E-rakurleak, liburu digitalen irakurketa taldea

erakurleak

Teknologia berrien hedapena eta horiek irakurketaren eta liburutegien alorrean eragiten ari diren aldaketak aintzat hartuta, liburu digitalen irakurketa taldea abiarazi dute Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak elkarlanean. E-rakurleak du izena ekimenak eta urtarriletik ekainera burutuko dute Goiatz Labandibar idazlearen gidaritzapean. Ohiko irakurle elkarteen antzera, parte-hartzaileek euskaraz idatzitako edukiak landuko dituzte. Hori bai, edukiok digitalak izango dira eta sare sozialen bidez jorratuko dituzte. Zehazki, erakurleak.wordpress.com bloga eta @erakurleak Twitter kontuak baliatuko dituzte. Gainera, Donostiako Liburutegi Nagusiak 10 ipad erabil­tzeko aukera ere eskainiko die taldeko irakurleei. Urtarrilean hasi zuten egitasmoa, Uxue Alberdiren Euli-giro liburuko bi narraziorekin. Otsailean, Iñigo Aranbarriren Apirila aztertuko dute; apirilean, Ione Gorostarzuren Des-egiten; maiatzean, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako; eta ekainean, azkenik, Patxi Gallegoren Pololoak I. Poxpolinen lurrina. Saio guztiak digitalak izango diren arren, bi aurrez aurreko ere aurreikusi dituzte. Lehena urtarrilean egin zuten, ekimenaren aurkezpenarekin batera; bigarrena ekainaren 15ean izango da, egitasmo hasi berriaren amaieran, hain juxtu.


GAILU MUGIKORREN bidez euskara modu atseginean lantzeko bi aplikazio berri aurki daitezke sarean. Batetik, Gesmae informatika enpresak sorturiko Esamoldeapp, euskal esamoldeak lantzeko aplikazioa. Mota ezberdinetako ariketez gain (hutsuneak bete, erantzun zuzena aukeratu...), teoria lantzeko aukera ere eskaintzen du Esamoldeappek. Ekintech enpresak, aldiz, Argazkiapp izenekoa sortu du. Kasu honetan, jolasaren bitartez lan daiteke euskara: lau iruditan agertzen den elementu komuna asmatu behar du erabiltzaileak, horretarako norberaren zorroztasunaz eta aplikazioak eskaintzen dituen aukerez lagunduta. Euskara ikasten ari direnak kontuan hartuta, hiru maila ditu aplikazioak. Argazkiapp android eta iphone motako sakelakoetan erabili daiteke, baita ordenagailuetan ere, Chrome nabigatzailearekin. Esamoldeapp, aldiz, sakelakoetan. Bata zein bestea doakoak dira, eta Google Play eta App Storen eskura daitezke, baita euskalapps.net-en ere.


LABURREAN

MARTXOAREN 19a hurbildu ahala, 19. Korrika ari da gorputza hartzen pixkanaka-pixkanaka. Hala, dagoeneko ezagut daitezke ibilbidearen xehetasun guztiak Korrikaren gunean, ibilbide osoa eskuragarri eta jaisteko moduan paratu baitute. Igaroko dituen herri eta auzoak, ordutegiak... Informazio oro www.korrika.eus gunean topa daiteke. Halakoak eta beste hainbat kontu jasotzen ditu, halaber, Korrikaren aplikazioak. Korrika Kulturalaren agenda, lasterketa martxan denean unean uneko lekuko eramailea nor den jakiteko aukera, argazki lehiaketa batean parte hartzeko parada... Urtarrilean aurkeztu zuten aplikazioa, baina azken uneko aldaketa batzuk tarteko, ondo bidean, otsaileko lehen astean izango da eskuragarri Google Play eta App Storen.


hitzapasaKORRIKA gogoan, Maite Goñi irakasle eta Euskaljakintza egitasmoaren sustatzaileak Hitzapasa jolasaren egokitzapen berezia prestatu du, Korrikari buruzkoa, hain juxtu. Hots, Hitzapasa jolasaren ohiko dinamikari eusten dio, baina Korrika ardatz duela. Horrenbestez, alfabetoko hizki bakoitzari dagokion hitza asmatu behar dute erabiltzaileek, erantzunak Korrikarekin zerikusia duela ahaztu barik. http://euskaljakin­tza.com/hitzapasa/ helbidean topa daiteke.