Ozeanoak

plastikMunduko itsasoetan, 270.000 tona plastiko inguru dabiltza ur gainean

5 Gyres Institute erakundearen arabera, munduko ozeanoetako plastikoa jasoz gero 10.000 kamioitik gora beteko lirateke. Plastikoak eragindako kutsadura borrokatzea du xede 5 Gyres Institutek, eta munduko itsasoetan egon daitekeen kopurua neurtzen saiatu dira. Emaitza, aipaturikoa: 5,25 bilioi plastiko puska aurki daitezke munduko itsasoetan, 268.940 tona inguruko pisuarekin. Kalkulua egiteko, kalkulu eredu bat sortu dute ikerlariek. Eredu horretan, hainbat aldagai hartu dituzte kontuan, hala nola, itsas eta haize korronteak, munduko plastiko ekoizpena, plastikoek degradatzeko behar duten denbora… Ondoren, 2007tik mundu osoko itsasoetako 1.570 lekutan jasotako datuak gehitu dizkiote ereduari, eta arestian aipaturiko emaitza lortu. Era berean, bestelako datuak ere ezagutarazi dituzte. Esaterako, uste zenaren kontra, milimetro bat baino txikiagoak diren plastiko zatiak ez direla ugarienak. Ikerketaren arabera, plastiko zati handiagoak gehiago dira itsasoan. Nolanahi ere, itsasoetako plastiko kopurua neurtzeko ikerketen gainean zalantzak ugariak izan ohi dira. Ikerketa gehiago egin izan dira, eta emaitza arrunt ezberdinak eman dituzte. Datuak datu, gauza bakarra da jakina: gizakiak sorturiko plastikoek neurrigabeko kutsadura eragiten dute itsasoan.