Sabela

paia

Hasieran, "epitafioa" izenburua jartzeko tentazioa izan dut, hauxe baituzu, aizu, txoko honetatik zuzenduko natzaizun azken aldia. Bururatu bai, baina paperera ekarri gabeko ideien zerrenda egitekotan ninduzun, agian lekukoa hartuko didanari herentzian “zalantzondo” kargatua utzi nahian. Zintzo eta jator hasi naiz bi urteotan idatzi ditudan testutxoak begiztatzen; “hau da ene ondasun guztia” pentsatu dut nire artean, hastapenetan jarritako helburuak betetzat jota... Hala ere, testu bakoitzaren matazatik jarraibide izan litezkeen hariak irun ditut pixkanaka, bururatutako guztiak multzo bakarrean astalkatu nahian. Halako batean, antzeman dut idazki guztien metan faltan sumatu dudana: sabela. Ikusi ditut garunaren jarioa, mingain zorrotza, begirada zuhurra, ezkerreko eskua, hatz erakuslea... baina sabelik ez! Nire kasuan, miopia baino kontu larriagoa iruditu zait sabelaz ahaztea, urrutitik erraz ikusteko moduko aberea izanik. Tamalez, halakoxea izaten naiz: gatza eta ura bereizten saiatzen naiz itsasoan, eta zazpi barako atorran sartzea da hori. Izan ere, euskararen eta kulturaren gogoeta arrazionala egiten ahalegindu naiz, euskaltzale eta kulturgileen alde gizatiarra ahantzirik. Bihozgabea ez naiz, ukaezina iruditzen baitzait bihotza behar dela hasitako lanari pasioz eusteko (edo akaso burugogorkeria...). Gauza da azken aldagai bat sartu nahiko nukeela testuen ekuazioan: sabela, hau da, emozioen gorua. Azken batean, euskaraz mintzatzeko zein kultura sortzeko, gizakiari aringarri, lasaigarri edo gozagarri gertatu behar zaio prozesua... hiztun berriak hiztun oso sentitu nahi du, idazleak barrua asaskatu, dantzariak libre sentitu... Dei iezaiozue kitzika, grina, anbizioa, tximeletak, harrotasuna, gogoa, gozamena, asaskatzea, autoerrealizazioa... Sentimenduek mugitzen gaituzte. Bada, hauexek dituzu nire azken hitzak: zernahi jardunetan zabiltzala, ez ezazu sekula ahaztu buruak ulertu ezin dezakeen hori sabelak azal dezakeela gehienetan.  

Xabi Paia