Eutsiko diogu? Fermin Etxegoien galdezka

etxegoien

Galdera luzatu die Fermin Etxegoein kazetariak sorkuntzaren hainbat arlotan dabiltzan euskal profesional autonomoei. Etorkizunaz galdetu die euren lanean “nolabaiteko epikotasunez” ari diren gazteei, biziraupen ekonomikoari eta kulturalari buruz. Galdera bakarretik hasitako hamabi elkarrizketa bildu ditu liburuan, protagonista hauekin: Ander Lipus, Estitxu Eizagirre, Luistxo Fernandez, Mari Añes Gorostiaga, Eñaut Elorrieta, Miren Amuriza, Hedoi Etxarte, Maider Unda, Iban Arantzabal, Maia Eder Kurutxet, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Miren Agur Meabe. Kazetariaren aburuz, “inoiz baino gehiago lortu den garaian, orain, badirudi azkenetan garela”. Hori dela-eta, profesional hauek egoerari nola egiten dioten aurre jakiteko, “modu naturalean” sortutako solasaldi “jatorrak” bildu ditu liburuan. Izan ere, ez dira galdera-erantzun egituran gauzaturiko elkarrizketak, kazetaria tarteka baino ez baita agertzen, “irakurleak senti dezan elkarrizketatua berari ari zaiola”.


ladronHARRIAN MEZUA du izena Alberto Ladron Aranaren azken thrillerrak. Elurte handi baten ondoren, Nafarroako mendietan agertutako hiru gizonezkoren gorpuak dira nobelaren abiapuntua. Nabaria denez modu bortitzean hil direla, foru polizia arduratuko da kasuaz. Gainera, lau urteko neskato bat bahituko du, zantzu guztien arabera, hiru gizonezkoen hiltzaileak. Ladron Aranaren zazpigarren nobela da hau, eta haren estiloaren ohiko osagaiak aurki daitezke bertan: erritmo eta elkarrizketa arinak, etengabeko suspensea, trama korapilatsu baina ulergarria... Halere, bada berrikuntzarik, adibidez, ikertzaile protagonista foru polizia izatea. Idazleak, gainera, bere hurrengo nobeletan Leire Asiain inspektoreari jarraipena emateko asmoa agertu du.

afterAFTER BANKSY
Eric Dicharry
Maiatz, 2014

Dicharryren kolaborazioak Maiatz aldizkarian esperimentalak bezain probokatzaileak izan ohi dira azken urteotan. After Banksy izeneko lan berri hau New Yorkeko egonaldi baten fruitua da, idazlearen ohiko gogoeta eta salaketen bideetatik dabilena. Hemengo berezitasuna da zuri-beltzezko 139 argazki erakusten direla: mendebaleko munduaren kontsumoak eta itxurakeriak, multimedia eta cyber giroaren bidez itoak eta goi-dimentsionatuak.

 

 

urariURARI OSTUTAKO POEMAK
Pako Aristi
Susa, 2014

Gipuzkoako Getarian egindako ibilaldietan Aristiri sortutako hainbat burutaziotan oinarritzen dira poema hauek. Honela min­tzo zaigu egilea: “Bosteraino kontatzen jakitea aski zait bizitza ulertzeko. Bost: nire bakardadeak dira bost. Lau: nire lagunak dira lau. Hiru: nire ilusioak dira hiru. Bi: nire amodioak dira bi. Bat: heriotza da bat eta bakarra”. Gogoetak barreiatuz, istorioak kontatuz... bidaia samurra eskaintzen digu poetak, pasadizo xumeetatik abiatuta unibertsoaren neurrira eginak gaudela deskubritu arte.