Ana Jaka

anajakaNobela laburra da nire lehen proposamena. Nobelazalea naizen neurrian, opari hutsa iruditzen zaizkit behingoan irensteko aukera ematen duten horrelako harribitxiak. Irene Nemirovskyren Dantzaldia da nire kuttunetako bat, Eider Rodriguezek itzulia. Berak egina da, halaber, edizioaren hitzaurrea, interesgarria oso, dena esatearren.
Pello Lizarralderen Sargori da nire bigarren hautua. Ipuin hauetan konta­tzen dena fisikoki sentitzera eramaten du Lizarralderen idazkerak, eta horregatik liluratu ninduen liburuak. Sargoria dute protagonista ipuin guztiek, eta hain da erreala, ezen aldatu egin baitzidan Euskal Herriaz nuen irudikapen inozoa: euria eta lainoak...
Bukatzeko, Danele Sarriugarteren Erraiak aholkatu nahiko nuke. Asko hitz egin da egilearen ausardiaz eta estilo gordinaz. Niretzat, ordea, adorea irakurleari eskatu behar zaio, liburua gure jendarteaz ari delako eta hori ulertzeko liburu honek dituen gaurkotasuna eta zintzotasuna ez direlako maiz aurkitzen.