Bartzelona, euskal zinemaren hiriburu

zinemaldia

Otsailaren 5etik 15era euskal zinemak hartuko du Kataluniako hiriburua, Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturiko Zinemaldia.cat jaialdia egingo baita. Hamargarren edizioa izango da aurtengoa, eta hainbat berrikuntza ekarriko ditu. Esaterako, bi sail nagusi izango dira: fikziozko lanena eta dokumentalena. Lehen sailean, besteak beste, Loreak, Lasa eta Zabala edo Los tontos y los estúpidos ikusi ahal izango dira. Dokumentalen sailean, berriz, Ateak zabalduz, Echeverriatik Etxeberriara edota Lantanda. Batzuetan zein besteetan, filmen zuzendari, aktore eta ekoizleekin hitz egiteko aukera izango da emanaldien ostean. Aurten, gainera, sail bakoitzeko film onenak eta euskarazko onenak diru-saria eskuratuko dute, Txapela d'Or sariarekin batera. Berrikuntza gehiago ere izango dira. Hala, zinema maratoia antolatu dute Julio Medem zuzendariaren filmekin; haurrentzako gunea zabalduko dute; eta Alter Zinemaldia izeneko sailean, euskal zinemaren eskaintza zabalagoa ikusi ahal izango da. Adibidez, Kimuak programako film laburrak eskainiko dituzte. Egitarauaren xehetasun guztiak http://www.euskaletxea.cat/zinemaldia/ gunean ezagut daitezke.


erdibanaURTEETAN GORA joan arren hiltzeko batere gogorik ez duen ama, hondoa jotzear den enpresaren jabea den semea, ama zaintzen duen beste semea, asteazkenero etxera bisitan joaten zaien Jehovaren testigua... Senideek etxea saldu behar dute derrigorrez, baina lehenago, gau luze batean, sekretuz beteriko elkarrizketa izango dute. Osagai horiek guztiak ditu Txalo konpainiak ekoitzitako Erdibana komediak. Jordi Sanchez eta Anton Gomezek idatzitako Mitad y mitad lanaren euskarazko bertsioa otsailaren 8an estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian. Begoña Bilbaok zuzendu du antzezlana, eta Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza aktoreek gorpuztu dituzte protagonisten rolak. Bilboko estreinaldiaren ostean, beste zenbait lekutan ikusi ahal izango da Erdibana: hilaren 21 eta 22an Donostiako Antzoki Zaharrean eta martxoaren 13an Tolosako Leidor antzokian.

LABURREAN

OTSAILAREN 10etik 15era, Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia egingo da Iruñeko Baluarte auditoriumean. Bederatzigarren edizioa du honakoa, eta, ohi legez, hainbat sail izanen ditu. Sail ofizialeko lehiari leku egiteko Erdialdea deritzon atalaz gain, hiru atzera begirako ere eginen dituzte: Chez les Basques, Ipar Euskal Herrian errodatu izan duten filmegileei  eskainia (Lumière anaien, Orson Wellesen eta beste hainbaten lanekin); Uharteak, irlekiko begirada dokumentalari erreparatuko diona; eta Margaret Tait zinemagile eskoziarrari eskainitakoa. Horiez gain, X Films egitasmoko partaideen lanak izango dira ikusgai, beste zenbait aurkezpen eta erakusketekin batera. Egitarau osoa http://www.puntodevistafestival.com/eu gunean kontsulta daiteke.

neworleansEIBARKO XXXVIII. Nazioarteko Antzerki Jardunaldien baitan, 20 ikuskizun eskainiko dituzte otsailaren 20tik martxoaren 25era. Euskarazko eta gaztelaniazko emanaldiak tartekatuko ditu egitarauak. Euskarazko lanei dagokionez, Vaivén Produccionesen New Orleanseko Cyrano haurrentzako ikuskizuna, Tanttaka Teatroak eta Espainiako Antzerki Zentroak ekoitziriko Barealdi magikoa, Markeliñeren Makinista eta Txaloren Erdibana ikusi ahal izango dira, baita Kukai dantza taldearen Gelajauziak ere.