Orpoz orpo

orpozorpozErnesto Prat Urzainki
Txalaparta, 2014

Arnasestua. Arnasestua. Arnasestua. Norbait dabilkizu atze­tik, orpoz orpo, pistola eskuan; edo polizia-plaka edo kaputxa soinean. Arnasestua. Arna­sestua. Arnasestua. Norbait dabilkizu atzetik, zirriak eginez fin, alua ozeano bihurtu arte, zakila are gogorrago jar­tzeraino. Tantak, marrubiak, ezpainak (handiak eta txikiak), hazia eta arnasestuak. Julia Roberts. Literotura.
Karlos Karlitos da Ernesto Prat Urzainkiren bigarren nobelako protagonista. Iruñeko gazte mugimenduan barreiaturik, sasira egin beharko du alde, Frantzia aldera, zenbait atxiloketa direla-eta. Halere, sasiko hotzak eta barrenak berotuko dizkizu larrua jotzeaz gain masturbatu ere egiten den Karlitosek. Sarritan, barre algarak ere alaituko dizu aurpegia. Izan ere, hainbat egoera bitxi eta barregarri biziko ditu zakil tente etengabe horri kasu egiteagatik. Behin eta berriz zut, astazakil hori.
Hemen gorderik edota han biluzik, badirudi kontrapuntua eman nahi izan diola idazleak betiereko heterosexualitate gogaikarriari; gizontasun hegemoniko zakilixuten usteak erdi usteltzen baitituzte maiz Karlosen ingurukoen pentsamenduek. Gainera, protagonista heteroak, hain heteroa denak, ezingo dio beti eutsi bere heteroego horri. Faloa zimur.
Hortaz, barrea, aieneak eta tiroak. Guztiak elkarrekin, edo elkarren segidan. Orpoz orpo.
Alaitz Andreu