Oldartutako doinuak

revoltaGENESIS
Revolta Permanent
Gaua Records, 2014

Hamarkadaren hasieran, Revolta Permanent rap bikoteak oihar­tzun zabal samarra lortu zuen euskal hip-hoparen baitan. Gero, Iker Aginaga eta Iker Villa buru-belarri sartu ziren Herri Oihua rap metal taldean; ondorioz, apur bat bazter utzi zuten hasierako egitasmoa. Orain, berriro itzuli dira, ondo lagunduta itzuli ere: Aitor Abio Pi-LT taldean aritutako musikaria dute ondoan. Izan ere, Abiok konposatutako doinuek bultzatu dute bikotea berriro plazara agertzera. Egia esateko, Abioren lana da diskoaren osagairik aipagarriena: haren doinu ilunak, erritmo barroko eta irudimen­tsuak eta ehundura aberatsak koltxoi ezin hobeak dira Aginaga eta Villaren berba jariorako; eta zenbait kasutan, elektronika, rock industrial eta are kraut rocketik gertuago daude ohiko hip-hopetik baino, hip hopa esperimentaziorako esparrua zeneko garaiak berriro akordura ekarriz. Lan berriak musika ausart eta abangoardiakoaren zaleen arreta erakarri du; ezin bestela izan. 

Gotzon Hermosilla