'71

zinekritika

Zuzendaria: Yann Demange. Gidoia: Gregory Burke. Aktoreak: Jack O'Connell, Paul Anderson, Sean Harris, Sam Reid, Charlie Murphy, David Wilmot. Erresuma Batua, 2014.

Istorioa: Belfast, Ipar Irlanda, 1971. Irlandar errepublikanoen aurkako operazio batean, Gary Hook soldadu britainiarra bakarrik geratuko da katolikoen auzoan. Bere burua salbatzeko bereak eta bi egin beharko ditu.
Zuzendaria: telebistarako lanean zaildua, '71 lehen filma du Demangek. Ez da oharkabean igaro, iazko Berlingo Zinemaldian aurkeztu zutenetik hainbat sari jasotzeko hautagai izan baita.
Txarrena: Ipar Irlandako gatazkak ale bikainak utzi ditu zineman: Hunger, Bloody Sunday, Hidden Agenda...  Halere, zerikusi gutxi du horiekin '71-k. Akaso, estilo aldetik antzekotasunak topa dakizkioke film horietako batzuekin, baina mamiari dagokionez deus gutxi. Auzi politikoa ahaztuta, testuingurua thrillerra garatzeko baliatu du Demangek, eta giza ehizaren baitan urtzen dira gatazkaren ertzak.
Onena: gatazkaren nondik-norakoen kontua alde batera utziz gero, eta narrazioan zenbait gorabehera sumatzen badira ere, denbora-pasarako film txukuna suerta daiteke.
Eñaut Mitxelena