“Urtero konpontzen dugu mundua”

ppmm

Elkarrizketa Aiora Zulaika, Joxemari Agirretxe eta Mertxe Rodriguezekin egin dugu, baina berehala agertu dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots txintxurriak, Kolkotik ataleko galderei erantzuteko. Herriz herri dabiltza, baita Korrika Kulturalean ere, Txo mikmak txikiarekin batera. Beti bezala, hainbat eta hainbat lagunekin elkarlanean; oraingoan, Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zer dela-eta jotzen duzue beti beste talde batzuekiko elkarlanera?
Joxemari:
Aberatsagoa da, asko jasotzen dugu elkarteetatik. Gu ere herrigintzatik jaio ginen, Lasarte-Oria berreuskalduntzeko taldean. Herrigintza beti sentitu dugu geure, hor topatzen ditugu lanerako ideiak, lagunak...
Aiora: Iturri agorrezina da.
J: Kantak egiteko, hasieran, haurren gustuko gaiak hasten ginen pentsatzen: gozokiak, jolasa... Baina ibilian-ibilian, minbizia, kalean bizi zen Marimototsen ama edota Afrikatik etorritako neskatxa polizoia hartu genituen gaitzat. Horrelakoak egunkarietatik edo elkarteetatik jasota, horien bueltan sor­tzen dira abestiak, istorioak, bizipenak... Gai bakoitzaren atzean badago kontatzeko istorio on bat; askotan, baita arazo edo gai sozial bat ere, horren inguruan hausnarketa egin eta proposamenak luzatzeko.
A: Euskarari eta dibertsioari helduta abiatu arren, gero ikusi zen beste balio batzuk ere erants zitezkeela.
J: Umorea bizitzari begiratzeko eta bizitzeko modu bat da, baikorra, itxaropen­tsua, aurrera begirakoa, auzolanean, partekatuz... Jarrera bat ere bada, bizipenetatik, herrigintzatik... abiatzen dena. Zorionez, Euskal Herria aberatsa da lankidetzan, eta gure lanbide eta zaletasunak aukera eman digu bertsolariak, abeslariak, idazleak, aktoreak, dantzariak... denetariko pertsonak ezagutu eta elkarlana burutzeko.
A: Eta lagun asko egiteko, ezagunak eta ezezagunak.
Ezagunenak hiru pailazoak dira, baina talde handia mugitzen duzue...
Mertxe: Oholtza gaineko saioetan, 11-12 lagun.
J: Eta diskoa grabatzean, Garate estudioetatik urtero-urtero pasatzen dira ehundik gora pertsona.
A: Xabi Zabala gure musikari lagunak esaten du horiek ez direla grabaketak, gertakari sozialak baizik. Festa bat izaten da.
J: Beti askaltzen edo bazkaltzen dugu elkarrekin, tertulian... Sortzaile ezagunez gain, gurekin egon izan dira aiton-amonak, Zarauzko edota Lasarte-Oriako abesbatzak, Donostiako Orfeoiko umeak, Idiazabal edota Zaldibiako haurrak… Horrek guztiak berezi bihurtzen du disko bakoitza, elkarlanak balio erantsia duelako.
M: Bulegoan ere beste hiru pertsona egoten dira egunero. Eta diseinatzailea, jostuna, attrezzoa egiten duena... asko gara.
Nolakoa da Aiora, Joxemari eta Mertxeren lana Pirritx, Porrotx eta Marimotots ez direnean?
M: Goizez bulegoan bildu ohi gara, bakoitza bere lanean. Beste lan batzuetarako elkartu egiten gara, astean pare bat aldiz gutxienez: gidoiak prestatu, hurrengo gaiak pentsatu, diskoa nola egin... Eta beti daude elkarrizketak, bilerak...
J: Bestalde, mugimendua sortzen ari da herri hezitzailearen eta eskola herritarraren inguruan, eta 12 bat elkarte gabiltza parte-hartzea bultzatzen. Herriko abesbatzan ere kantatzen dugu, herriko antzerki eta dantza eskolaren sorreran egon ginen eta gaude, euskara taldearekin oso harreman sakona dugu... Eta Euskal Herriko zurrunbilo eta sal­tsetan ere bagaude: orain, adibidez, Albaolarekin. Ikusi genuenean baleontzi bat duela bost mende bezala egiten, egurrez, aurrera egiteko atzera begiratuz, erokeria xarmagarria iruditu zitzaigun, eta pentsatu genuen baleontzia oholtza gainera igo behar genuela. Ideia horiek ez dira bulegoan sortzen, eguneroko bizitzan baizik, herrigintzan parte hartuz.
A: Batzuetan pailazo jantzita ibiltzen gara, beste batzuetan pailazoa barruan sartzen da, baina hor jarraitzen du beti. Azken batean, dena da pailazo izatea, jarrera aktiboa da.
Gai sozialki konprometituak lantzen dituzue. Umeentzat eredugarri izan nahian?
J: Hasieran konturatu ginen umeek kopiatu egiten zutela guk esan edo egiten genuena; hala, batek baino gehiagok puskatu zituen arrautzak etxean. Eredu ginen eta gara, gurasoak bezala. Hortaz, pentsatu genuen euskaraz barre egin eta alaitasunez bizitzeaz gain, hausnarketa egin ahal genuela hainbat gai sozialen inguruan, balio batzuk landu eta proposamenak luzatzeko. Beti ere jolastuz eta dibertituz, haziz eta heziz, ikasiz eta partekatuz.
A: Gure koloretako begietatik errealitatea iragazi eta koloretako mezua zabalduz.
Helduentzat tristeak diren gaiak umeek beste era batean bizi dituzte?
M: Bai, gai horiek gogorragoak izaten dira helduentzat umeentzat baino.
A: Heldu bihurtzen garen heinean, gehiago barneratzen ditugu gauzak eta sakonago bizitzen ditugu, enpatizatu egiten dugulako. Haurrak ere enpatizatzen du, baina ez dauka burua guk bezala egituratuta: ez du taburik, ez dago kutsatuta. Haurra heldua baino askoz ere baikorragoa da, beste alaitasun puntu bat dauka.
J: Ospitaleetan ikasi dugu tristurak eta pozak partekatzen direnean beti direla goxoagoak, emanez eta jasoz sortzen dela bizipoza. Umorea jarrera bat da eta horren barruan tristura ere sar daiteke.
A: Porrotxek negar asko egiten du oholtza gainean…
J: Bai, baina saio guztiak bukatzen ditugu saltoka, kantari eta euforiko. Hori gailen­tzen da. Egin dezakegu negar, jar gaitezke triste, edo haserre... baina pozik bizi gara elkarrekin, aurrera begiratuz beti, pentsatuz mundua konpon daitekeela. Berez, urtero konpontzen dugu, nahiz eta hurrengo urtean berriro egoten den konpontzeko…
A: Sentipenen terapia egiten dugu, sentiterapia, konpontzaileak gara.
Atzerrian ere ibili zarete, berdinak dira haurrak leku guztietan?
M: Berdintsuak. Nikaraguan, Boisen, Kuban, Londonen, Saharan, Etiopian, Palestinan... egon gara; baina, kanten letrak ulertu ez arren, musika ulertzen dute, eta gurekin dantzatzen dira.
A: Bai, eta piztu egiten zaizkie begiak. Dena den, hiriko umearen eta baserri giroko edo herri txikiko haurraren artean ere suma daitezke ñabardurak erantzuteko moduan, begiratzean... Halere, oro har, umea ume.
J: Haur guztiek dute jolasteko, dantzatzeko, kantatzeko, amesteko, irudimentsu bizitzeko… joera. Alaitasun hori berezkoa dute, guk ez dugu inon arazorik izan haiengana heltzeko. Palestinan, kolonoz inguratutako herrixka batean, oso baldintzatuta dituzte ekonomia, elikadura, kultura, ibiltzeko askatasuna... Saharako kanpamentuetan egoera jasanezinean bizi dira, basamortutik atera ezinik... Egoera horrek markatu egiten ditu, beraien egunerokotasuna baldintzatzen duelako. Horrek egiten ditu ezberdin. Alde horretatik, haiekin enpatizatzea oso erraza da.
Haurrak krudelak direla esan ohi da. Hala uste duzue?
M: Nik ez nuke hori esango, naturalak dira.
A: Eta egozentrikoak, behar dutelako. Nia da gauza bakarra haientzat: nire ama, nire gosea, nire egarria, nire nahia. Geroago konturatzen dira jende gehiago dutela inguruan, baina hori ez da krudelkeria, egozentrismoa baizik, berezko izaera.
J: Haurren sentimenduak naturalak dira, denok dauzkagu. Denok gara tarteka, edo izan gaitezke, geurekoiak.
A: Haurra ez da berekoia. Egozentrikoa hitzarekin esan nahi dut bere egoan zentratuta dagoela. Ondokoari zerbait kentzen dionean, momentu horretan berak behar duela sentitzen duelako da. Gero, ulertu egin beharko du elkarbizitza.
J: Denok ulertu beharko genuke, umeak gure ispilua ere badirelako neurri batean. Beharrekin jaiotzen dira, dena xurgatzen dute, esperimentatuz ikasten dute, baina inguruak ere eragina du. Gu txikitan kalean jolasten ginen, orain denok bizi gara segurtasunaren menpe eta beldurrez. Autoak nagusitu dira, segurtasun eza sortu da. Herriak egin dira autoa duen gizon langilearen mentalitateaz. Ez oinezkoen, haurren, emakumeen edo urritasuna duen pertsonaren mentalitatetik begiratuz. Dena den, umeak zoragarriak dira, gu bezala! Edo gehiago, ez daudelako gu bezain kutsatuak.
Zenbat urterekin abandonatzen zaituztete zuen jarraitzaile txikiek?
M: Umearen arabera. 8-9 urterekin hasten dira pentsatzen pailazoak ume kontuak direla, baina garai hori pasatzen dutenean, 14-15 urterekin, asko etortzen dira berriro bueltan.
A: Polita da, eta dagoeneko gertatzen ari zaigu, gure haurrak izandakoak hasi direla guraso izaten. Aiton-amontzen gaituzte nolabait!
J: Adina jaisten ari da, ematen du etapak azkar erre behar ditugula. Halere, eskola batera joan eta 12 urtekoak gonbidatzen baditugu, begiratzera bakarrik etortzeko esanez, umeak ez balira bezala, azkenean buru-belarri sartzen dira. Eta joaten garenean Kilometroak bezalako festetara, 15-16 urteko ehunka gaztetxo inguratzen zaizkigu gurekin argazkia ateratzeko. Berriro sentitzen dira oso gertu, adierazten digute beren bizitzako parte izan garela eta oso pozik daudela horregatik. Gurasoekin ere gertatzen da distantzia hartze hori. Nik erdi txantxetan esaten nien seme-alabei 13-14 urte zituztenean: ‘Badakit maite gaituzuela, e? Baina sentitu beharra dugu...’. Aho zabalik geratzen ziren gurasoak maitasun eske ikusita. Bene-benetan maite zaituzte, baina iristen zaie adin bat non euren tokia behar eta bilatzen duten. Eta etapa hori ere pasatuta, barru-barruan zegoen maitasunak hor dirau. Pailazoekin, berdin. Oso modu naturalean har­tzen dugu hori. Badoaz gugandik eta pozik gaude, txoriak bezala hegan hasten direlako. Eta egunen batean txoritxo horiek bueltan etortzen badira, guk muxu batez eta besoak zabalik hartuko ditugu.
A: Adin horrekin tokatzen zaizkie ber­tsolariak, Ken Zazpi, Su Ta Gar, Gatibu... Orain beste batzuen txanda da, kar, kar, kar!
Zenbat muxu banatu ote dituzue?
J: Ai! Eta jaso? Askotan esaten digute pazientzia handia dugula, baina...
A: Gure ofizioa zerbaitetan bada esker onekoa, horretan da. Asko ematen dugu, baina bueltan biderkatuta dator. Besarkada bat edo haur bati esandakoa, berak berriro ikusten gaituenean gogorarazi egiten digu batzuetan. Sortzen den energia hori oso berezia da, oso polita.
M: Pribilegiatuak gara. Oholtzako lana bukatuta jaisten garenean, sekulako besarkadak jasotzen ditugu. Ez da itomena, mauka baizik, gauza handia!
J: Jasotzen dugunak eraman gaitu besteen lana baloratzera, baita hain publikoa ez den lan hori ere. Nik orain eskerrak ematen ditut beti edozer gauza jasotzen dudanean, nahiz eta ordaindu. Tabernan kafetxo bat eskatu eta maitasunez egin dizutela ikusita, eskerrak ematen dituzu. Azken batean, denon lana da beharrezkoa. Esaterako, azken urteotan areagotu egin da Durangoko Azokan sortzaileak jendaurrean egotea, liburuak eta diskoak sinatzen-eta. Nik denei entzun diet esperientzia ederra dela, ez zeuden ohituta; baina guk 27 urte daramagu horretan. Hartu-eman hori ederra da edonorentzat, idazlea, kantaria edo AEK-ko irakaslea izan, eta beharrezkoa. “Arrakastaren” arrazoietako bat gertutasun hori ere bada. Saioa bukatu arren, etxeratu aurretik muxua jasoko duzu, argazkia atera... Batzuetan gertatu zaigu aretoko langileak esatea amaitu egin behar dugula, bere lan orduak bete direla, baina guk ez dugu artean gure lana bukatu.
A: Partidaren bigarren zatia da, lehenengoa oholtza gainean igarota. Batzuei kostatu egiten zaie ulertzea, baina gu momentu horretan lanean ari gara.
J: Gutxi dira ulertzen ez dutenak. Gure saioen antolatzaile gehienak lagunak dira, urteen poderioz maila profesionaletik haragoko harremana sortu delako. Urtero parteka­tzen ditugu muxuak, euforia sentsazioa, poza, euskara, herri izaera… Merezi du, munduan hain herri txikia izanda, pozik bizitzea eta ematekorik baduzula sentitzea. Sentsazio hori ederra da arazoak dituen, izateko eskubidea ukatua duen, hizkuntza egoera larrian duen… gurea bezalako herri batean.
A: Hori guztia musuka aldarrikatzen dugu. Pailazoen mundua, irudikatu eta gauzatzen duguna, guk nahi dugun errealitate hori da. Gure ametsa hein handi batean betetzen da oholtza gainean, eta hori oso lagungarria da guztiontzat.
J: Eta gure inperfekzioekin, gure inperfekzioak direlako gure perfekzioa. Ez gara ez aktore, ez abeslari, ez dantzari... baina egin egiten dugu. Askotan gonbidatzen dugu jendea oholtza gainera, gurekin dantzatzera. Guk primeran egiten badugu, perfekzioz, jendeak berehala esaten du berak ez dakiela eta lotsatu egiten da. Ez, ez! Pasa dezagun ondo, eta ospatu! Aupa auto-estimua! Sen­tsazio hori bizi eta kutsatzeak, inperfekzio eta guzti, bihurtzen gaitu hurbilago.
Euskara bultzatzeko sortutako taldea izanik, nolakoa da ia 30 urteotako balantzea zuen ikuspuntutik?
A: Gure unibertsoa elebakarra da. Oharkabean bultzatzen ditugu ingurukoak euskaraz egitera gurekin daudenean. Nahiz eta lardaskatuz jardun, pixka bat baldin badakite, guraso edo aiton-amonek guri euskaraz egiten digute. Gure pertzepzioa, hortaz, engainagarria da nolabait. Halere, ezagutzari dagokionez, aldea sumatzen da.
J: Nafarroan, adibidez, Erriberara joan eta, lehen, oso gauza oinarrizkoak erabiltzen genituen ulermena errazteko: koloreak-eta. Halere, urtetik urtera exijentzia maila igo egin da, aurrera egin behar dugu. Mendialdean aurrera doan sekulako mugimendua dago, Iruñerria oso indartsu dago, Lizarran gora doa nabarmen, Tafallan ere bai... Erriberan dago arazoa. Hor herrigintzak bakarrik ezin du, aldaketa estrukturalak behar dira, Gobernua aldatu behar da. Baskongadetan, aldiz, eroso bizi gara. Beharra baldin badago, aurrera egiten dugu. Lasarte-Oria, adibidez, Gipuzkoako Sartaguda da, baina beharrik ikusten ez bada, erlaxatu egiten gara. Iparraldean, Seaskan, gazte eta guraso multzo oso indartsua dago, baina oso egoera delikatuan. Euskara, azken batean, hizkuntza baino gehiago da. Oinarrian komunikatzeko tresna izanik, hori baino gehiago dela sentitzen dugu: parekidetasuna biziko duen hizkuntza bat, ekologia, elkartasuna, justizia... Euskara erakargarria izango da balio horiekin bat egiten duen neurrian, baina hori ez da nahikoa. Neurri politikoak, juridikoak eta ekonomikoak behar dira eta, zoritxarrez, ez daude gure esku.
Marimotots euskalduna da, baina Mer­txek ikasi egin du euskara…
M: Bai, eta oso inportantea da sentimendua. Nire familia erdalduna da, baina nik sentitu dudalako ikasi dut, ez beharragatik. Inguruko jendeak, Aiorak eta Joxemarik tartean, transmititu egin didate euskara eta hemengo kultura ezberdinak direla. Ez hobeak, ez okerragoak, baizik eta ezberdinak. Hemen euskaraz desberdin bizi izaten da. Ni erdaraz jaio eta eskola nazionaletara joan nintzen. Institutura ailegatu arte, nire bizimodua erabat erdalduna zen, ez nekien ezer euskaraz. Seigarren mailan, fitxa handi bateko elkarrizketak buruz ikasi behar izaten genituen eta ez nuen ezer ulertzen, hura sufrimendua! Bizilagun euskaldunak nituen etxepean, baina amak seme-alabei beti egiten zien gaztelaniaz... Egun batean, pertsona bat euskaraz zuzendu zitzaidan eta ez nion ezer ulertu. Gogorra egin zitzaidan, orduan sentitu nuen beharra. Aste berean berriro gertatu zitzaidan, bigarren aldiz. Lagun batek erantzun zuen nire ordez, eta lotsatu egin nintzen. Gutxienez ulertzeko adina ikasiko nuela erabaki nuen orduan. Hala hasi nintzen, eta aurkitu nuen jendeak asmatu zuen hemengo kultura eta euskararekiko sentimendua transmititzen. Deskubrimendu handia izan zen niretzat. Derrigor ikasi behar duela esaten badiozu, jendeak ez du gustura har­tzen; beraz, euskaldunak dauka sentimendu hori transmititzeko giltza. Eta ez da erraza.
J: Legeak ere behar dira, jendeak beharra sentitu behar du, eta horretan eskas gabiltza. Euskarak erakargarria izan behar du, baina Euskal Herrian bizi gara eta hemen euskarak beharrezkoa behar du izan. Beste edozein tokitan bezala, bakoitzean bere hizkuntzarekin. Ukatua dugun eskubide natural hori aldarrikatzean, badirudi politika egiten ari garela; baina besteek badute hori, ez dute aldarrikatu beharrik, ez dute politikarik egiten. Politika egiten du ez daukanak.
M: Kultur transmisioa oso garrantzitsua da, kultura tresna handia baita jendea erakartzeko. 
J: Baina ez dago kultur estrategiarik Euskal Herriko erakundeetan. Ekintzaileak gara eta kulturgileek egiten dute lan hori. Lasarte-Oria bezalako herri baten eraldaketan euskal antzerkiak, dantzak, literaturak, musikak, solaskide proiektuak... eragin handia dute, baina herritarrek egiten dute, ez dagoelako hori guztia bultzatuko duen estrategia instituzionalik: ez bitartekoak jartzeko, ez lehentasuna emateko. Eta hori beharrezkoa da. Zorionez, gaur egun, Euskal Herrian kultur abangoardiak euskaraz hitz egiten du.
KOLKOTIK

Zer izan nahi duzue handitan?
Marimotots:
Nik txikia izan nahi dut!
Pirritx:
Nik, baserritarra!
Porrotx:
Nik... Porrotx izan nahi dut!
Zerk eragiten dizue barre?
Pi:
Denak eragiten digu barre!
Po:
Barrez bizi gara! Negar ere egiten dugu, baina pozik bizi gara eta tarteka barre egiten dugu.
Ma:
Eta tarteka tristatu ere egiten gara...
Zerk ematen dizue pena handia?
Ma:
Lagunak gaizki ikusteak, mendiak triste ikusteak, itsasoa zikin ikusteak...
Po:
Mekatxiporreta! Egia esanda, mundua dagoen bezala ikusteak ere ematen du, pena baino gehiago, haserre puntu bat, e?
Zein janari gustatzen zaizue gehien?
Po:
Gustatu, gustatu... planplona txorizo bokata…
Pi:
Eta batez ere, pila-pila... patata tortilla!
Ma:
Porrotxi dena gustatzen zaio, dena jaten du!
Po: Bai, probatzea da gakoa!
Ma:
Probatzen du nirea, Pirritxena, amonarena, Joxepa behiarena...
Po:
Dena dago goxoa!
Pi:
Bai!
Nori ez zeniokete inoiz musurik emango?
Pi:
Inori ez. Aukera eman behar da, ezta?
Ma:
Bai, denei emango nieke...
Po:
Beno... muxua izan daiteke pozik zaudelako, triste zaudelako... eta balio dezake kutsatzeko! Merezi ez duen horri emanda, ea zerbait baikorra sortzen zaion!
Ma:
Oso ondo, Porrotx! Oso ondo!
Txintxo egiten dituzue amona Josefinak esanak?
Ma:
Bai... oso txintxo!
Pi:
Batzuetan...
Po:
Marimototsek esandakoak gezur ­itxura du...
Ma:
Txintxurriak garelako, txintxoak eta bihurriak!
Nor da hiruretan lotiena?
Ma:
Porrotx!
Pi:
Bai!
Po:
Bai, zera!!!