Txanponak Historian, Historia txanponetan

txanpona

Diruaren txin-txin hotsean dantzatu izan da gizakia Historiaren parte handi batean. Ondorioz, Historia ezagutzeko modua eskaintzen dute txanponek. Euskal Herriakoa ere bai, Mikel Legorburu (Donostia, 1957) historialari eta numismatikan adituak erakutsi digunez. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Aranzadi Zientzia Elkarteko Numismatika sailaren arduraduna da Legorburu, baita txanpon bildumagile porrokatua ere, gazte-gaztetatik. Bere ustez, Historiaren bide sigi-sagatsua azaltzeko bidaide egokiak dira txanponak: “Gauza askoren berri ematen digute txanponek. Zer erosiko zen txanpon batekin bere garaian? Nolakoa zen jendartea? Zein balio zuen txanpon jakin batek? Zein erregek sortu zituen eta zein lurraldetan erabili ziren? Non zegoen diru-ola? Zer-nolako sinbologia zuen? Zein hizkuntzatan agertzen zen?...”. Era berean, aztarnategietan datazio lanak egiteko ere oso baliagarriak dira. Legorbururen hitzetan, “izugarri garrantzitsua da non aurkitu diren jakitea, eta zein testuingurutan. Lurzoru batean agertu bada txanpon bat, lur geruza horretan eta gaineko nahiz azpikoetan agertutako aztarnak noizkoak diren jakiteko arrastoak emango dizkigu segur aski”. Hortaz, tamaina txikiko objektuak izanagatik, informazio handia gorde dezakete txanponek: “Normalean, gezur gutxi esaten du txanponak; dokumentuek gehiago. Askotan, txanpon batzuek erakusten digute zenbait dokumentutan ageri diren gezurrak horixe direla: gezurra”.
Euskal lurraldean girgilatutako lehen txanponak baskoiek egin zituzten, K.a. II. eta I. mendeetan. Aurretik, trukea erabiltzen zuten baskoiek. “Bertakoek ez zuten txanponik egiten, erromatarrak iritsi arte. Haiek hasi ziren Iberiar penintsulako biztanleekin, tartean baskoiekin, trukerako txanpon edo pieza metalikoak erabiltzen”. Zerbitzuak ordaintzeko ere baliatzen ziren. Esaterako, erromatarrek euren armadan mertzenario ibilitako baskoiei zilarrez ordaintzen zieten. “Zilar horrek, formarik gabeko metal puska izan beharrean, agintariren batek ipinitako ikurra izaten zuen, zilar horri bermea emateko”.
Erromatarrak euskal lurretan izan ziren epealdian, zenbait txanpon berton girgilatu ziren. “Gutxi batzuk dira, K.a. 20. urtetik K.o. 41. urtera arteko tartean eginikoak. Latinezko izkribuak dituzte”. Erromatar Inperioa indartu ahala, tokian tokiko ezaugarriak desagertu egin ziren txanponetan. Hala, K.o. IV. edo V. mendera arte, Inperioko hiri nagusietan txanpondutakoak erabiliko dira. “Errealitatean, guk ez genuen pisu handirik erromatarren historian”. Nolanahi ere, zenbait txanpon berton girgilatzeak badu bere esanahia Legorbururen ustez: “Hemen nolabaiteko autonomia bazegoela adierazten du”.
Aro nahasiak
Erroma ahultzearekin batera, Europako iparraldeko herri barbaroak iritsi ziren kontinentearen hegoaldera, V. mendean. VIII. mendetik XV. mendera bitartean, aldiz, musulmanak izan ziren nagusi Iberiar penintsulan (Euskal Herrian, soilik hegoaldean, lautadetan, egonkortu ziren). Kalitate aldetik, “izugarri onak” ziren erromatar txanponekin alderatuta, “esan daiteke Iparraldeko leinu barbaroen txanponak zabarrak direla, bai numismatika aldetik, bai arte moduan. Oso traketsak dira: metala besterik ez, ikur txikiren batekin”. Baskoien lurraldean egin zuten txanponik: “Bisigodoek txanpon bakarren bat egin zuten Calahorran. Egun, Errioxa da, baina orduan baskoien lurraldean zegoen eta Kalakorikos/Calagurris zuen izena”.
Musulmanak penintsulan hedatu ahala “hasi ziren zabaltzen arabiarren txanponak. Epealdi horretan erreinu kristauek sortutako txanponak oso traketsak ziren eta, hala, kristauek musulmanen txanponak erabiltzen zituzten askotan. Musulmanek kultura handia zuten eta txanpon horiek kultura oso bat, inperio baten nagusitasuna, islatzen zuten. Horrek bermea ematen zien txanponei”. Garai hartan, euskal lurraldean, oro har, “Al-Andalusen egiten ziren txanponak erabiltzen ziren, dihrem eta dinarrak, Kordoban girgilatutakoak”. Era berean, “errege kristauek arabiarrez idatzitako txanponak ere egin zituzten”, batzuen zein besteen txanponak baliatzen baitzituzten kristau eta musulmanek. Hori bai, XI. mendean, epe labur batean izan bazen ere, txanponak egin ziren euskal lurraldean: “Tutera inguruan, bospasei urteko tartean, nolabaiteko txanpon arabiar-euskalduna girgilatu zen. Orduko agintari musulman batek lortu egin zuen, neurri batean, Kordoba eta Zaragozako agintarien menpetik askatzea eta, hala,Tuteran egin zituzten txanponak. Oso arraroak dira, eta oso gutxi daude”.
Loraldia
Alabaina, Erdi Aroko garai nahasi haietan loraldia ezagutu zuten euskal txanponek. Izan ere, IX. mendean Iruñeko Erresuma sortu zen eta, ondoren, menpeko lurraldeak hedatu eta egitura politiko-administratiboa sendotuz joan ahala, Nafarroako Erresuma bilakatu XI. mendean. Legorbururen hitzetan, “XI. mendekoa litzake agintari propioekin euskaldunok izandako lehen txanpona, Antso III.a Nagusiaren eskutik sorturikoa”. Eztabaida ugari sortzen du txanpon horrek, aditu batzuen ustez ez baita berea, ehun urte berriagoa baizik. “Baina irakurri dudanarengatik, nik esango nuke berea dela”. Zilar eta kobrez eginiko txanpona da, eta inguruko erresumetako txanponen antzeko itxura du: “Trakeski egindako aurpegi bat du aurkian, eta iruntzian, aldiz, gurutze txiki batez gainditutako zuhaitza, erresuma kristaua dela adierazteko. Izkribu gisa, batzuetan Navara ageri da eta beste batzuetan Naiara (egungo Najera, Errioxan). Horrek adierazten du Iruñeko erresumako erregearen bizitokia zela herri hura”. Era berean, “batzuetan, zuhaitz itxurako bat ere agertzen da iruntzian, baina ez dakigu zer sinbolizatzen duen. Pirinio inguruko txanpon askok daramate zuhaitz hori”. Txanpon horiek hainbat lekutan girgilatu zituzten: “Nafarroan bost bat diru-ola izan zirela badakigu. Nagusia Iruñean egongo zen, baina baita Tuteran, Elon...”.
Gerrateak, konkistak, dinastia aldaketak, ezkontza bidezko beste zenbait lurralderen jabetzeak... garai egonkor eta nahasiak tartekatu zituen Nafarroako Erresumak 1512an konkistatua izan zen arte. Garai horien isla izango dira txanponak. Esaterako, Gaztelak 1200. urtean Nafarroako Erresumari Bizkaiaren zati bat, Araba eta Gipuzkoa konkistatu izana ederki azaltzen dute txanponek. Izan ere, ordutik aurrera, Gaztelan (Burgos, Toledo, Leon...) egindako txanponak erabili zituzten euskal lurralde horietan eta ez Nafarroan girgilatutakoak.
1512an, Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatzean, oraindik ere estatu independente gisa, txanponak egiteari eutsi zion eta berezko ikurrak XIX. mendera arte mantendu ziren txanponetan. Izan ere, Nafarroan txanpondu nahi izanez gero, bertako ikurrei eutsi behar zieten Gaztelako erregeek. Hots, bai Nafarroako armarria, bai erregearen Nafarroako ordinala ere. “Aurrerantzean, Gaztelako errege batzuk saiatu ziren Gaztelako euren ordinala ipintzen Nafarroan girgilatutako txanponetan, baina Nafarroako Gorteek ez zieten utzi eta txanpon guztietan Nafarroari dagozkion ordinalak ipini behar izan zituzten”. Adibidez, Gaztelako Felipe III.a, Felipe V.a Nafarroakoa izan zen Nafarroan egindako txanponetan. “Horrek erakusten du konkista militarki gauzatu zela, baina errealitatean erresuma independentea zela. Txanpon berbera Gaztelan eta Iruñean eginez gero, lehenak Gaztela eta Leongo armarria izango zuen, eta bigarrenak, berriz, Nafarroakoa, nahiz eta bi lekuetan balio bera izan”. Egoera horrek “erantzun zaileko eztabaida argia” sortzen duela deritzo Legorburuk: “1512tik aurrera Nafarroa independentea da ala ez? Bada erresuma independentea, baina errege propiorik gabea. Erregea beste bat izango da, atzerritar bat, nafarren lurraldea militarki konkistatu duena. Baina nafarrek berezko zenbait arau gordeko dituzte, berezko gorte eta batzarrak...”.
Berezkotasunen galera
Fernando Katolikoaren garaitik Iruñean txanponak egiten jarraitu zuten XIX. mendera arte, beti ere Nafarroako Erresumari erreferentzia eginez. Alabaina, hori XIX. mendean amaitu zen, I. Karlistada bukatzean (1839)  eta Espainian Konstituzio zentralistak indarrean jartzearekin batera (1812-1837 epealdian). “Hor desagertu ziren Nafarroako Erresumaren erreferentzia guztiak. Nolanahi ere, txanponetan Espainia zatikatua agertzen zen oraindik. Orduko erregina, Gaztelako Isabel II.a, 'Reina de las Españas' moduan agertuko da txanpon guztietan. Eta txanponak dokumentu ofizialak dira”.
Orduan amaitu zen euskaldunon txanponen historia, hein handi batean. Halere, XXI. mendera bitartean bi salbuespen nabarmentzen ditu Legorburuk. Lehena, azken Karlistadakoa (1872-1876). Karlos VII.a karlisten buruak zilarrezko eta kobrezko txanponak egin zituen. “Zilarrezkoak Oñatin egin zituen eta kobrezko txanponak Bruselan, baina hemen erabiltzeko”. Nafarroako Erresuma aintzat hartu zuten azken txanponak izan ziren horiek.
Bigarren salbuespena Gerra Zibilean gertatu zen. Gerra bete-betean zela eskuratu zuen Euskadik autonomia estatutua, frankistek lurraldea inguratua zutenean. Eusko Jaurlaritzak Bizkaia besterik ez zuen kontrolatzen, baita Gipuzkoako zati txiki bat ere. Horrenbestez, “de facto, mikro-estatu moduan funtzionatu beharrean zen Jaurlaritza. Hala, billeteak, txanponak eta zigiluak egiteko agindu zuen Agirre lehendakariak. 'Banco de España - Bilbao' idatzia zuten billeteak atera zituzten, eta pezeta bateko eta biko txanponak”. Jakina, frankistek Bilbo hartzearekin batera galdu zuten balioa.
Haatik, beste txanpon pare bat aipatzen du Legorburuk, nahiz eta haien balio sinbolikoa bestelakoa izan: “Euroa indarrean sartu baino lehentxeago, txanponak egin zituzten Espainiako autonomia erkidego bakoitzaren ikurrekin. Hala, bada 25 pezetako txanpon bat Haizearen Orraziaren eta Oñatiko Unibertsitatearen irudiekin, 'Pais Vasco' izenpean; eta beste bat, Nafarroari dagokiona, Oliteko gazteluaren eta San Ferminen irudi banarekin. Ez dira Euskal Herrian egindakoak”.
Txanpon horiekin amaitzen da euskal txanponen historia. Dena dela, Legorburuk dioenez, “argi bat badago tunelaren amaieran: tokian tokiko monetak”. Hots, Iparraldean iaz sorturiko euskoa eta berriki Bilbon eta Aiaraldean sorturiko ekhia eta ogerlekoa, hurrenez hurren. “Nik balio handia ematen diet. Jakina, makroekonomiak euroarekin, dolarrarekin eta antzeko txanpon indartsuekin jarraituko du funtzionatzen. Baina jendeak ez du hori nahi. Eta gure artean halako monetekin konpontzen bagara, askoz ere hobeto funtzionatuko dugu”.

txanpon

 

Iparraldeko txanponak

1512an Fernando Katolikoak Nafarroako Erresuma konkistatu zuenean, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea bereganatu zituen. Alabaina, haren biloba Karlos I.ak Frantziako erregeari laga zion Iparraldeko lurraldea, estrategikoki interes gutxi zuelako eta militarki eusteko zaila zelako. Frantziako erregeak, baina, erbestean ziren Nafarroako erregeei itzuli zizkien berreskuratutako lurrak. Ondorioz, hurrengo mendeetan ere bere txanponak girgilatu zituen Nafarroa Behereak. Nafarroako Enrike III.a erregea 1589an Frantziako errege (Enrike IV.a izenarekin) bilakatu zenetik, Nafarroa Beherean egindako txanponetan beti agertu ziren Nafarroako eta Frantziako ikurrak. Pixkanaka, “Iparraldean zegoen Nafarroako Erresuma independente hori Frantziaren zati bilakatu zen ia-ia”, eta bi erresumak XVIII. mendearen amaieran desagertu ziren, Frantziako Iraultzarekin. Haiekin batera, Nafarroako Erresumaren ikur oro. Frantziako Erresumaren baitakoa zen  Baionan ere egin ziren txanponak mende horietan guztietan eta haietan ere agertzen ziren Nafarroako ikurrak, txanpon frantsesak izan arren. Izan ere, errege frantsesek, Nafarroako errege ere bazirenez, bi erresumetako ikurrak girgilatzen zituzten euren txanponetan.