Berri Txarrak, bira arrakastatsuan

BERRITXARRAK

Berri Txarrak taldeak hasi besterik ez du egin Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza aurkezteko bira. Arrakasta handiz hasi ere, behin baino gehiagotan agortu baitira sarrera guztiak talde nafarra ikusi eta entzun ahal izateko. Hil honetan, Espainia, Herrialde Katalanak eta Alemania aldera joko dute taldekideek, eta ez ditugu berriro gure artean ikusiko martxoaren 13ra arte, Miarritzen egongo baitira orduan. Handik berriro egingo dute Espainia aldera, eta, Euskal Herrian berriz elkartzeko, Gasteiz eta Bilboko eszenatokiak zapaldu arte itxaron beharko dugu, apirilaren 18an eta maiatzaren 9an, hurrenez hurren. Hogei urteko musika ibilbidea beteta, hogei abestiz osatutako egitasmo berria sortu du taldeak. Hiru zatitan banatutako lana sortu dute, ekoizle arras ezberdin banarekin: Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson & Jason Livermore. Izan ere, taldearen ustez, musika “etengabeko bilaketa” da. Bistan da bidea, behintzat, aurkitu dutela.


lurraLURRA taldearen lehen disko luzea da Akatsa sisteman. Iñigo Muguruzak eta Ane Garciak gidatzen dute taldea; bien artean idatzi dituzte, halaber, abestien hitzak, non amorrua, malenkonia eta etsipena islatzen diren. Ohikoak dituzten musika estiloak baliatu dituzte lan honetan ere: indiefolka, worlda, bluesa, reggaea, ragtimea, ska, jazza, duba... Ane Garcia (ahots nagusia), Iñigo Muguruza (gitarra akustikoa), Carlos Zubikoa (baxua eta koroak) eta Iban Larrebururen (bateria) lan honetan, hainbat lagunek kolaboratu dute: Xabi Solano, Petti, Maite Neighbor, Jon Elizalde Jontron, Sergio Patxuko, Oskar Benas, Xabi Dols… Kirmen Uriberen hitzetan, “taldeak ondo baino hobeto daki zein diren sistemaren akatsak: gizatasuna galtzea, inguruarekiko errespeturik eza, lukurreria jar­tzea bihotzen aurretik”.

 

pettiASTIRTIAN
Petti
Bonberenea Ekintzak, 2014

Folka, bluesa eta rocka trebeki nahasten ditu musikari beratarrak bere ahots sarkor eta indartsuari esker. Halaxe gertatzen da bost abestiko disko labur honetan ere, bakarka kaleratu duen seigarrenean. Giro lasaiez eta rock erritmoez jantziak eskaintzen dizkigu melodia hunkigarri eta samurrak. Lehen aldiz en­tzun ondoren behin eta berriz entzuteko gogoa pizten duten kantu horietakoak dira. Grabazioan, nafarrak hainbat musikari izan ditu lagun: Karlos Aranzegi, Iñigo Telletxea, Igor Telletxea, Joxan Goikoe­txea, Estitxu Pinatxo eta ­Freddi Pelaez.

kxKX
Keu Agirretxea & Xabier Iriondo
Mauka Musikagintza, 2014

Keu Agirretxeak eta Xabier Iriondok esperimentatuz lortu dute KX proiektu musikalean melodiek eta avant-garde soinu gordinenek bat egitea. Lan hau Milanen eta Ondarroan sortutako bidaia musikala da. Izan ere, Xabier, Afterhours taldeko kidea bera, Italian ibili da azken 20 urteotan, eta musika proiektu ausartetan hartu du parte. Keu gitarra-jotzaile eta abeslariak, berriz, hainbat musika estilo landu ditu bere ibilbidean Uek, Governors, Etsaiak eta Fjord taldeetan. Hainbat kolaboratzaile ere izan dute, tartean, Kirmen Uribe, Mikel Etxaburu edota Josu Eizagirre.