Futbola

golBelatz Begiak zainduko ditu Alemaniako futbol ligako partidak

Datorren denboralditik aurrera, polemikak saihesteko teknologia lagun izango dute Bundesligan, Alemaniako futbol txapelketan. Baloiak gol marra gainditu ote duen argi ez dagoenean, Hawk-Eye (Belatz Begia) izeneko sistema erabiliko dute. Baloiaren kokapen zehatza erakusteko, abiadura handiko kamerak eta programa informatikoak uztartzen ditu sistema horrek. Hala, zalantzazko jokaldia gertatuz gero, irudiei begiratzea besterik ez da behar benetan gertaturikoa ikusteko. Bada, 2015/2016 denboraldian, Alemanian ere baliatuko dute, hala erabaki dutelako Bundesligako talde gehienek. Iazko martxoan ere aztertu zuten gaia, baina orduko hartan ezezkoak irabazi zuen. Talde askoren ustez, teknologia mota hori ezarĀ­tzea garestiegia zen. Oraingoan, ordea, baiezkoak irabazi du. Besteak beste, sistemaren kostua merkatu egin delako. Bundesliga ez da Belatz Begia darabilen lehen txapelketa. Premier League delakoan, Ingalaterrako futbol maila nagusian, 2013/2014 denboraldian hasi ziren teknologia hori erabiltzen. Nazioarteko zenbait txapelketatan ere erabili izan da, eta beste zenbait kiroletan aski erroturik dago. Esaterako, tenisean.