azaltzen duen afixa batekin. Hurrengo goizean, meza aurretik, sei lagunen artean jaisten dute Algortako Portu Zaharreko plazara apaizak bedeinka dezan, Bihotz Alai abesbatzak kantatu egiten du eta, meza ondoren, uretara jaisten dute. Ospatzeko, jaia egiten dute sardinak erreta.
Urte osoan festan biltzen dira beste elkarte batzuekin ere. Euskal kostaldeko txalupa eta elkarte ia guztiak ezagutzen dituzte, baina badute harremana Euskal Herritik kanpokoekin ere: “Bretainian egiten duten elkarretaratzean egon izan gara. Han uretaratu genuen Arriluze II txalupa. Bertsolari, dantzari, txistulari eta guzti joan ginen! Hala esaten zuten gero euskaldunok jatorrak eta alaiak garela! Galizian ere sekulako jaia egiten dute bi urterik behin; eta Mediterraneoan ez gara egon, baina baditugu egon diren ezagunak…”.
Udalaren erantzunaren zain
Elkarteko kideek euren aisialdian konpontzen dituzte txalupak: “Batzuetan urte eta erdi, edo gehiago, behar izan dugu”. Eskulanak ordu asko eta asko behar ditu; guztiak kontatuz gero, “aberatsenek ere ezingo lukete egurrezko ontzi hauetako bat eduki, eta horrek ontzien desagerpena ekar lezake. Egurrezko ontzien eraikuntza ez da galduko egiten dakien inor gelditzen ez delako, baizik eta ez dagoelako inor artisautza lan hori ordaintzeko prest”. Orain, ontziaren jabea izango den bazkideak ordaintzen du berreskurapena, elkarteak ez baitauka apenas diru sarrerarik, bazkideek jartzen dutena eta Getxoko Udalak, “paper piloa bete ondoren”, urtean ematen dizkien mila euroak salbu.
Materiala lortzea ere zaila ei da askotan, Ingalaterra eta Frantziatik ekartzen dute hainbat, “guk zerbait egin ezean, ontzi hauek galdu egingo direlako”. Euren asmoa, hortaz, ez da txalupa berriak egitea, baizik eta daudenak berreskuratu eta zaintzea. Hori bai, inoiz lokalen bat balute, gustura egingo lukete galdutako ontziren baten erreplika, arrantzarako traineru bat edo...
Izan ere, arazoa tailerrean baitute, tailer ezan, hobeto esanda: “Lagun batek utzitako zurtegian daukagu orain konpontzen ari garen bat, lonja eta garaje partikularretan ere ibiltzen gara lanean... baina ez daukagu elkartearen lokalik. Hasiera-hasieratik gabiltza Udalaren atzetik, leku bat utz diezagun, baina ez dugu erantzunik jaso. Portuan bertan eraikitzeko txalupa formako hangar baten proiektua ere aurkeztu genion, baina alferrik. Hori bai, berak erabili erabiltzen du Corpus eguneko jaia argazkiak atera eta Portu Zaharra sustatzeko”. Elkartekoen ustez, horrelako leku batek bultzatuko lituzke inguruko turismoa eta kultur jarduera, areago, elkarteko batzuk prest egongo lirateke jendeari erriberako zurgintza irakasteko. Alfredok dioenez, “lan zail eta konplexua da, txalupak forma biribilak dituelako; beraz, honetan trebatzen dena gai izango da gero arotz edo ebanista lanerako”. Eta lanbidea irakasteaz gain, “inguruko erretiratuen aisialdirako edota arazoak dituzten gazteen birgizarteratzeko” ere erabili ahal izango litzatekeela uste dute. Artxibategi bat edukitzeko tokia ere behar dute, orain arte bildu dituzten plano eta dokumentu guztiak elkarteko bazkideen etxeetan sakabanatuta daudelako. “Bilera eskatu dugu zinegotziarekin lokal bat utz diezaguten, baina zain jarraitzen dugu. Bulego bat, behintzat, behar dugu, artxibategian liburuak eta bestelako agiriak gordetzeko”.
Bitxikeriak ere bai
Hainbat eta hainbat bitxikeria ezagutu dute urteotan elkartean, jabe batzuek euren txalupak benetan maite dituzten seinale:  “Duela gutxi hil den elkarteko kide batek etxe barruan eraiki zuen txalupa. Meritu handia izan zuen, etxea oso txikia zelako, 40 metro koadro baino gutxiagoko teilatupekoa seigarren solairuan! Amaitutakoan, eskaileretan behera baranda gainetik jaitsi ahal izateko neurri guztiak hartuta zeuzkan. Harena bai entusiasmoa!”.
Beste batean, Erandioko erriberako zurgin baten berri izan eta harengana jotzea erabaki omen zuten: “Txalupak egiteaz gain, berak hiru zituen, baina, hura ikustera joan ginenean, semeak zendu berria zela esan zigun, eta txalupak erre eta bere errautsak haienekin nahastuta itsasadarrera botatzeko agindu zuela”. Berandu iritsi ziren, izan ere, Itxas Egurra Haizean elkarteko kideek ez dituzte txalupak erretzeraino maite. Hori bai, lanean astiro baina tinko jarraitzen dute ontzi zaharrak berritu eta dagokien lekura itzultzeko, itsasora, alegia.