Adimen artifizialaren mugak

Adimen artifiziala. Inguruko baldintzak aztertuta eta haietan oinarrituta, erabaki aldakorrak eta konplexuak har ditzaketen makinak. Haien kabuz 'pentsatu' ahal dutenak, labur esateko. Zientzia fikziozko kontua dirudi, baina gero eta hurbilago dago. Googlek iragarri duenez, adibidez, 2020rako izango ditugu kalean lehen auto adimentsuak, gidaririk gabe ibiliko direnak. Nazio Batuetako ordezkariek, bestetik, eskaera egin dute arma adimentsuen garapena gelditzeko. Pentsa: une honetan, badira munduan misilak eta irismen handiko armak, jomugak beraien kabuz aukeratu eta sarraskitzeko ahalmena dutenak, gizakiaren inolako esku hartzerik gabe.
Hamarkada batzuk falta dira oraindik erabakitzeko ahalmen osoaren eta bere buruaren jabe ere izango den lehen ordenagailua sortzeko, baina... zer gertatuko da orduan? Irits liteke une bat non makinak gizakiok baino adimen­tsuagoak izango diren? Zien­tzia fikzioa gogoko baduzue, istorio bat baino gehiago irakurri edo ikusi duzue galdera horren gainean. Makina adimentsuek erabaki lezakete gizakiok kaltegarriak garela planetaren
-eta beraien- biziraupenerako, edo aldarrikatu ez dutela guretzat lan egin nahi...
Puntu horretara iritsi gabe ere, gaiak zeresana piztu du komunitate zientifikoan. Auto adimentsua autopistatik doa eta istripua izan du. Zeren arabera erabakiko du jotako auto horren barruan doazen lagunak ala parean datorren ibilgailukoak salbatu? Makinari utzi behar diogu nor salbatuko den erabaki­tzen?
Mundu osoko zientzialariak gutun ireki bat sinatzen ari dira urtarrilaz geroztik, gai honi behar bezalako garran­tzia eman dakion eskatzeko. Stephen Hawking fisikoak berak ere sinatu du. Bere hitzetan, “adimen artifizialaren epe laburreko eragina haren kontrola duenaren araberakoa izango da; epe luzera, berriz, kontua izango da kontrolatu ahal den ala ez”.
Gai potoloa da, gero! Orain arte, zibilizazioaren garapena gizakion adimenaren araberakoa izan da... baina adimen artifiziala gurea baino azkarrago garatuz gero, zer lekutan geratuko ginateke gizakiok? Oztopo izatera ere irits gintezke!
Skynet esnatzen denean, espero dezagun umore onez jaikitzea!

Loturak, estekak, linkak...

http://eu.wikipedia.org/wiki/The_Terminator
Ez dakizuela zer den Skynet? Terminator filma ikusi beharko duzue, bada :-)

http://futureoflife.org/misc/open_letter (ingelesez)
Mundu osoko adituak sinatzen ari diren gutuna. Zer eragin izango du adimen artifizialak ekonomian? Zer ondorio legal eta etiko? Nola ziurtatu haren kontrola? Ez dira galdera errazak.

http://www.teknopata.eus/2014/09/legeak-eta-blokeoak/
Isaac Asimovek errobotikaren hiru legeak asmatu zituen ziurtatzeko errobotek ez dutela inoiz gizakirik kaltetuko, baina egiten ari diren esperimentuetan ez omen dabiltza oso fin...

Joxe Rojas