Zinema

beet‘Beetlejuice’ filmaren bigarren zatia zuzenduko du Tim Burtonek

Mamuei bizidunak uxatzen laguntzen dien Beetlejuice bio-exorzista arlote eta iskanbilazalea aurki itzuliko da pantaila handira. Lehen filma, Beetlejuice (1988), egin eta ia hogeita hamar urtera, bigarren zatia egingo duela jakinarazi du Tim Burtonek. Oraingo honetan ere, Michael Keatonek gorpuztuko du Beetlejuice alproja, marmarti, zoro eta lotsagabea. Halaber, jatorrizko aktore multzotik, Winona Ryderrek ere hartuko du parte bigarren zatian. 1988an estreinatu zutenean, sekulako arrakasta izan zuen Burtonen filmak. Komedia eta mamuen istorioak uztartzen zituen pelikulak, umore beltzez ongi zipriztinduta. Bigarren zatiak, jakina, aintzat hartuko du ordutik igarotako denbora. Hau da, lehen filmeko gertakizunetatik ia 30 urtera, protagonista nagusien bizipen eta pasadizoak kontatuko ditu. Oraindik ez dituzte grabazio datak zehaztu, hortaz, zertxobait itxaron beharko dute Beetlejuicen zaleek film berriaz gozatzeko.