“Hobeto edo okerrago idazteak ez dio inoren iritziari balio erantsirik ematen”

urretabizkaia

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) aspaldi hasi zen idazten, eta laster egin zen ezagun, Zergatik panpox nobelari esker (1979). Azken eleberria, 3 Mariak, duela hiru urte kaleratu zuen. Bien bitartean, hainbat narrazio eta poesia liburu argitaratu ditu, baina kazetaritza izan du ogibide nagusi, azkenaldian tertulia saioetan eta artikuluak idazten batez ere. Dena den, literatura ez du utzia, liburu berri bat prestatzen baitabil, urte amaieran-edo argitaratzeko. Kafkaren aulkia ikuskizunean ere partaide izan da. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Idazkaritza eta erizaintza ikasi, Historian lizentziatu eta azkenean idazle eta kazetari jardun. Gaztetan ez zenuen argi zer izan nahi zenuen?
Ez zen hori, baizik eta gure familian lan egin beharra zegoela. Ezin genuen ikasten jarraitu, batez ere neskok, lanean hasi behar genuen. Zortzi urtez ibili nintzen erizain Donostiako ospitalean, eta lanean ari nintzen bitartean aurkitu nuen nire bidea, orduan ikasi nuen Historia ere. Askotan pentsatu izan dut gustura jardungo nukeela bolada batez ikasten bakarrik, erabat zahartu baino lehen, ez baitakit zer den hori. Baina tira, oraindik ez zait momentua heldu, ez dut erretiroa hartzeko asmorik.
Zinema ere ukitu duzu, elkarlanean hainbat gidoi idatziz...
Bai, baina gutxi. Nire belaunaldiko jendeak zorte handia izan du, momentu zehatz batean euskaldun hiritar eta alfabetatua izateak aukera piloa ematen zuelako, nahi zenuena izan zintezkeen: bikoiztaile, aktore, irakasle, kazetari... premia handia zegoen. Zinema bila etorri zitzaidan eta ahalegin txiki bat egin nuen, baina ez zitzaidan mundu hura gustatu. Oso aldrebesa da, eta etxean badaukagu horretan jarduten duen bat. Pentsatu nuen batekin nahikoa zela eta nahiago nuela literatura zinema baino.
Halere, Zergatik panpox nobelarekin filma egin zen...
Bai, eta neuri eskaini zidaten zuzentzea, baina ezetz esan nuen, ez nuen ofizio berririk ikasi nahi. Gidoiaren egokitzapenean ere ez nuen parte hartu, aurretik neukan esperientziak erakutsi zidalako zuzendariak nahi duena egiten duela gidoigilearen lanarekin. Ez nuen ezer jakin nahi izan filmari buruz estreinatu arte, baina ez nuen guztiz lortu, senarrak (Xabier Elorriaga) zuzendu zuelako. Tarteka galderaren bat egiten zidan, baina ez nuen sartu nahi izan. Hori bai, plano batean azal nendin eskatu nion, Hitchcockek egiten zuen bezala: erizain jantzita agertu nintzen bi esaldi esaten.
Kafkaren aulkia ikuskizuneko partaide izan zara, musikari eta bertsolariekin...
Bai, ezin nuen ezetzik esan. Izan ere, hurrengo berraragiztatzerako aurreikusita dauzkadan gauzen artean, bat bertsolari izatea da. Oso bertsozalea naiz, Txapelketa Nagusia gertutik jarraitu dut. Gainera, erabateko askatasuna eman ziguten testua aukeratzeko: norberarena, beste idazle batena, kontakizun bat, pasarte solteak... Ez nuen astirik izan propio zerbait idazteko eta idazten ari naizen liburuaren zati bat aukeratu nuen.
Nolako esperientzia izan zen?
Literatur testu bat jendaurrean irakurtzea oraindik ez zait eroso. Ohitu naiz zertxobait eta egin egiten dut, leku askotan eskatzen dutelako, baina ez zait gustatzen. Kazetaritzan ez zait axola, arlo horretan nork berarengandik kanpo dagoena kontatzen duelako, baina literatura barruan duzuna kontatzea da. Ez zait gustatzen inork nik idatzitakoa aurrean nagoela irakurtzea. Literatura bakarkako lana da eta gustura sentitzen naiz horretan.
Euskaltzain urgazlea zara. Azkenaldian Euskaltzaindiak eman du zeresanik...
Bai, ez dakit zer ari den gertatzen, ez dut ulertzen, eta ez da ahalegindu ez naizelako. Kontua kalera atera dute eta orain benetako azalpen bat zor digute, hor dagoen auzia zein den uler dezagun, ez baita berria. Ahalegindu naiz galdetzen, zorrotz galdetzen, gainera, kazetari gisa... baina ez digute ezer argitzen. Gu hor sartu ginenean, batzuek hizkuntzaren bidea hartu zuten eta horretan ibili dira: Sarasola, Kintana... Saizarbitoria eta biok, adibidez, ez. Nik ez daukat gaitasunik hizkuntzaz hausnartzeko, baina agintzen didatena betetzeko prest nago eta horretan ahalegintzen naiz. Bestalde, miresten dut Euskaltzaindia, euskararen barruan iraultza gertatu arren, ikaragarri diziplinatuak izan garelako. Real Academia de la Lengua Española delakoan azentu marka bat aldatzeagatik sortzen diren eztabaidak ikusita, harrituta geratzen naiz. Guk askoz ere gehiago aldatzen dugu egunero! Eta, halere, Euskaltzaindiaren atzean lerratzen gara, Euskaltzaindiak lortu du autoritate hori. Batzuek eztabaidatzen dute hitzen bat edo beste, baina gehienok markatutako bidea jarraitzen dugu.
Euskaltzaindiaren arauek amesgaiztoak eragiten dizkiete euskara ikasleei...
Dagoeneko hizkuntza nahiko finkatua dago, baina azken 40 urteko kontua da. Beste hizkuntza batzuek mendeetan egin dutena guk 40 urtean egin dugu!
18. Korrikan aitortu zenuen euskara ikasten ari direnek meritu handia dutela.
Izugarria! Nik ez dakit lan hori hartzeko adorea izango nukeen euskaldun zaharra izan ez banintz. Baditut ikasi arren oraindik erabat ondo egiten ez duten lagunak, baina ez diet inoiz zuzenketarik egiten. Galdetzen badidate, laguntzen diet, baina ez naiz mundu honetara gainerakoak epaitzera etorri, ezta hizkuntza kontuetan ere. Meritu ikaragarria dute, eta idazle izatera iritsi direnek, zer esanik ez! Gabriel Aresti, Mariasun Landa...
Euskara ikastea merezi du, besteak beste, euskal literaturaz gozatzeko?
Bai, baina zaletasun hori eduki egin behar da. Irakaslearen eginbeharra da esperientzia traumatikorik ez sortzea ikaslea zerbait irakurtzera derrigortzeagatik, euskaraz zein erdaraz.
Zer aurrera dezakezu prestatzen ari zaren liburuaz?
Bolada batez fikziotik ihes egin nahi nuen, baina ez dut saiakera egiteko balio. Gaztea nintzenean, fantasia bat neukan: zerbaiti buruz, edozertaz, beste inork baino gehiago jakitea. Halere, juxtu kontrakoa bilakatu naiz: edozein gairi buruz orrialde bat idazteko gauza naiz, baina hamar  behar badira, arazoak dauzkat. Galderara itzulita, esan bezala fikzioa alde batera utzi nahi nuen, baina, aldi berean, benetako gauzak kontatu nahi nituen. Eta bidea aurkitu dut. Ez dut nire bizitza kontatuko, ez dut gogorik, baina bai zer-nolako bizimodua genuen duela 60 bat urte nirea bezalako familia batean, hau da, nola bizi zen familia xume, euskaldun, euskaltzale, kristau... bat. Izenburua, ziur aski, Haurtzaro baten argazkiak izango da. Garai hartako kontuak, fikziorik gabe: janaria, arropa, eliza, neska-mutilak...
Noiz espero duzu argitaratzea?
Argitaletxeak esan beharko du, baina nik idazketari ematen diodan denbora mugatua da. Kazetaritzak bere denbora eskatzen du, eta orain bi aldiz lan gehiago egin behar da duela  sei urte irabazitakoaren erdia irabazteko. Gainera, etxea daukat, landareak... Ez dakit, agian hurrengo Azokarako, argitaletxeek dena Durangorako nahi izaten baitute.
Gauza askori buruz gutxi jakitea tertulia saioen ondorio izan liteke?
Bai, baina kosta egin zitzaidan erregistro hori harrapatzea, ordura arte bi baino ez nituelako: kanpoan gertatzen dena kontatu, hots, kazetaritza, eta neure barruko istorioak kontatu. Iritzia ematearen erdibidea kosta egin zitzaidan. Gainera, hobeto edo okerrago idazteak ez dio inoren iritziari balio erantsirik ematen. Oso ona izan zaitezke ipuinak idazten, eta aldameneko etxekoandrea bezain egokia iritziak ematen. Hala ere, 30 urte baino gehiago daramat freelance eta momentu honetan hori eskatzen du merkatuak.
Oso noizbehinka argitaratzen dituzu liburuak. Poliki idazten duzu ala asko botatzen duzu paperontzira?
Nik lehenengo idatzi egiten dut eta gero kendu, kendu eta kendu. Gehitu, gutxitan. Lagun idazle bati behin esan nion laburrera jotzeko ohitura txarra nuela eta berak erantzun zidan hori ez zela ohitura txarra, estiloa baizik. Eskertu nion, jakina, estilo hitza dotoreagoa delako. Ez naiz perfekzionista, ezertan ere ez, baina astean bi goiz hartzen ditut idazteko eta goiz oso batean baleko bi folio ateratzen baditut, izugarri pozten naiz. Handiuste samarra da, baina meatze batean aurkitutako harri koskorraren irudia erabiltzen dut, hori diamante bilakatzeko kendu eta kendu egin behar delako.
Zergatik ez dituzu zure liburuak zeuk itzuli?
Itzulpengintza ofizioa delako. Hizkuntza bat ezagutzeak ez du itzultzeko gaitasunik ematen. Nik errespetatzen dut, baina Atxagak, adibidez, ez ditu bere liburuak itzultzen, egokitu egiten ditu. Zilegi da, baina nik ez dut neure burua horretan ikusten. Ez naiz itzultzailea, duela urte mordo bat itzulpen batzuk egin izan arren. Eta gainera, behin liburua kalean dagoenean, ez dut berriro irakurtzen, ez dut bertan sartu nahi, ez zait gustatzen.
Euskal idazle gazte asko sortu dira azken urteotan. Zer duzu haiei irakasteko?
Ezer ez, baina esango nieke ez etsitzeko. Izan ere, gazteak beti egon baitira, gu gazteak ginenean ere asko hasi ginen idazten, baina zenbatek jarraitzen du nire adinean? Eta neskentzat are zailagoa da: lana, etxea... Ez da denbora asko neure buruari aitortu diodala inguruan ditudanak gustura zaintzen ditudala, baina horrek denbora eskatzen du. Gainera, idazteko zaletasuna baduzu... Horrek ere denbora asko eskatzen du eta normalean ez du bizitzeko dirurik ematen. Halere, jarrai dezatela!
Nolako etorkizuna ikusten duzu?
Orain bezain ondo ez gara sekula santan egon. Hemendik aurrera gora egitea, azken 20 urtean egin dugun abiadan, zaila da. Iban Zalduak dio literatura normala bilakatu garela. Nik ez dut uste oraindik iritsi garenik, baina bide horretan gabiltza. Hau urrezko aroa da euskal literaturarentzat, baina zer dator urrezko aroaren ondoren?
Zergatik eskatu zenuen, beste hainbat eragilerekin batera, Donostiako liburutegiari Txillardegi izena jartzeko?
Koldo Izagirreren bitartez proposatu zidatenean, ondo iruditu zitzaidan, Txillardegiren zeregin literarioari, eta ez beste ezeri, erreparatu niolako. Txillardegik eta Saizarbitoriak ate zabal bat ireki zuten gure literaturan. Adibidez, amak ez diren lehenengo emakume protagonistak bi idazle horienak dira. Txillardegiren Elsa Schelen liburuko protagonista ez da gizonek irudikatzen duten ama hori. Kezka filosofikoak, politikoak, erlijiosoak... ditu, pertsona bat da. Nik beti eskertuko diot hori Txillardegiri. Ondoren ikusi nuen liburutegiaren izenarekin zer-nolako zalaparta sortu zen. Beharbada, ez nuen angelua nahikoa zabaldu eta ez nuen gogoan izan ETAren sortzailea izan zela, ez nuen hori pentsatu. Baina nik ez dut aintzat hartzen idazle baten jarrera politikoa, kolore guztietako idazleak defendatu izan ditut, baldin eta beraien lana interesgarria iruditu bazait. Bizitza pertsonala ez zait axola, lan zehatz bat defendatzen dut. Ez nuen pentsatu hautsak harrotuko zirenik, baina ez naiz damutzen.
Eta pentsatu izan bazenu, sinatuko zenuen?
Ez dakit... (isilune luzea). Iritzia aldatzea gustatzen zait, ez dut beti gauza bera pentsatu nahi. Zerbaitetan oker nagoela jakiteak ez dit minik ematen, okerra zuzentzeko poza baizik. Zer gertatuko zen jakinda ere, ziur asko sinatu egingo nukeen. Txillardegi garrantzi handiko idazlea da gure literaturaren historian.